AKREDITATU ZAITEZ JADA PUNTO DE VISTA JAIALDIAREN HURRENGO EDIZIOAN

Otsailaren 24tik martxoaren 1era, Iruñean egingo da Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren hemeretzigarren edizioa. Profesional, ikasle eta prentsarako akreditazio eskaerak eskuragarri daude jada webgunean.

 

Gazte Programatzaileak (16-22 urte) eta Gazte Epaimahaia (18-25 urte) ekimenetarako izen emateak ere irekita jarraitzen du

ESKURATU ZURE AKREDITAZIOA HEMEN

Aurten ere, Punto de Vista jaialdiak espazio estimulatzaile eta aktiboa proposatzen du ez-fikziozko zinemaren azken joerak ezagutzeko eta ikus-entzuneko praktika berriei buruzko gogoeta egiteko. Jaialdiak iragarri du jada programazioaren zati handiena; hain zuzen, hemen kontsulta daiteke.

Sail ofiziala hamar film luzek eta zazpi film laburrek osatzen dute eta mundu mailako lau estreinaldi, nazioarteko lau estreinaldi, Europa mailako estreinaldi bat, Espainia mailako zazpi estreinaldi eta Nafarroako estreinaldi bat izango dira, zinemagile hauen eskutik, besteak beste: José Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola (Cuadro negro), Emilio Hupe (El viento que golpea mi ventana), Ramón Balcells (A.), Wonwoo Kim (Writing Poems at the End of the World) edo Maddi Barber eta Marina Lameiro (Cambium).

Fokuak atalean, bi atzerabegirako egingo dira, Herbeheretako Frans Van de Staak (1943-2001) eta Frantziako Anne-marie Faux zinemagileen obrarenak. Horrez gain, Miriam Martín programatzaile eta zinemagileak azken lau urteotan ingurune naturalari eskaini dion sail baten entrega berri bat izango dugu, kasu honetan  Adiós a los animales izenekoa.

Lan atalari dagokionez, jaialdiaren inaugurazio saioan Kataluniako Filmotekak berriki digitalizatu duen eta arestian aipatu dugun Miñuca Villaverderen Tent City lana emango da. Termitas sailak, berriz, eszena sortu berri nazionala zertan den eskainiko du; eta, gainera, zinema dokumentalari aplikatutako adimen artifizial sortzailearen praktika alternatiboei buruzko bi hitzaldi ere egingo dira.

Kontaktuak atalak Iñaki Garmendiaren bideo instalazio bat aurkeztuko du Zitadelan. Gainera, artistarekin elkarrizketa bat egingo da, Oteiza Museoak eskaintzen dion erakusketaren esparruan.

X Films atalak, berriz, Huarte Zentroarekin lankidetzan, Pablo Casanueva zinemagile eta sortzaile bisuala gonbidatuko du egonaldi artistikoa egitera, 2025ean Nafarroan grabatzeko entsegu dokumentalaren proiektu bat garatzeko. Bestetik, Celia Viada Casoren 2024ko X Films proiektuaren mundu mailako estreinaldia egingo da: Volver a casa tan tarde.

Azkenik, Punto de Vista jaialdiak Iruñeko publiko gazteenari ere irekiko dizkio ateak, Bitartekaritza Programaren (haurrentzako bi tailer antolatuko ditu), Gazte Programatzaileak sailaren beste edizio baten (doan eman daiteke izena webgunean), familientzako zinema saio baten eta Nafarroako Filmotekan egingo diren batxilergoko ikasleentzako beste bi saioren bitartez.