Harpagofito (Harpagophytum procumbens) sendabelarrari deabruaren atzaparra ere esaten zaio bere fruituen forma bitxiagatik.
Afrika hegoaldeko landarea da jatorriz. Bere sustraiek substantzia aktibo ugari gordetzen dituzte. Giltzaduretako mina arintzeko landare garrantzitsuenetako bat da.
Europako Farmakopearen arabera, harpagofitoaren sustrai sekundarioan daude erabilera terapeutikoa ematen dioten osagaiak; tuberizatua, moztua eta lehortua dagoen sustraian hain zuzen. Bere eragin sendagarria, batez ere, sustrai horietako substantzia batzuek ematen diote, iridoideak izenekoek; horien artean, harpagosidoa dago.
Harpagofitoaren erabilera terapeutikoei dagokienez, bai Medikamentuen Europako Agentziak, bai Fitoterapiaren Europako Elkarteak onartzen dute harpagofitoaren sustraiaren erabilera tradizionala artikulazioetako minak arintzeko, eta bai digestio-arazo arinak tratatzeko ere, hala nola flatulentzia eta hantura-sentsazioa; baita, zenbait egoeratan izaten den apetitu falta tratatzeko ere.
Posologiari dagokionez, Medikamentuen Europako Agentziak, harpagofito hartzeko orduan, jarraibide hauek ematen ditu artikulazioetako mina arintzeko:
-Infusioan hartzen badugu: xehaturiko 4,5 g 500 ml uretan, hiru hartualditan. Prestakina hartu baino lehen, 8 orduz beratzen utzi behar da.
-Hauts moduan hartzen badugu: 435 mg, hiru aldiz egunean.
-Estraktu fluido moduan hartzen badugu: posologia 1,03 g, dosi bakarra.
Oro har, harpagofitoaren sustraiaren prestakinak ondo toleratzen dira.
Kontrako erreakzio arinak gerta daitezke, bereziki sentikorrak diren norbanakoetan eta tratamendu luzeetan.
Bestalde, garrantzitsua da medikuari eta farmazialariari jakinaraztea harpagofitoa hartzen ari garela. Helburua da, harpagofitoaz gain beste medikamentu batzuk hartzen ari baldin bagara, harpagofitoaren eta hartzen ari garen medikamentu horien artean gerta daitezkeen interakzioak edo ondorio kaltegarriak saihestea. Aholku honek, noski, sendabelarra edozein dela ere, balio du.
Erreferentzia:
Harpagofito, cuándo y cómo tomarlo. Tu Farmacéutico Informa. Josep Allue farmazialariak emandako bideo-aholkua (Bartzelonako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Sendabelarren Batzordeko kidea). Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak egina eta Medicina TV-ek ekoiztuta, Arkopharmaren laguntzarekin. 2020/02/19.