TXERRI HILTZEA

Azaroaren erdialdean, San Martin eguna pasatu ondoren, Manexen baserrira jai handi bat iritsi zen, alegia, txerria hiltzeko eguna, alajaina! Egun hura oso garrantzitsua izaten zen garai hartan baserritarrentzat, handik ateratzen baitzuten janari mordo bat, gero, urtearen zati handi batean behinik behin, iraun ahal izateko. Horretarako, urte hartan, txerri eme handi, zahar eta itsu bat zuten ongi gizenduta.

Goizeko hamarretarako, dagoeneko hantxe zeuden herriko txerri-hiltzailea eta mondongo egilea. Txerri-hiltzaileak labana eta burdin kakoa ongi zorroztuta eraman zituen, zer gerta ere. Manex ukuiluko eskaileretan zen, mugida guztia ikusten; momentuz, ez zen ausartzen beherago jaistera. Mondongo egileak, amak eta arrebak halaber, bitartean, ontziak eta baldeak ongi prestatuta zeuzkaten, animaliaren odola biltzeko. Manexen aita eta anaia zaharrenak orobat larrainean ziren, gainerako aktore guztiekin batera. Ordurako, txerria hiltzeko mahaia berebat prest eta ongi ezarria zeukaten larrainaren erdian. Mutikoa, eskaileretan, begirik kendu gabe, gertatzen zen guztia behatzen; urduri. Alde batetik, bazekien egun hura jai garrantzitsu eta onuragarria zela familia osoarentzat, baina, bestetik, beldur pixka bat ere bazuen, bai baitzekien txerriaren oihu eta garrasi desesperatuek izu handi samarra sorraraziko ziotela.

Gauzak horrela, pertsona eta tresna guztiak gerturik zeudela egiaztatu ondoren, zerrama itsuaren zorigaiztoko ordua iritsi zen; inork ez zion bereziki eskertu baserriari emandako txerrikume piloa. Aitak eta bi anaiak, txerritegiraino joan eta poliki-poliki, urde itsua larraineraino bideratu zuten, oso astiro, eta, leku batean baino gehiagotan, muturrekoak hartuta bere itsutasunagatik. Azkenean, animalia mahai ondoan zeukatenean, txerri-hiltzaileak burdinazko kakoa hartu, prestatu eta kokospetik sartu zion. Txerri gajoa, segituan hasi zen garrasi eta txilioka, desesperatuki, atzera eta kontra eginez; behin eta berriz, kurrixka, baina gizakiak askoz gehiago ziren, eta, gainera, ikusmendunak. Denen artean, aida batean menderatu zuten zoritxarreko animalia, batzuek hanketatik helduta eta beste batzuek isatsetik hartuta; hiltzaileak, berriz, kakoarekin eutsita. Jarraian, denen artean txerria mahai gainean etzanda jarri eta estu-estu heldu. Era horretan, amak baldea zerramaren lepo azpian jarri zuenean, abere-hiltzaileak aizto zorrotza sartu egin zion zintzurrean eta odola istantean borborka hasi zen ateratzen; mondongo egileak odola jira eta bira mantendu zuen ez gatzatzeko, gero odolkiak eta abar egiteko. Handik minutu gutxira, txerri zaharrak azken odol tanta eman zuen, eta, harekin batera, baita atzen arnasa ere; behingoagatik, garrasi eta oihu zoliak bukatu ziren. Mondongo egilea, ama eta arreba sukaldera joan ziren odol guztia hartuta, odolkiak egiteko prestatzera. Manex orduantxe ausartu zen larrainera ateratzera.

Behin lauhankakoa hilda, ukuilutik iratze lehor pixka bat sardez eraman, lurrean utzi, txerria haren gainean jarri eta berarekin ongi estali ondoren, su eman zioten garoari. Piztu ondoren, behin eta berriz mugitu zuten iratzea eta baita gehiago jarri ere, gainean, animaliaren ile guztiak ongi erretzeko. Geroxeago, jarduera bera egin zuten, baina itzulia emanda.

Erretzen bukatu eta gero, berriz ere gizonezkoek animalia mahaitxoaren gainean ezarri zuten, etzanda. Urde zaharrari ura bota, pozaletan eraman eta gero, errautsak eta zikinak errazago kentzeko. Jarraian, etxe ondoko teila zaharren pusketa batzuk hartu eta haiekin txerramaren larrua igurtzi eta igurtzi hasi ziren, hilotzaren alderdi guztietako larruazalak –gorputza, hankak, burua, belarriak, muturra, isatsa eta abar– ongi garbitu arte. Zeregin hura amaitutakoan, berriz ere ura bota zioten gainetik, txukuntzeko.

Gizonen artean, zerrama ahoz gora jarri eta aitak burdinazko kakoarekin azkazalak segituan erauzi zizkion. Orduan abere-hiltzaileak zera esan zion mutil bati:

–Hi, ekar iezadak labana, mesedez!

–Hementxe duzu –Manexen anaia baten erantzuna, segundo batzuk igarotakoan.

Gizonak, badaezpada ere, labana pixka bat gehiago zorroztu, eta, lehenik eta behin, lau hankak moztu zizkion urdeari, eta, segidan, alderik alde, erditik ireki, gainerakoek animaliari eusten zioten bitartean. Saihetsezurrak aizkora txiki batekin moztu eta barrengo errai guztiak ateratakoan, berriro ere bota zioten ura zerramaren hilotzari, barrura, eta baita kanpoan zeuden erauzitako organoei ere, aratz eta txukunago uzteko. Manexen bi anaiaren artean barrukiak, hau da, heste lodia eta mehea, gibela, bihotza, giltzurrunak, urdaila, gantza, birikak eta abar jaso bezain laster, sukaldera igo zituzten, hantxe, hiru emakumezkoek, harraskan, hustu, ikuzi eta prestatzeko, geroago gibela, odolkiak, birikak eta beste jangai batzuk ongi atondu eta ahoaz gozatu ahal izateko.

Larrainean, bitartean, gizonezkoek zerrama zaharrari belarriak eta isatsa moztu zizkioten. Gero, zutitu eta etxeko horman bermatuta, haga batean zintzilik jarri zuten egurats zabalean, gaua han pasa zezan. Manex, bien bitartean, hantxe zen, begirik kendu gabe. Eta lan hura bukatu bezain laster, mutikoaren arreba, etxeko leiho batean agertu eta zera oihukatu zien larrainean ziren guztiei:

–Aizue! Amak esan du sukaldera igotzeko denak! Hamaiketakoa prest dago, e?

Zer gehiago nahi zuten gizonezko haiek hura entzun baino? Aida batean, tresna guztiak jaso eta sukaldera joan ziren denak, noski, pozak txoratzen. Ordurako, sukaldean, hiru emakumezkoek txerri zaharraren gibela zatikatu eta frijitu egin zuten, tipula ugarirekin. Plateretan, gatz pixka batekin bero-bero zerbitzatu eta guztiek gustura asko jan zuten, ogi eta ardo pizar batekin lagunduta.

Arratsalde hartan, sukaldean, gehienbat emakumezkoak aritu ziren lanean, odolkiak egiten, eta, hankak, belarriak eta isatsa prestatzen eta abar.

Biharamunean, abere-hiltzailea baserrira itzuli, eta zerri hila, gau osoa egurasten igaro ondoren, mozten eta zatitzen hasi zen aizkora txikiaz eta labanarekin. Handik, urdai guriak, solomo samurrak, urdaiazpiko bikainak, saiheski goxoak, buru aprobetxagarria eta mutur biguna atera zituen.

Emakumezkoak, berriz ere, goiz eta arratsalde osoan jo eta su aritu ziren txistorrak, birikak eta abar prestatzen eta egiten, eta, gizonezkoak, ordea, txerriaren zatirik handienak, hau da, urdaiak, solomoak, urdaiazpikoak, burua eta abar ontzutzen, gero kutxa handi batean, denbora luzeagoan iraun zezaten.

Hurrengo egunerako, txerri hiltzearen lan guztiak bukatuta, hau da, mondongo denak egin eta gero, sukaldeko sabaitik zintzilik eta txukun agertzen ziren, makila horizontal luzeetan, berezko usain tipikoarekin eta piperrautsaren ohiko kolore gorriarekin: txistorrak, birikiak, lukainkak eta abar. Hantxe, beheko suaren eraginez, egun gutxiren buruan, ke usain eta zapore berezia hartuko zuten.

Gau hartan, zeregin oro bukatutakoan eta Manexek hainbeste esperientzia bitxi bizi izan ondoren, azkenean ohatzerako bidea hartu zuen neka-neka eginda. Berehala lozorro baketsuan gelditu zen, baina bizpahiru ordu igaro eta gero, ordea, mutikoa egundoko kurrinka, garrasi eta kurrixkak hasi zen entzuten:

–Kurrin-kurrin-kurrin! –Manex harriturik eta beldurtuta jarri zen. Baina, berriz ere:

–Kurrin-kurrin-kurrin! –gaztetxoak urduri eta izuturik jarraitu zuen; ez zekien animalia ala pertsona gaizkileren ote zen. Berriro, ordea:

–Kurrin-kurrin-kurrin! –mutikoak, jadanik etsita, ez zekien zer egin.

Halako batean, ohatzetik jaiki eta gurasoen gelara joatea erabaki zuen, laguntza bila. Tapakiak eta maindirea atzera bota eta hankak segituan atera zituen, lasterka hasteko, baina, bat-batera, kolpe latz eta lehor bat sumatu zuen gorputzean; logelan, berriz, zarata handia entzun zen.

–Ai, ai, ai! –oihu egin zuen Manexek.

–Baina, baina, zertan habil hor, lurrean, motel, orduotan? –galdetu zion harrituta aldameneko ohatzean zegoen anaiak, argia piztu ondoren.

Deusetan ez, arraioa! –erantzun zion Manexek modu txarrean eta zeharo ozpindurik, dena amesgaizto malapartatu bat izan zela konturatu zen bezain agudo–. Gainera, ze axola zaik hiri? –bukatu zuen mutikoak, zapuztuta.

Gauzak horrela, biharamunean, ustekabeko amesgaiztoaren ikara maltzur hura gainditutakoan, txerri puskak auzokoei banatzeko unea iritsita, amak honela esan zion seme gazteenari, eskolatik itzulitakoan:

Manex, hator hona, mesedez! Begira, txerri puska hauek Pelloren baserrikoentzat dituk, eta, beste hauek, hurrengo baserrikoentzat; ulertu al duk?

Bai, ama.

Tira, ba! Eraman itzak berehala eta ez entretenitu bidean!, e? Eta bukatutakoan, etorri segituan etxeko lanak egitera! Aditu? –agindu zion amak, serio.

Baaaai, ama! –esan zion semeak, asperdura itxurarekin.

Itxura denez, behinik behin, Manexek ongi egin zituen amak agindutako mandatuak, eta, hori horrela, handik egun batzuetara, aitak topo egin zuen ondoko bordako morroiarekin, Agustinekin, behiak belardi batera eramaterakoan, alegia, hilabete batzuk lehenago sugegorri batek heldu zionarekin, eta hark honako hauxe bota zion, ikusi bezain laster:

Ño! Bai ederrak zeudela Manexek ekarritako txerri puskak! Eskerrik asko! Estimatuak zaudek!

Ez horregatik, motel, eta pozten nauk goxoak baldin bazeuden! On egin! –erantzun zion Manexen aitak harridura pixka batekin, ez baitzuen uste morroi hari puskak eraman behar zizkiotela, baina, bueno, bere baitan pentsatu zuen bera nahastuta egonen zela, eta ez zion garrantzi handiagorik eman pasadizo hari.

Behiak euntzean sartu eta etxerako bidean beste gizon baserritar batekin topatu zen aita, hau da, Manexi kukua beldurraren beldurrez kendu eta etxean disekatuta zeukanarekin. Aitak, deus ere jakin gabe, zera esan zion:

Egun on, Martin! Ze, zuen txerri puskak ere goxoak al zeuden?

Gure puskak? Zertaz ari haiz, motel? Ez zekiat zer esan nahi duan –erantzun zion Martinek, harridura aurpegia jarrita.

Bai, gizona!, duela egun batzuk, etxean, txerria hil eta bere puskak Manexen bitartez bidali genizkizuen. Ez al zenituzten jaso? –aitak, txunditu samar.

Ez! Nik dakidanez, behintzat, etxean ez diagu deus ere jaso zuengandik –Martinen erantzun lehorra.

Bueno, bueno, ba, hik hala baldin badiok, halaxe izanen duk! Nik ez diat gehiago eztabaidatuko –eta horrela agurtu zuen Manexen aitak Martin.

Etxera iritsi zenean, emazteari zera galdetu zion:

Aizu! Zuk ez al zenuen bidali, ba, Manex Martinen baserrira, txerri puskak eraman zitzan?

Bai, bai, herenegun-edo bidali nuen. Zer gertatzen da, ba? –Manexen amaren erantzuna.

Ba, Martinek esan dit beraiek ez dutela deus ere jaso, eta zera gelditu naiz, ez nekiela zer esan eta zer pentsatu. Manexekin hitz egin beharko dut –azaldu zion senarrak–. Ea zer kontatzen didan.

Eguerdia igarota, Manex sukaldean bazkaltzera agertu zenean, aitak zera galdetu zion denen aurrean:

Aizak, Manex! Amak ez al zian eskatu, ba, lehengo egun batean, txerri puska batzuk Martinen baserrira eramateko?

Bai, halaxe eskatu zidan, bai –mutikoak, kuzkur.

Eta eraman al hizkien? –aitak, serio.

Ez –mutilak, lurrera begira. Familiako guztiak berari so zeuzkan.

Eta zergatik ez? –aitak ahotsa altxatuz, pixka bat estutu nahian.

Orain dela hilabete batzuk gaiztakeria bat egin zidalako! –erantzun zion semeak, erdi negarrez; ikaratuta.

Ze gaiztakeria egin zian, ba? Esan berehala! –agindu zion aitak.

Une hartan bertan, Manexek denen aurrean kontatu zuen, Martinek zer trikimailu itsusia egin zion kukuarekin, kendu eta disekatu zuenean. Ordura arte ez zion inori kontatu, baina, azkenean, askatuta sentitu zuen bere burua, gorabehera hura guztia azaldu eta gero. Lasaitu ederra hartu zuen gertaera osoa aitortu ondoren.

Horregatik, Martinen baserrikoei eraman beharreko puskak, Agustin morroiari eman nizkion, sugegorriak heldu zionean, nirekin oso ongi portatu zelako –askatu zuen bere mingaina, gustura, azkenean, Manexek, mendeku moduan.

Aitari ez zitzaion oso gaizki iruditu seme gazteenaren arrazonamendua, eta, ondorioz, ez zion inolako zigorrik jarri. Gauza bakarra esan zion denen aurrean:

Bueno, Manex, entzun ongi belarritik esan behar diadana! Ez zaidak gaizki iruditzen egin duana, nahiz eta mendekua ez izan oso lagun ona, baina, hala eta guztiz ere, hobeki eginen hukeen, guri, gurasooi, hasieratik dena kontatu izan bahigu; ea hurrengorako ikasten duan!

Aldi hartan, azkenean, ezbehar handiagorik gabe, Manex ongi samar atera zen egoera nahasi hartatik.