LEHENENGO TESTU BASKOIAZ

Lehenengo testu baskoia, Nafarroako Andelos urizarrekoa (-2.500 urte)

Andelosko hiri zaharra, erromatar goiztiarren garaikoa, orain aztarnategi famatua dena nazioarte mailan, egungo Mendigorria hiri goienean datza (Puente la Reina parean iparrera eginda (Naf.).

Loraune (jardin) bat irudikatzen duen mosaiko baten gainean idatzita dago, euskaldun batek idatzita letra iberikoz; eta honela dio: “likine abuloraune ekien bilbiliars”.

Testu honi buruz ere hamaika buelta eman diote hizkuntzalari askok, eta baita, Irulegiko ESKU-ren gaineko testuan gertatzen den bezala, ulertu ez dutenek “zalantzagarritzat” jo dute, inolako zalantzarik ez dagoen lekuan. Báda geró mania edo amarrua!

Lehenik, kontutan hartzekoa da, Andelos hiri-goieneko euskaldun haiek ere eleaniztunak zirela, ze, euskeraz gain, iberiera eta latina ere bazekiten gutxienez. Montor hara bagoaz, lehenbizi ikusiko duguna zera da: hango lehen geruza hiri erromatar txit modernoa zela, kale urbanizatu eta bainu termalekin, luxuzko etxe-lekuekin, uren kanalizazioarekin (ur-depositua ere hantxe goienean zeukaten kilometro batera-edo…); hortaz hiri garrantzitsua eta estrategikoa zan, bailara osoa begi-bistaz menderatzen zuen tontor-gunea.

Testuaren interpretazioari dagokionez, euskera arkaikoan idatzita dago. Ikus dezagun.

Likine abuloraune ekien bilbiliars

Azken berba honek Bilbiliars dena-delakoari egiten dio erreferentzia, Calatayud hirikoa dela informatuz, hori baita Bilbilis, hiri honen antzinako izena, ia-ia Bilbaoren antzekoa.

Hurrengo berba deigarriena abuloraune da. Zer da hori? R.M. Azkueren Hiztegi ederrera jotzen badugu, abu erroaren esanguratariko bat dela diosku: “mortero” (amasa). Beraz, amasazko loragune bat da: hots, jardin bat irudikatzen duen mosaikoa.

Lehenengo hitza likine da; bada zenbait hizkuntzalari hitz horretan nahastu edo “likatu” denik, –ne atzizkia femenino markatzak hartuz; baina ez da femenino-marka, baizik eta ofizio-marka (argine, egurgine, etb.).

Bestalde, euskaldun zahar garenok aski erraz ulertzen diagu likiñe eta likitsa zer den, Eliza katolikoak sexuari buruz predikatu baitu sarri-sarritan likiñe eta likitsaren errana. Ildo berean, lika, likiñe… lika egitera dedikatzen dena, halako likiniano bat dugu: hots, mosaiko hori egin duen bilbilistarra, izatez Calatayud hiriko mosaiko-egile profesional. Oraindik ere bada Txorierri Bizkaikoan “lika” erabili ohi dutenak kardantxoriak harrapatzeko, euron hankatxoak hinkatuta/finkatuta gelditzea eraginez, kola likits horren bidez.

Eta azkenez, inork gutxik interpretatu duena egokiro zera da: ekien aditza. Bai dela begien bistakoa “egin” aditzarekin zerikusia daukala, baina zer esan nahi du zehazki? Gehienek “egin” aditzaren iragan-alditzat jo dute eta kitto. Baina ez da hori ere, ikusiko dugunez; beste zenbaitek aditz “ergatiboa” dela iritzi diote, eta horrela “ergatiboa” aldi hartan existitzen zela ondorioztatu. Hori ere ezinezkoa, zeren ez baitzen existitzen oraindik ergatiborik, ez euskeraz, ezta iberieraz.

“Ekien” aditz hori antzinakoa da, “egin” aditz modernoaren aurrekaria: ekai-eiñ-en.

Eta honekin bukatzera goaz, asperdura lar ez eragitearren balizko irakurleengan.

Ekai erroak lehen materia erran nahi du, ekaia/gaia;

eta ekai-eiñ-en aditz aurrekari horrek, barriz, eginikoa, egindakoa, egiña adieraztera ematen digu.

Erraza da orduan gure esapide Andelosko horren esanahia: “likine bilbilistarrak eginiko lore-gune mosaikoa”. Argi datza “zalantzarik” gabe, baldin era testu hori latin kutsuko hitz-ordena horretaz (diéresia) askatuz gero.

Beraz, batetik, hor ez datza aditz ergatiborik, garai hartan ezinezkoa zena, hizkuntzalari ofiziozkoen arabera, zeren “ergatiboa” (subjektu aktiboa) V. edo VI. mendean sortu baitzen lehenaldiz; horregatik, Iruña-Veleian ere ez da ageri ergatiborik, nahiz eta horren ibili diren, hura faltsutzat jotzeko argumentu bila.

Amaitzeko, zenbait ondorio nabarmenduko nuke:

1.- Iruña Veleiatik hasita, kasu horretan ofizioko hizkuntzalariek maila eskasa erakutsi dute; zeren batetik, ez baitago inolako arrazoirik hura faltsutzat jotzeko: ez da ageri ergatiborik, eta “-a artikulua” deritzotena ez da existitzen, edota betidanik existitu da (-18.000 urtetik honantz). Auzi hau garrantzizkoa dugu, zeren “-a artikulu” hori jarri baita aitzakiatzat Veleiako aztarnategia barriro “lurperatzeko”; izan ere,  Veleiako teilatxoen gainean polita, Veleia, duinos… eta horrelako besteren bat idatzita ageri direnak ez baitira “-a artikulu” solte bat edota “ergatibo” bat, hurrenez hurren.

Veleia baino 200 urte lehenago ageri da Ibarra eta besteren bat Akitaniako esteletan, edota Veleia herri bat Italiako Toscanan. Beraz, Veleiako aztarnategian ageri den “polita” hitza adibidez, ez da hizkuntzalariok deritzoten “a-artikulu solte fantasma” bat, baizik desinentzia bat, -a itsasia edo organikoa deitatzen dena, kasu honetan -ita desinentzia ezaguna (chiquita, neskatxa…). Halako hainbat desinentzia-berbak dare euskeraz, berba itsatsi edo organiko delakoak, banaezinak betiere: era (modua, manera), -eria (taldea, gizateria, zaldieria), ara (lurraldea, Amara), -aria (fruituaria, madaria) amaiera dutenak, eta halako hainbat, banaezin direnak.

Bazekiat, jakin, Veleiako aztarnategia suntsitzea beste arrazoi batzuengatik izan dela (arrazoi politiko, erlijioso (Vaticanoa) eta ekonomiko/estrategikoengatik (UPV) izan dela…, baina hizkuntz hipotesia erratu hori jarri da aitzakiatzat, eta hori ezin du jasan EHak. Ezin beharko genuke jasan, daukagun altxor-ondare handiena izanik Iruña-Veleiakoa.

2.- Irulegiko ESKU gaineko testuaz ere gertatu den moduan, hizkuntzalarien arteko batak edo bestek ezin interpretatu izanak (euskal-iberieraz dagoelako) ez du erran nahi “zalantzagarria” dela. Ez da egoki, izan ere, ezagutzen ez dena ukatzea, kasu honetan, hartan eta Velaian gertatu den moduan. Hori, zalantzagarria ez dena “zalantzagarritzat” jotzea besterik gabe, ez da arrazoizkoa ez etikoa.

3.- Euskerak (euskaldunok), herri eta hizkuntza zapaldua garenez, ez dugu behar beste botere ekonomiko eta politikorik, baina bai, ordea, kultura-botere mardula; eta esango nuke azken hauxe izanen dela nazio gisa eutsi ahal izango diguna etorkizunean. Beraz, ez beza inork eragotzi botere hori, “aitzakiak” edo “ziurgabetasunak” ereinez jendartean. Are gutxiago adjektibo kalifikatibo horiek gure hizkuntzaren aurkako eta badaezpadakoen ahotik datozenean.