MINTZALASAI 2023 EGITARAUA OSORIK

Aurten ere, irailaren 18tik 24ra, 7 egunez Euskara gozatzeko aukera eskainiko digu Mintzalasai festibalak 12. aldiz. Elkartzeko eta aktibitate berriak euskaraz egiteko aukerak ez dira faltako: ikusgarriak, tailerrak, bisita gidatuak, mintzaldiak…

Uste baino gehiago girelako.

Azken inkesta soziolinguistikotik irakaspen bat atera behar balitz, erran genezake euskararen aldeko borrokan oraindik lan asko dugula egiteko. Jon Sarasuak erran zigun aspaldi orain, galdera ez dela gehiago jakitea basoa erdi betea edo erdi hutsa denez; gure basoa zulatua da eta alde batetik ur tanta bat gehitzen diogun aldi oro, beste aldetik isurtzen segitzen du. Bide bakarrik ez da, eragile hegemonikorik ez den bezala. Alor desberdinetan eragin behar dugu (transmisioa, erabilera, aktibazioa, erakartzea, eskubideak, mediazioa…), osagarritasun eta interdependentzia logika batean.

Belaunaldi berritu bat

Euskararen biziberritze prozesua molde konkretuan elikatzeko eta euskararen ahozko erabilera garatzeko sortu zen Mintzalasai duela 12 urte, auzolanetik. Festibalaz gain, hainbat egitasmo garatu ditu helburu hauek betetzeko: sakelako hiztegi kolokialak, euskaltegietako aktibitate programak, webgune eta sare sozial erreferenteak, bestetan euskararen erabilera azkartzeko kita, ‘Egun 1 – Hitz 1’ egutegi permanentea… Sortzaile taldeak erreleboa pasa ondoren, belaunaldi berri batek hartu du elkartearen gidaritza, ilusioz beterik.

Bateratu & Boteretu

Ari dugu: gure hiztun komunitatearen indar handia, bere bizi indarra da. Garenaz eta ingurumena aldatzeko dugun gaitasunaz gehiago jabetu gaitezen okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen. Hartara gomitatzen gaituen ekimena ere bada gure festibala.

Parentesietatik oasietara

Urtero parentesia linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Eta ez da gutxi! Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak. Egoera normalizatzeko bidean, dinamika iraunkorra eta urte osoko eskaintza ehuntzera pasa beharko dugu.

Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin. Euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak. Bihotza edo trikitixaren mugimenduak inspiratu behar gaitu: zabaldu… eta trinkotu! Izan gaitezen beraz sortzaile eta ausart, bateratzaile eta boteretzaile, erakargarri eta t(r)inko!

Bitartean, 7 egunez elkartzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak ez dira faltako.Aurten, sekulan baino jarduera gehiago proposatuko ditugu gazteei, eskola garaitik bizi sozialera zubi linguistikoak eraikiz. Tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, ate idekiak… hiri-eremuan ere, euskarak batzen gaituelako!

Hitzorduetan izena eman:

https://mintzalasai.eus/eu/berriak/agenda

Egitaraua osorik deskargatu:

| orrinaka luze mntzlsy2023 (pdf 13 Mo)