NANOPLATAFORMA BERRIA BOTIKEN EMATEKOTZ

 

NUPeko ikertzaile batzuek nanoplataforma bat garatu dute, gorputzaren kanpotik botikak ematea erregulatuko duena eremu elektromagnetikoen bidez

Kontrolatutako terapia hau erabilgarria izaten ahal da beste gauza batzuen artean tumoreak hipertermia lokalizatu bidez tratatzeko

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT2) ikertzaile-talde batek farmakoak modu erregulatuan askatzea ahalbidetzen duen nanoplataforma bat sortu du, zeinak terapia kontrolatua egiteko aukera ematen baitu pazientearen gorputzaren kanpotik eremu magnetikoen bidez.

Hauek dira ikerketaren egileak: Lucia García –lanaren zatirik handiena egin zuen eta Nafarroako Gobernuaren “ikertzaile eta teknologiako langileak kontratatzeko dirulaguntzei” esker kontratatu zuten–, Eneko Garaio, Alberto López Ortega, Itziar Galarreta Rodríguez, Laura Cervera Gabalda, Guillermo Cruz Quesada, Alfonso Cornejo, Julián J. Garrido, Cristina Gómez Polo eta Iñaki Pérez Landazábal.

Ikerketa Langmuir aldizkari zientifikoan argitaratu da berriki.

Nanoplataforma burdin oxidozko nukleo batez eta silize mesoporotsuzko estalki batez osatua dago, magnetizazio altua duena (2 eta 5 nanometro arteko poroak ditu). Sistema testatzeko, ibuprofenoa erabili da eredu farmako moduan. Egitura mesoporotsuak ibuprofeno molekula era kontrolatuan xurgatzeko aukera ematen du, eta, bitartean, korronte alternoko kanpoko eremu magnetiko batek farmakoa tenperatura moderatuetan askatzen laguntzen du. Gainera, eremu magnetiko horrek “eragiten duen askatze kontrolatua bero-iturri naturaletatik lortutako tenperatura-igoerek, hala nola giza gorputzarenak, eragindakoa baino askoz handiagoa da”.

Lan honetan adierazten den moduan “egitura porotsuaren gainazalaren areak molekulak kargatzeko gaitasun handia du, eta, haren bidez, farmakoa era kontrolatuan askatzeko % 67ko efizientzia lortzen ahal da, 5 minutuko tarteetan korronte alternoko eremu magnetikoa erabiliz. Horrek farmakoen askatze azkarragoa eta handiagoa izanen du antzeko estimuluei erantzuten dieten burdin oxidozko nanoeramaileek baino”.

Iñaki Pérez-Landazabal Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun eta lanaren egilekide batek dioenez, nanoplataforma “erabilgarria izan liteke, adibidez, tumoreak hipertermia lokalizatu bidez tratatzeko, eta, aldi berean, erresonantzia magnetiko bidez lortutako irudietarako kontraste-agente gisa erabiltzen ahalko da, edo orain garapen fasean den beste teknologia berri baten trazatzaile moduan (partikula magnetikoen irudien teknika, MPI), nahiz eta diagnostikoaren parte hori ez dagoen optimizatuta eta garapen eta ikerkuntza handiagoa behar lukeen”.

 

Argazkia: Aipatutako lana egin duen taldearen kideetako batzuk, ezkerretik eskuinera: Julián Garrido, Laura Cervera-Gavalda, Guillermo Cruz-Quesada, Alfonso Cornejo, Iñaki Pérez-Landazábal, Alberto López-Ortega, Itziar Galarreta-Rodríguez eta Eneko Garaio.