Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloak lau emanaldi proposatzen ditu Nafarroako Antzerki Eskolan, asteazkenetan, urriaren 16tik azaroaren 6ra bitartean
Dozena bat interpretek ‘Errege begibakarra’, Postdatarik gabeko gutunak, Artxibo biluzia eta Olagarrua antzezlanak taularatuko dituzte
Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloa hemen da berriro udazkeneko kultur programazioan; urriaren 16tik azaroaren 6ra bitartean lau antzezlan taularatuko dituzte, asteazken bakoitzean bana, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), arratsaldeko 19:00etan. Antzezpenetarako sarrerak salgai daude Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 33. zenbakian) eta webgunean. Publiko orokorrarendako prezioa 8 eurokoa da, eta 5 eurokoa euskaltegietan edo Hizkuntza Eskolan euskara ikasten dutenendako. Lau ikuskizunetarako bonua ere badago, 20 euroan.
Lehen antzezpena urriaren 16an eginen da, asteazkenarekin, eta Errege begibakarra lana taularatuko dute, Inextremis nafar konpainiaren hirugarren ekoizpen eszenikoa, Tanttaka Teatro konpainia gipuzkoarrarekin batera ekoitzitakoa. Fernando Bernuések zuzenduko du Marc Crehuet antzerkigile katalanaren testuan oinarritutako lana. Obra honetan gogoeta egiten da istiluen aurkako polizia bat,, manifestazioko kaosetik urrun, beste testuinguru batean, adiskideen arteko afari batean adibidez, bere indarkeriaren biktimarekin aurrez aurre topo eginen balu gertatuko litzatekeenaz. Umore beltzeko ukituak dituen komedia soziala.
Bigarren proposamena, urriaren 23an, asteazkenarekin antzeztuko dena, Postdatarik gabeko gutunak da, Kepa Errastik idatzitako bakarrizketa partekatua, Xake Produkzioak ekoiztetxearen eskutik, Getari Etxegarai zuzendari eszeniko dela. Mikelek 5 urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko: Ordubete hori pertsona ezezagun bati eskainiko dio.
Azken hilabeteotan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu, bere burua identifikatu ez duen norbaiten partetik, eta eskutitz guztiek ezaugarri bera dute: postdata joan beharko lukeen tokia hutsik dago. Mikelek bere bizitzaren errepasoa egiteko aprobetxatuko du ordu hori; jaso dituen gutun guztiak gogoratuko ditu Charlotez jantzitako emakume pianista mutu bat ondoan duela, gutun misteriotsu horien igorlea nor den jakin arte.
Hirugarren emanaldian, urriaren 30ean, asteazkenarekin, Artxibo biluzia-ren txanda izanen da, Metrokoadroka konpainiaren eskutik, Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzenduta.
Idoia Beratarbide da ikerketaren zuzendari artistikoa. Artxibo biluzia hitzaldi performatiboa, antzerki dokumentala eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da. Agertokian, Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak ikusleekin hartu-emanean ariko dira, eta ikerketa bat abiaraziko dute dokumentu bat ekintza fisikorako pizgarri izan daitekeela erakusteko. Metrokoadroka kolektiboak Joan Mari Torrealdai I. Ikerketa Bekari esker sortutako proiektua da obra.
Azaroaren 6an, Antzerki Aroak eta Ttipiak antzeztutako Olagarroa obrarekin itxiko da zikloa. Herri bateko hiru emakume –Olatz Beobide, Maitane Pérez eta Nerea Arriola antzezleak– eta olagarro bat dira antzezlanaren ardatza, eta helburu bakarra dute: gorputzetik, plazeretik eta fantasiatik datozkigun erruak, txikiak eta handiak, astintzea.
2024KO ANTZERKI AROA. NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA
-
Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean eskura daitezke.
-
Prezio orokorra: 8 euro; euskara-ikasleak: 5euro; lau saioetarako bonua: 20euro
-
-
Lau emanaldi, 19:00etan:
-
urriak 16, asteazkena: Errege Begibakarra, Inextremis Teatro
-
urriak 23, asteazkena: Postdatarik gabeko gutunak, Xake Produkzioak
-
urriak 30, asteazkena: Artxibo biluzia, Metrokoadroka
-
azaroak 6, asteazkena: Olagarrua, Antzerki Aroak / Ttipia
-