SABIN OREGI ZARAUTZEN LIBURU KRITIKA: “GURPILAK”

 

 

Gurpilak

 

Eztizen Artola Iturrate
Gurpilak
12,0 x 19,0 zm.
138 orri
Txalaparta
Amaiur bilduma
16,00  €

 

“Autoa, haurra, bidaia. Zenbat falta da? Nola azaldu distantzia ume gosetu, nekatu, urduri bati. Nola neurtu denbora? Zenbat abesti, zenbat urtebetetze, zenbat herri-izen kabitzen dira espetxealdi batean?” Galderak erantzutea du helburu Eztizen Artolak. Liburu honetan sarritan, edo noizean behin, entzun izan dugun adiera bat azaltzea du helmuga: motxila umeak. Azaldu baino erakutsi egiten digu horrelako ume bati bizitza ematen eleberri antropologiko honetan. Eleberrian ez dago ezer asmatua, islatzen du berak, bera bezalako gazte, eta oraindik haurrak diren ume askok bizi baino nozitzen duten egoera.

Liburua sei ataletan sailkatuta dago. Lehenengo atalean aita, espetxealdia amaitu ondoren, kartzela laga eta etxera itzultzen da. Hori gogoratzen du liburuan Eztizenek. Hurrengo ataletan aita bizi izan zen espetxe ezberdinetara sarritan egiten zuten bidaiak azaltzen ditu. Bertan gogoratzen du ume txiki bat nola aspertzen den autoan bidaiatzen duenean, edo “festa” eratzen duen beste umeekin furgoneta batean bidaia egiterakoan. Autoan edo furgonetan bidaia egitearen hautua ez dagoela ez umea, ez eta senidearen esku, argi azaltzen du. Espetxealdia bete behar duen senidearen egoeraren arabera baino (hobe esanda, haren zaintzaileek erabakitzen dute).

Ume gazte batek idatzia bezalako moldeak freskotasuna eskaintzen dio idatziari; idazteko manera horrek sinesgarriago egiten du kontakizuna. Irakasle izateko ikasketak burutuak dituen gazte honi idazteko modu eder eta freskoa irakurri ondoren, sinistua nago beste gehiago gizarteratzeko gai izango dela.

 

Sabin Oregi Zarautz