Sorginkeri kontuak

Elezaharrak dioen bezala “Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik” doaz sorginak akelarrera. Soinu ezkutuak, suaren inguruan, biluzik dantzatzera. Begi hutsez ikusi ezin diren sentimenduak ikustera eta sentitu ezin diren ikusteak sentitzera. Razionaltasunetik haratago ikastera, gorputzetik haratago elkarri laztantzera. Sorginduta dagoenari ez diote unibertsoko legerik agintzen, aske dabil.

Nor ez da sekula, unetxo batez bada behintzat, horrela sentitu? Zer ote da maitasuna sorginkeri bat baino? Laino guztien azpitik eta unibertsoko lege guztien gainetik bizi da maitasuna. Eskolan, etxean zein kalean jasotako ezagutza denak pikutara bidali eta jainko berri bati dena eskeini beharra sentitzen duzunean. Lege fisiko, matematiko etab. baliorik gabe gelditzen dira maitasunaren aurrean.

Abiadura ere, lege ezezagunek neurtzen dute maitasunaren izara pean. Azkarrago zoazelarik ez zara sekula helmugara iritsiko. Helmuga ez baita distantzia fisiko batetara dagoen podiuma, egunez egun, elkar gozatuz, elkar lagunduz eta elkar errespetatuz lortzen den eguneroko saria baizik. Saria aurrez aurre duzularik, identifikatzean, jaso eta besarkatzean datza garailearen marka. Helmuga beraz, amaigabea da, bidea da helmuga.

Matematika eta algebra ere buruz behera jartzen ditu sorginduta dagoenak, ezinezko ekuazioak erabat zentzudun bihurtuz. 1 gehi 1 emaitza 2 ez denean, batura 1 denean, 1 mugagabe bat, 1 anitz bat. 1 gehi 1, 11 denean, hamaika AMETS, hamaika irribarre eta hamaika negar, hamaika aldiz amildegitik behera eroriz eta hamaika aldiz zulo beltzetik ateraz. 1 gehi hutsa, 1 ez denean, hutsunea baizik, bakardadea. Zu eta ni denak garenean, dena garenean.

Sorginduta egoteak beraz, beste mundu batetara ateak irekitzen dizkizu, ezagutza berriz eta bukaezinez jositako beste errealitate batetara, antzinako sorginekin akelarrean dantzan egotea bezala. Baina egun, atzo bezala, logikotik at dagoen ezer akatu nahiean, tinko darrai inkisizioa gure artean. Orain baina, ez dira iluntasunez pozoindutako gizon haiek, gaur, gu geu gara, nork bere buruan du inkisizioa, iluntasuna, kontrolpean ez dugunari beldurra, sutan erreta hiltzeko beldurra, jakin gabe horrek erabateko askatasuna, zoriontasuna alegia, ukatu baino ez digula egiten. Eta Hertzainak-en abestiak zioen bezala “Nork ez du maite askatasuna, nahiz ta leher dadin esku artean”, ez baitago mundu hortan garaipenik galtzekorik gabe.

Horrela bada, nik behintzat, ikasitakoa desikasten ikasi nahi dut, beldurrak atzean utzi eta mundu izkutura salto egin, mundu hortan galdu, mundu hortan jaio eta mundu hortan hil. Ni beraz, arropak kendu eta akelarrera noa, sutan erretzen banaiz ere edo saltoka amildegira erortzen banaiz ere, aske nahiz sorginduta. Hara noa, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik.