Euskal Wikipediaren arabera, ETA erakunde armatuak bederatzi su eten eman omen zituen bere historia osoan. Haietako hiru, 2004an, 2005ean eta 2006an izan ziren. Gogorarazi behar dut, 2003tik 2007ra, Iruñeko Udalean jardun nuela zinegotzi, Aralar alderdi politikoarekin.
Bueno, ba, egoera atezu hartan, egun batean, su eten haietako bat gertatu zen. Ez dakit seguru, baina pentsatzen dut, agian izan ahalko zela 2006koa. Normala den bezala, jende asko poztu eta lasaitu egin zen; baita ni ere, noski, hark zekarzkien ondorioengatik.
Kontua da, ordea, handik gutxira, biharamunean-edo, udaletxetik Iturramako etxera itzuli nintzenean, gertakari oso bitxi bat suertatu zitzaidala, alegia, dagoeneko etxe barruan nintzenean, norbaitek etxeko txirrina jo baitzuen. Atea zabaldu eta auzokide ezagun eta fidagarri bat ikusi nuen.
-Kaixo, Xanti! Zer moduz? Begira, ez zekiat konturatu haizen, baina, lehen, eskaileretan gora pasatu naizenean, hementxe bertan, ate ondoko pareta honetan berean, pintada nabarmen bat zegoela ikusi diat. Ohartu al haiz?
-Ez, ez nauk deustaz ohartu, ez! Eta, ze jartzen zuen, ba?
-Begira ezak, honako hauxe!: GAL.
Alegia, Grupos Antiterroristas de Liberación (Askapenerako Terrorismoaren aurkako Taldeak). Auzokide on hark, pintada, ordurako, erdi ezabatua zeukan, baina, hala eta guztiz ere, pixka bat erreparatuz gero, oraindik oso errazki ikus zitekeen.
Harrigarria oso gertatu zitzaidan, zeren eta ordura arte, ez baitzitzaidan deus antzekorik suertatu, urte haietan guztietan, inon ere, eta, orain, non eta ia etxe barruan bertan, hots, ez ezkaratzean edo kaleko atarian edota kanpoko horma batean, ez, baizik eta lehengo solairuan eta etxebizitzako ate ondo-ondoan. Horrek esan nahi du, pintada hura egin zuen pertsonak, ederki asko zekiela non bizi nintzen ni, zehatz eta mehatz. Bestalde, oso arraroa ere ez zen, kontuan edukita, nik, une hartan, kargu publiko bat nuela.