Euskaralai, Donibane Lohizuneko euskaldunen hitzordua

XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan, Lapurdiko Donibane Lohizune ederrean hainbat jende kezkatzen hasi zen euskararen eta euskal kulturaren gibelatzea ikustean. Hori zela eta, lau emakume kementsuk –Madalena Jauregiberri, Antoinette Lakarra, Madeleine Bribet eta Elise Aramendik—Bildu eta “Begiraleak” kultur elkartea sortu zuten. Berehala, donibandar ainitz hurbildu ziren elkartera. Orduz geroztik, elkarte horren izarrak Donibane Lohizuneko euskaltasuna argitu du, eta nola, gainera!
Elkarte honetan militatu zuten Lapurdiko itsas-hegiko euskal kulturgintzan ospetsuak izan ziren pertsonak: Piarres Lafitte, Iratzeder, Piarres Larzabal, Telesforo Monzon, Betti Betelu, Xanpun…  Hastapenetatik euskarazko antzerkia erabili zuten euskalduntasunaren adierazpide eta zabalbide gisa. 1935eko martxoaren 3an, lehen antzezlana jokatu zuten, A. Hillau anderearen “Supazter xokoan” izenekoa.
Geroxeago, euskal kantuek eta dantzek toki handia hartu zuten elkartearen langintzan, batez ere, Betti Betelu dantza-maisu mitikoaren garai oparoan. Donibane Lohizunen Begiraleak elkarteak antolaturiko kantu eta dantza egunak ospe handikoak izan dira Euskal Herri osoan.
Urtetan ehundaka eta ehundaka euskaltzale izan dira Begiraleak elkarteak urtero maiatz aldean antolatzen zuen Kantuaren Egunera hurbildu direnak. Azken urteetan, berriz, garai bateko arrakasta galtzen ari zen Euskal Herriko edozein herritan, jadanik, horrelakoak ospatzen direlako. Hori ikusita, eta gainera, elkarteak aurten laurogei urte beteko dituela kontuan harturik, elkarteak besta berezi bat egitea deliberatu zuen; horixe da igande honetan, apirilaren 19an, Dukontenea parke ezin ederragoan ospatu dutena.
Larunbatean, Lapurdiko kostaldeko herriak astindu zituen galerna ikaragarriak ez zuen deus onik iragartzen. Igande goizean, oraindik, euri zaparrada ttikiak ziren nagusi Donibaneko zeru ilunean. Hala eta guztiz ere, begiraleek besta egiteari ekin zioten. Hamaiketan, Donibane Kantuz hasi zenean, hodei beltzak barnealderantz abiatu ziren, ongi zigortutako kostaldetik urrunduz. Momentu horretatik aitzina eguzkiak saritu zituen Dukontenera hurbiltzen ari ziren euskaltzaleak.
Eguerdirako ainitz ziren bertara hurbildutakoak, haurrak zein helduak. Orotarik izan zen: kantuak, pailazoak, dantzak, taloak, piknika… Begiraleak dantza taldeko gazteek saio bikaina burutu zuten eta publikoak esker onez txalotu zituen.  Ikastolako haurrek abestu zituzten kantu goxoak arras hunkigarriak izan ziren.
Aurtengo “Euskaralai” jaia lehen aldiz ospatu badute ere, xiur naiz, donibandarren erantzun eta kemena ikusita, hurrengo urteetan jarraipen egokia ukanen duela. Donibane Lohizunen, Euskal Herri osoan bezala, euskaraz nahi dute bizi, euskaraz egin nahi dute egin hitz eta solas, eta bertakoen adoreaz eta grinaz oharturik, begi bistan da Lapurdiko herri horretan, euskararen geroa oparo eta aberatsa izanen dela. Axularren itzalak donibandarrak babes ditzan! Hala bedi!