Goiz batean, 2004an izanen zen, naski, Saratsate pasealekuan jaitsi nintzen hiri-autobusetik. Udaletxerantz abiatu bezain azkar, atzetik gizonezko baten ahotsa sumatu nuen; bera, ez hepa, ez kaixo eta ezta agurrik ere esan gabe, espainiera garbian, zenbait gauzari buruz kargu hartzen hasi zitzaidan. Nik ez nuen deustaz ezagutzen eta berak ere ez zidan esan nor zen.
Kontua da, berehalakoan eta bere burua inola ere aurkeztu gabe, modu ia-ia erasokor batean hasi zitzaidala hainbat gairi buruz kargu hartzen, esan bezala, erdara hutsean, alegia, <Zuok, Aralarkook, ez duzue lotsarik eta ezta ardurarik ere!: udaletxeko balkoian oraindik ez duzue ikurrina jarri; jadanik ez duzue independentziarik aldarrikatzen; koldar eta oilobusti hutsak zarete…!> eta abar, eta abar.
Nik euskara garbian zera erantzun nion:
-Begira, potxolo, hik badakik nor naizen ni, nik kargu publiko bat dudalako, baina nik, ordea, ez zekiat nor haizen hi, eta horrek desabantailan jokatzera behartzen naik; egin beharko hukeen lehenengo gauza, gizalegez jokatzea zuan, hau duk, herorren burua behar den bezala aurkeztuta. Eta orain beste gauzatxo batzuk ere esan nahi dizkiat, super-abertzale horri, hara: ikurrina, independentzia, nazioa eta abar erreibindikatzen ari haiz, eta hori guztia arrunt ongi zegok, bai, jauna, baina herri honen ezaugarririk nagusiena ari haiz ahazten eta ondorioz baztertzen, ohartu gabe, pentsatu nahi diat; alegia, euskaldun abertzale bati ari haiz hizketan, eta euskal nazio-estatuaren aldarrikapen zilegi guztiak espainiera hutsean ari haiz egiten, motel! Hain zuzen ere, armaz eta indarkeriaz konkistatu, kolonizatu eta egundoko genozidio kulturala egin eta egiten digun estatu inposatzailearen hizkuntza ari haiz erabiltzen nirekin, eta, batere lotsagorritu gabe, gainera! Ez al dik ahalke pixka bat ematen?
Eta era hartan agurtu nuen gizon erdaldun zorrotz usteko hura.