AUZO LOTSA 65 MITINA PATXI LARRAINTZAR ESKOLAN

 

2023. urtearen inguruan, eta lehenago zer esanik ez, Euskal Herriko giro politikoa oso asaldatuta eta nahasia zegoen. Alde batetik, ETA erakunde armatuak erabateko aktibismoan ziharduen; oso-oso sarritan gertatzen ziren atentatuak, bahiketak, mehatxuak, zerga iraultzaile delakoa, liskarrak, istiluak, borrokak eta abar. Eta bestetik, Espainiako eta Frantziako botere faktikoena ere arrunt bortitza izaten zen, besteak beste: errepideetan kontrol arriskutsu asko, manifestazio ugari oso erreprimituak, atxilotzeak, irainak, mespretxu psikologikoak, tratu txarrak, torturak, pertsona desagerpenak, erailketak, atzerriratuak, erbesteratuak eta bat eta beste.

 

Giro aztoratu eta itogarri hura desblokeatzen saiatzeagatik, besteak beste, 2000. urtearen inguruan Aralar izeneko alderdi politikoa sortu zen. Handik aurrera, garai hartan behintzat, esan liteke Euskal Herriko ezker abertzalea gutxienez bi esparrutan zatitu zela, Hegoaldean behinik behin: ezker abertzale ofiziala alde batetik eta beste alderdi politiko txikiago batzuk bestetik; haien artean zegoen kokatuta Aralar alderdia, alegia, ETA erakunde armatuaren borroka militarra gaitzesten zutenen artean, eta, horrek, noski, bi blokeen artean gaizki-ulertuak, gorrotoak, liskarrak, ezinikusiak eta abar sorrarazi zituen.

 

Egoera zail hartan, 2003ko udaberrian, udal hauteskundeak izan Nafarroan; Jabier Eskubi Larratz eta biok hautatuak izan ginen zinegotzi izateko Iruñeko Udalean, Aralar alderdi politikoarekin. Baina, jakina, hauteskundeak gertatu baino lehen, zegokien kanpaina politikoa egin beharra zegoen, ohi bezala: mitinak, hitzaldiak, elkarretaratzeak, manifestaldiak eta abar. Mitin haietako bat, egun jakin batean, Arrotxapea auzoko Patxi Larraintzar izeneko eskolan egokitu zitzaigun egitea. Hitzordua izan baino dezente lehenago iritsi nintzen leku hartara, bakarrik, gurpil aulki motordunean. Gauzak hala eta denbora pixka bat emateagatik, lehenik eta behin, ikastetxeko atari aldera jo nuen ikustera ea zer giro zegoen, baina oraindik oso goiz izanda, berehala, kanpoaldera itzultzerakoan, mutil gazte batzuekin gurutzatu nintzen hantxe bertan, eskolako jostalekuan; eskuetan pote batzuk eta abar zeramatzaten. Ez dut ongi gogoratzen, haien artean nire ezagunen bat ote zegoen, baina bazitekeen, noski. Ni berriro kanporaino atera nintzen, denbora pasatzen uzteagatik, mitina hasteko ordua iristen zen bitartean.

 

Gazte haiek, hantxe aritu ziren jo eta ke zenbait minututan, hormetan zerbait egiten. Eskolara sartzeko garaia iritsi zela iruditu zitzaidanean, ni ere eskolako sarrerarantz abiatu nintzen aparteko susmo txarrik gabe, baina handik gutxira, berriz ere beraiekin gurutzatu nintzen, bueltan kanpora zihoazenekin. Nik agurtu nituen eta baita haiek ni ere, deus ere gertatuko ez balitz bezala, baina aurreraxeago joan nintzenean, honako hauxe da irakurri ahal izan nuena, etxarteko horma handi haietan: Aralar, traidoreak!! Espainolak!! Putreak!! Salduak!!

 

Ikusi eta isildu egin behar!