ALERGIAK

Alergologia eta Immunologia Klinikoaren Espainiako Elkartearen (Seaic) aurreikuspenaren arabera, Nafarroan, beste eskualde batzuetan ez bezala, polenari alergia diotenek, aurtengo udaberria, arina izango dute.

Hala ere, Elkarte horrek klima-aldaketaren eta kutsaduraren arriskuaz ohartarazi du. Izan ere, bi faktore horien ondorioz gaixotasun alergikoak areagotzen ari dira. Aurten, gainera, arazo bat gehitu zaie, hau da, aurreko urteetan ez bezala, arnasbideei eragiten dieten birus asko daudela, eta horren ondorioz, handituak eta hiper-erreaktiboak dauden mukosek errazten dute polenak eta alergenoak gorputzean sartzea, horien eragina handiagotuz.

ERREAKZIO ALERGIKOAK

Erreakzio alergikoak (hipersentikortasun-erreakzioak), baldintza normaletan kaltegarria ez den substantzia bati immunitate-sistemaren erantzun desegokiak dira. Hau da, substantzia hori inhalatzen, irensten edo ukitzen denean berezko sintomak eragiten ditu. Gaur egun, gaitz alergikoak osasun publikoko arazo larriak dira herrialde garatuetan.

Alergia eragiten duen substantziari alergenoa deitzan zaio. Erreakzio alergiko askotan, immunitate-sistemak lehen aldiz alergeno baten eraginpean jartzen denean, E immunoglobulina (IgE) izeneko antigorputz mota bat sortzen du. IgE-a odol-zirkulazioan dagoen basofilo izeneko globulu zuri (leukozitoa) bati itsasten zaio, baita ehunetan dauden mastozito izeneko zelulei ere. Lehen esposizioak sentsibilitatea eragin diezaioke alergenoari (sentsibilizazioa deitzen zaio), baina ez du inolako sintomarik sortzen. Baina, jada sentsibilizatuta dagoen norbanako batek berriz ere alergenoaren eraginpean jartzen denean, IgE-a azalean dituzten basofiloek eta mastozitoek inguruko ehunetan hantura eragiten duten substantziak askatzen dituzte, hala nola histamina, prostaglandinak eta leukotrienoak. Substantzia horiek erreakzio-jauzi bat hasten dute eta, azkenean, ehunak narritatzen eta kaltetzen dituzte. Erreakzio horien intentsitatea batzuetan arina da eta larria besteetan.

Alergia baten sorburua pertsonaren aurretiko joera genetikoan datza; substantziarekin behin eta berriz kontaktatu ondoren izaten den neurriz gaineko erantzuna, alegia.

Erreakzio alergikoa modu desberdinetan agertzen da; sintomak aldatzen dira nork bere sentiberatasunaren arabera. Prozesu alergikoak kasu askotan heredatzen dira. Arrisku faktore asko dira, esaterako, poluzioa, etxe-animaliak, klima-aldaketak, eragin alergeniko handia duten elikagaiak eta abar. Alergenoak, berriz, jatorri ezberdinetakoak dira: aeroalergenoak (polena, esporak, akaroak, onddoak, epitelioa, animalien lumak…), jakiak (behi-esnea, arrautzak, arrainak, itsaskiak, fruitu lehorrak…), narritagarriak (kea, hautsa, aerosolak, intsektizidak…), medikamentuak (antibiotikoak, analgesikoak, anestesiko lokalak eta orokorrak…), intsektuen ziztadak (liztorrak, erleak…), nikela (sukaldeko tresneria, guraizeak, imitaziozko bitxiak, erlojuak…), latexa (zupakiak, eskularruak, preserbatiboak, barruko arropa…) eta abar.

PROZESU ALERGIKOAK

Prozesu alergikoa intentsitate eta modu desberdinetan agertzen da, pazienteen ezaugarrien arabera: errinitis alergikoa, bronkioetako asma, urtikaria, dermatitisa, gaixotasun zeliakoa, anafilaxia…

Errinitis alergikoaren kasuan, sudur mukosaren hantura dela bide, errinorrea, azkura, sudur-kongestioa eta doministikuak izaten dira. Urtaroko errinitis alergikoa (belar onduaren sukarra eta polinosia ere deitzen zaio) prozesu alergikorik ohikoena da. Zenbait espezieren lorautseztapenaren garaian agertzen da. Hasieran, azkura sudurrean, begietan, faringean eta ahosabaian izaten da, baita malkoak ere, eta, batzuetan buruko mina, sumina eta jateko gogorik eza. Histamina muki-mintzean eta konjuntiban askatzen denean kapilarrak zabaltzen dira eta horren ondorioz sudur buxadura, doministikuak eta muki-guruinen jariaketa izaten da.

Bronkioetako asma da arnas-traktuaren gaixotasun buxatzailea. Hanturazko prozesua da. Minutu edo egun batzuk irauten du. Sorburua alergikoa da %65 kasutan.

Urtikaria, gehienetan, jakiek, medikamentuek eta intsektuen ziztadek eragiten dute: lesioak, eritema eta edema izaten dira larruazalean.

Dermatitis alergikoaren sintomak, berriz, larruazalaren hantura, edema, larruazalaren gorritzea, exudazioa, ezkatatzea eta azkura izaten dira.

Anafilaxia organismo osoari eragiten dion oso erreakzio alergiko larria da. Alergenoaren eraginpean egon eta minutu gutxira agertzen da. Gaixotasun alergikoen intzidentzia handia izan arren, anafilaxia oso gutxitan izaten da. Larruazalari, sistema kardiobaskularrari eta arnas-aparatuari eragiten die gehien. Koadro klinikoa azkura handiarekin hasten da: esku-ahurretan, buruko ile-larruan eta genitalen eremuan. Taupada biziekin (takikardia) jarraitu ohi du, eta, horrekin batera, gorritze orokorra, arnasteko zailtasuna, beherakoa eta zorabioa. Konortea galtzea ere gerta daitezke. Tratatzen ez bada, kolapso kardiobaskularra izaten da.

Anafilaxiaren ziorik ohikoenak medikamentuekiko alergia, liztorraren pozoiarekiko alergia, elikagaiekiko alergia eta latexarekiko alergia dira. Berehalako arreta medikoa behar du.

Anafilaxia gertatzen bada, adrenalina-tratamendua ahalik eta azkarren ezarri behar da: zenbat eta lehenago orduan eta eraginkorragoa. Gainera, pazientearen errekuperazioa bizkortzeko antihistaminikoak eta kortikoeideak preskribatu ohi dira.

Anafilaxia edo alergia-prozesu larriren bat izan dutenek erraz aplikatzeko moduko adrenalina-kit autoinjektagarri bat eraman behar dute beti beraiekin.

TRATAMENDUAK

Kortikoideak, immunoterapia eta antihistaminikoak, besteak beste, erabiltzen dira alergiak tratatzeko.

Kortikoideen erabilera topiko desberdinek (kremak, lozioak, sudur-aerosolak, kolirioak) sintoma alergikoak arintzen dituzte.

Immunoterapia da hipersentikortasuna eragiten duen alergenoa gero eta dosi handiagotan hartzea. Helburua pazienteen erantzuna aldatzea eta immunitatea sortzea da. Oro har, tratamendu hori alergia prozesu larriak pairatzen dituzten pazienteei jartzen zaie, beste medikamentuek eraginik ez dutenean.

Antihistaminikoak bi taldetan sailkatzen dira: klasikoak edo lehen belaunaldikoak eta ez-lasaigarriak edo bigarren belaunaldikoak. Horiekin sintomak gutxitzea lortzen da, baina ez gaixotasuna sendatzea. Lehenak farmako ez oso selektiboak dira. Bigarrenak selektiboagoak dira; klasikoen deribatu sintetikoak dira, eta ia guztiak eguneko dosi bakarrean ematen dira.

Bestalde, sudurreko garbiketek mukositatea kentzeko balio dute; hau da, ingurumen-poluzioak mukosetan duen eragin kaltegarria saihesten laguntzen dute. Garbiketa horiek ohikoak izan beharko ziren; are gehiago, alergia duten norbanakoen kasuan. Itsasoko urak edo konplexu hipertoniko arinek laguntzen dute itsasita geratu diren alergenoak kanporatzen.

Azkenik, errinokonjuntibitisaren sintomak kontrolatzeko (arnas-alergien gaitzik ohikoena) maskarak erabiltzea oso neurri eraginkorra da.

Erreferentziak:

Etxebeste, M. 2023ko martxoaren 1a. Tiempo de alergias. Elfarmacéutico nº 619. Grupo Mayo.

Iturria, P. 2005eko maiatza. Alergia-prozesuen gaineko oharrak. Albarelo, II. fasea, 5. zenbakia. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala.

https://www.cun.es Ferrer, M. Anafilaxia. Síntomas, definición y tratamiento. Nafarroako Unibertsitate Klinika.

https://www.msdmanuals.com Fernández, J. Introducción a las reacciones alérgicas. MSD Manuals.