Kondestablearen Jauregiko 1. eta 2. aretoak. Urtarrilaren 30etik martxoaren 23ra. Erakusketa: Fernando Iriarte (1958-2023).
*Fernando Iriarte García Iruñean jaio zen 1958an, eta 64 urterekin hil zen bere jaioterrian 2023ko maiatzaren 8an. Ibilbide luzeko margolaria izan zen, eta itzal pertsonal eta artistiko handia utzi zuen, bai bere lanaren garrantzia aitortuarengatik –orokorrean abstrakzioaren esparrukoa, adierazkorra kritiko batzuendako, lirikoa beste batzuendako–, bai bere nortasun bereziagatik, zeinak bizitza osoan arrastaka eramanen zuen enfant terrible -aren ospea emanen baitzion.
Berrogei urte baino gehiagoko lan-ibilbide oparoa izan zuen, beti bere artea “ekintza piktoriko hutsa” zela dioen printzipioekin bat, eta bere lanek hedapen handia izan dute, hala bilduma publikoetan nola pribatuetan. Abstrakzioan oinarritutako ezaugarri nabarmenak ditu bere pinturak, eta hasiera batean horrek harridura sortu zuen; izan ere, margotzen hasi zenean, aurreko mendeko 80ko hamarkadan, hura ez baitzen garai hartako estilo nagusia. Hala ere, bazegoen salbuespen bikainik, Mariano Royo kasurako, eta Javier Balda beste neurri batean.
Iriartek, ordea, keinuak egin zizkion arte figuratiboari, eta kolorea dotore erabili zuen; bere lan askotan materia trinkoa barra-barra erabili zuen, eta erruz baliatu zen pigmentu-materiaz teknika mistoa erabiliz egindako lanetan. Mihisearen aurrean jartzeko orduan elementu fisikoei eman zien arretagatik nabarmendu zen, bere olioak prestatzea barne. Era berean, artearen ikuspegi zorrotz eta intelektualki trinkoa izan zuen XX. mende amaierako Iruña hartan, demokrazia ezarri ostean, non eta Nafarroako pintura garaikidearen tokirik garrantzitsuenetako bat baitu. “Gogoko ditut usaintzen duten margolanak”, esan ohi zuen printzipioen adierazpen gisa. Baita esaldi hau ere: “Hitz egin ezin den horri dagokionez, hobe da isiltzea eta hori margotzea”