XIANG IBAIKO JAINKOARENGAN OLDOZTEN ARI (Qu Yuan)

 

Oh, Xiangeko jainkoa, zergatik ez zatoz?

Zerk atxikitzen zaitu zure uhartean?

Ongi apaindurik eta jantzirik,

ene kanelazko txalupa ur-lasterraren aurka arraun egiten dut.

Ene aginduetarat ibaia bare bilakatzen da,

eta urak lasai.

Zure zain nago, baina ez zara ageri.

Zure txirula jotzen ari zarela sumatzen dut.

Norendako izanen da?

 

Herensugeaz zizelduriko ene txalupa

iparralderantz ari da.

Orain Dongting Aintzirarantz bira egiten ari da.

Zetazko ikurrak. Gazazko olanak.

Zur bitxiazko arraunak.

Ene begirada bertze ertzean pausaturik,

ene bihotzak olatuen aurka hegal egiten du.

Sentibera, ene neskamea adiakatzen da,

begiak malkoz itoak.

Ene maitasunak estuturik eta betilun,

bihotza hondaturik dut.

 

Kanelazko arraun-endaiez arraun egiten dugu.

Ene txalupa haizearen, elurraren, izotzaren aurka ari da.

Pikuak uretan eta igebelar liliak zuhaitzetan

biltzen ari naiz?

Bi bihotzak bat ez badatoz,

oro alferrik izanen da.

Maitasun bizirik gabe

bat-egite irmorik ez dago.

Urak arkaitz artean jausi egiten dira,

eta ene txalupa arin labaintzen da.

Agintza hautsi duzu.

Zure aferek atxiki egiten dizutela erranen didazu?

 

Egunsentian ertzetik lasterka ari naiz.

Iluntzean iparraldeko ibaiertzean

ene zalgurdia uzten dut.

Txoriak teilatu-hegal azpian pausatzen dira.

Urak ene etxe aitzinean igarotzen dira.

Ene jadezko edergarriak ibairat jaurti egiten ditut,

eta harribitxiak dituen ene gerrikoa

Li latserat.

Urrindaturiko Uhartean,

laguntzen didan neskarendako liliak biltzen ditut.

Desengainua. Denbora galdua.

Baina aurpegi ona erakutsi behar da.