ERREGAIAK LORTZEKO PANEL FOTOKATALITIKOA

 

NUP eta Lurederra panel fotokatalitiko bat garatzen ari dira eguzki eta hidrogeno bidezko erregaiak lortzeko

Proiektuaren lehenbiziko bilera egin dute Unibertsitatean. Proiektuan Ingeniería Navarra Mecánica S.L. enpesak ere hartzen du parte

 

NUPeko Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko ikertzaileek (INAMAT2) eta Lurederra Zentro Teknologikoko kideek “Panel-to-FUEL” proiektuaren lehenbiziko bilera teknikoa egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Proiektuaren helburua eguzkia, ura eta CO2-a airetik zuzenean bilduz erregai sintetikoak ekoiztea da, horretarako panel fotokatalitiko bat erabilita. Bertako partaide da Ingeniería Navarra Mecánica S.L. enpresa ere.

Elektrizitatea ekoizteko gaur egun erabiltzen diren eguzki paneletan oinarrituta, proiektu honek panel fotokatalitiko bat garatu nahi du, oinarria izanen dena tartean diren konbertsio prozesu guztiak gauzatzeko. Ura izanen da karbono dioxidoaren (CO2) konbertsioan erabiliko den hidrogeno berriztagarriaren iturria. Hala, CO2-a balio katera itzuliko litzateke, ahal bada atmosferan duen kontzentrazioan igoera netorik eragin gabe. Ikertzaileek azaldu dutenez, azken helburua demostrazio-eskalako unitate modular bat egitea da, aukera emanen duena hidrogenoaren ekoizpena eta CO2-aren bilketa eta konbertsioa integratzeko eta, ondorioz, atmosferara isuritako karbonoari dagokionez neutroak izanen diren erregaiak lortzeko.

Laneko lehenbiziko bilera horretan María Dolores Ugarte Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradun eta INAMAT² institutuko zuzendariak eta Erreaktore Kimikoen eta Baliabide Berriztagarriak Balioztatzeko Prozesuen ikerketa-taldeko kide hauek parte hartu dute: Inés Reyerok, Ismael Pellejerok, Fernando Bimbelak eta Luis Gandíak –taldearen ardura duen ikertzailea–. Bestalde, Lurederra zentroko kide hauek parte hartu zuten: Claudio Fernández Acevedo zuzendariak, Luis Martínez de Morentin I+G-ko arduradunak eta Cristina Salazar eta Beatriz Yécora Nanomaterialen saileko ikertzaileek.

Proiektu honek 571.112 €-ko finantziazioa lortu du Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Planaren Lerro Estrategikoetako Proiektuen deialdian, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barrenean, zehazki “CO2-aren bilketa, biltegiratzea eta balorizazioa” lan lerroan.

 

Hidrogenoaren eta material berrien biltegiratzea

Bilerak, proiektuaren garapen teknikoko jarduerak hasteko ez ezik, partzuergoko kideen artean lankidetza-lerro berriak proposatzeko balio izan zuen, hidrogenoaren eta material berrien arteko interakzioa oinarri duten teknologia batzuen bidez hidrogenoa biltegiratzea dutenak helburu.

Biltegiratze sistemen aplikazio posibleetako bat automobilgintza denez, bisitaren bigarren zatian erakustera eman zen nola funtzionatzen duen gasolinazko eta hidrogenozko bioerregai bidezko ibilgailu batek, NUPeko Hidrogeno Taldeak garatutakoak. Lurederra zentroko ikertzaileek aukera izan zuten ibilgailu hori gidatzeko, José Carlos Urroz Ingeniaritza Saileko irakasleak gainbegiratuta, zeina doktoretza-tesiaren eta ondoren izan duen ikerketa-jardunaren bidez hidrogenoa eta beste gas batzuk errekuntzazko motorretan erabiltzean espezializatu baita.

Ibilgailua Volkswagen Navarra SAk dohaintzan emandako Polo 1.4 bat da, eta CARLOS izena du, Carlos Sopena Serna NUPeko irakasle izan zenaren omenez, Hidrogeno Taldeko kide izan baitzen eta arlo horretako ikerketak gidatu baitzituen 2009an gazterik hil zen arte. CARLOSek gasolinarekin eta hidrogenoarekin, berdin funtzionatzen du biekin, eta erregai batetik bestera alda daiteke autoa martxan dela ere. Gasa maletategian instalatutako presio bonbona batzuetatik hartzen du, 500 g-ko edukiera dutenak; horrek gutxi gorabehera 50 km-ko autonomia ematen dio 50 km/h batez besteko abiaduran, “eta, beraz, ezin aproposagoa da hiri barnean ibiltzeko”, adierazi dute garatzaileek.

Lurederrako, INAMAT²-eko eta Hidrogeno Taldeko ikertzaileek osatutako partzuergoak ibilgailu hori erabiliko du haren hurrengo garapenek funtzionatzen ote duten egiaztatzeko; hidrogenoaren biltegiratze gaitasuna handitzea, eta, aldi berean, sistemaren bolumena eta laneko presioak murriztea izanen dira helburuak. NUPeko Hidrogeno Taldeak duela hogei urte hasi zuen bere ibilbidea, eta haren kide dira José Carlos Urroz eta Luis Gandía. Taldearen zuzendaria Pedro Diéguez Ingeniaritza Saileko irakaslea da.

 

  1. argazkia. Ezkerretik eskuinera: Luis Gandía (INAMAT2 eta Hidrogeno Taldea), Fernando Bimbela (INAMAT2 institutuko idazkaria), José Carlos Urroz (Ingeniaritza Saila eta Hidrogeno Taldea), Inés Reyero (INAMAT2), Ismael Pellejero (INAMAT2), Cristina Salazar (Lurederra), María Dolores Ugarte (INAMAT2 institutuko zuzendaria), Beatriz Yécora (Lurederra), Luis Martínez de Morentin (Lurederra, I+G-ko arduraduna) eta Claudio Fernández Acevedo (Lurederrako zuzendaria).

 

  1. argazkia: Ismael Pellejero (INAMAT2) hidrogenoa erregai moduan erabiltzen denean ihes hoditik ur baporea bakarrik irteten dela egiaztatzen.