AMALURRA OPOR BEHARRETAN DA

«Lo egin behar dut! Bakea behar dut! Bakean lo egin behar dut!

Hau da hau komedia, unibertsoko izaki guziek pausatzeko eskubidea dute, eta ni naizen Amalurrak ezin? Polotik goiti nauzue opor egunik gabe Naturaren zaintzeaz. Unatua naiz. Akitua. Leher egina.

Guti baita noski mendiez erditzea milurtekoetan zehar, mendikatez mendikate. Ea anderea, pusa ezazu, pusa!

Aise baita noski ozeanoen kudeatzea, baretik izena baizik ez izanki eta noiznahi tsunamika hasteko prest baitira; itsasoan arbola landatzen ari naiz beti; ez da ez lan goxoa, jakin ezazue!

Eta zer erranik ez sumendiak abisurik eman gabe iratzartzen direlarik, nolanahika, eta burrunbaka hasten direlarik tira ahala, eta burutik beheiti goitika egiten, lotsagabe zirtzilak.

Beraz entzun ezazue ongi: fini, fini, fini…  akabo!

Oporrak hartzen ditut, ez naiz nehorentzat egonen, adio, ciao banbini, adios, bakea eta bi sos. Telefono mugikorra itzaltzen dut, konexioa mozten dut, sarerik ez, mezurik ez. Sateliteak doazela antzarak ferratzera. Lo egin behar dut!»

 

Gaixo Lurra. Pausatuko delakoan dago…  seme-alabak ahantzi ditu iduriz. Bost ditu, bost haur, biritxiak barne! Ez da ez lan guti!

 

Lau urtaroak oinarritzat harturik, ipuin musikatua sortu da. Testua Maddi Zubeldiak idatzi du eta musika Xano Halsouetek konposatu.

Irudia nagusi den garai honetan, beste apustu hau egin dugu, entzumenerako gaitasuna garatzea da asmoa, haurrak musika eta hitzak entzunez bere irudiak sor ditzan, irudimenari atea zabalik utzirik, baina aldi berean kontzentratzeko gaitasuna landuz.

KD formatuan argitaratu du Ikasek, hiru sareetan ari diren ikasleei zuzendurik.

Ustiapen pedagogikoa ere eskuragarri da Ikasen gunean, zortzi urtez gorako ikasleentzat, baina gazteagoek ere entzumenez goza dezakete, noski!