Kontatuko zeniguke zelan dauden gauzak?, eskatzen digute sarri. Zer esan, betikoak errepikatu gabe. Kontatzeko gogoa eta asperdura, euforia eta etsipena… laino klase guztiak pasatzen dira etengabe gure buru gainetik. Eta hain da zaila berba gutxirekin katramila hau esplikatzea…
Inozoak gu, urte bat edo biko gauza izango zela pentsatzen genuen gerra honetan sartu ginenean. Hamar urte igaro dira grafitoak aurkeztu zirenetik, zazpi urte eta erdi Eliseo Gil eta Lurmeneko beste kide batzuk auzipetu zituztenetik; oraindik epaileak ez du erabaki auzia artxibatu ala epaiketara eraman, beste urtebete luzatu du instrukzio fasea, Euskal Herrian irekita dagoen zaharrena. Ertzaintzak egina du bere polizia-txostena eta ez du ezer aurkitu Eliseoren aurka.
Eliseo Gil bota zuen tribunaleko kide izan zen Julio Nuñez. Gero aztarnategiko zuzendari izendatu zuten. Epaile eta onuradun aldi berean. Hondeamakina handi batez ia 10.000 m2 harrotu zituen. Haren aurkako kereilak artxibatu egin ditu epaitegiak. Zazpi urte darama aztarnategian eta oraindik ez du indusketez ezer publikatu. Bi milioi euro gastatu ditu; diru publikoa. Aurten EHUk kendu egin du Iruña-Veleiako zuzendaritzatik eta unibertsitateko irakaskuntzatik, klaseak ematera “egoera txarrean” joateagatik sarri samar. Aurtengo udan aldundiak Qark enpresari adjudikatu dio indusketa, inolako lehiaketa publikorik gabe. Ez dakigu nor izan den zuzendaria, eta ezta hamar urterako sinatutako Plan Zuzendariak indarrean jarraitzen duen, edota Nuñezek datorren urtean jarraituko duen. Ilunpea eta kaosa erabatekoa da.
“Bisita gidatu alternatiboak” egiten ditu SOS Iruña-Veleiak azken bi urte hauetan. Ia 500 pertsona pasatu dira hogei bisitetan; geu gara ia bisitari bakarrak Arabako lekurik bisitatuena izan zitekeen leku zoragarrian. Eta amaieran beti egiten zaigun galdera: baina zergatik gertatu da hau? Saiatzen gara geure usteak azaltzen, ezagutzen ez ditugun gauzak badirela onartuta: 1) Unibertsitateko hiru katedratikok bermatu zuten euskerazko ostraken ontasuna aurkezpen egunean, 2006an. 2) Handik lau egunera horietako batek, Gorrochategui jaunak, bere ustez faltsuak zirela deklaratu zuen idatzi baten bidez. 3) Lakarra eta Gorrochategui filologoak izan ziren faltsutasunaren lehen apostoluak eta sutsuenak. Besteak beste, Interneteko foroak pozoindu zituzten ezizen faltsuak erabiliz (Ik. Ama Ata eta nire bloga). Arrazoia, ostraketan agertzen den zenbait elementu (-a “artikulua”, adibidez) ez datorrela bat eurek irudikatzen duten antzinako euskerarekin. 4) Unibertsitatearen gogoa aztarnategia bereganatzeko eta Nuñezena zuzendari izateko. 5) “Euskalduntze berantiarra”ren aldekoen presioa, batez ere Espainiako historiografia “ultra”ren eskutik, teoria hori betiko lurperatuta gera zitekeelako. 6) Vatikanoaren eta Opus Dei-ren ustezko esku-hartzea.
Denborak esango du isilpeko konspiraziorik egon zen ala ez, edo “interesen konfluentzia” izan den besterik gabe. Nolanahi ere, koktel lehergarria prest zegoen, metxari su emango zion eskua falta bakarrik. Eta zein hobea horretarako gobernu abertzale bat baino. Lopez de Lacalle kultura diputatuak bere gain hartu zuen eginkizun hori, koalizioko alderdi guztien babesarekin. Batzordea sortu zuen “ad hoc”, kalera bota eta auzitara eraman zuen Lurmen, grafologoak kontratatu zituen Eliseo inkriminatzeko.
Eta falta ezin den galdera: ulertzen dugu betikoak kontra agertzea, baina abertzaleak?, euskaltzaleak? Gure herria munduan metro karratuko protestante gehien duen lurraldea izaki, zergatik dago nagusiki bertsio ofizialaren alde edo mutu auzi honetan? Geuk ere galdera bera egiten diogu geure buruari eta kosta egiten zaigu taxuzko erantzuna bilatzea. Gutxienez auzia argitzearen alde ahotsa jasoko balitz, alde batera edo bestera lerratu gabe ere, baina hori ere ez. Kolore guztietako euskal zein espainiar abertzaleak ados jarri direla ematen du. Ez da sinistekoa ia hedabide guztiek gai honi ezarri dioten zentsura. Gero Ipar Korea kritikatuko da. Nazioarteko Biltzarra egin genuen maiatzean, baina hedabideek ezikusi egin zioten. Hamar urte bete dira aurkikuntzak aurkeztu zirela, baina Berria izan da horretaz mintzatu den bakarra. Astero enkartelada egiten da Arabako Aldundiaren aurrean, baina oraindik ez da notizia eta argazkia inon argitaratu. Gure bisita gidatuen iragarkia bidaltzen da leku guztietara, baina ez da inon agertzen.
Doilorra izaten ari da gure elite politiko eta kulturalaren jokabidea. Eta eliteez ari garela, jende ugari etortzen zaigu bisita gidatuetara, baina horien artean ez dugu ikusten goi samarretik hegan egiten duen politikorik, kazetaririk, arkeologorik, historialaririk, hizkuntzalaririk, euskaltzainik, idazlerik, bertsolaririk… interes handiena izan beharko zuketenak, gure ustez, “beste bertsioa” ezagutzeko. Nahiago ostrukarena egin ostrakez jakin baino.
Aurkikuntzen garrantziaz asko mintzatu zen artean ontzat ematen zirenean. Benetako altxorra gure herriarentzat eta humanitatearentzat. Euskerazko lehen izen arruntak eta esaldiak, latinaren eta erromantzearen eboluzioa ezagutzeko datuak, erlijio paganoen eta kristautasunaren hedapenaz hainbat giltza. Eta abar. Eta hori oraindik aztarnategiaren % 10 ere aztertu ez denean. Euskaldunok lurpean dugun autoestimua apur bat jasotzeko ez zen gaizki etorriko. Agian horixe izan da desastrearen eragile nagusia, euskaldunok hezurretaraino sartuta dugun gutxitasun konplexua.
Baina , gezurra badirudi ere, gerra hau irabazita dagoela pentsatzen dugu. Azken ahalegin bat honetan sinisten dugunok! Ondo bada, laster samar egundu daiteke gaua Arabako Iruñan.
Juan Martin Elexpuru