Bizitzaren egunerokotasuna

 

Egunerokotasunean barneratuta dugun ekintza baten inguruan hausnartzera nator. Ekintza hau lana da, askok egunero 8 ordu (gutxienez), lanean ematen dute. Urteak joan urteak etorri eta konturatu gabe, bizitza osoa ematen dugu lanean erretiroa hartu arte. Gehienok ekintza hau hausnartu gabe barneratzen dugu eta ohitura gure irauteko modu bihurtzen dugu.

Pertsona askok, orokorrean, edozein baldintza eta salneurriko soldatak onartzen dituzte; eta argi dago enpresak egoera horretaz baliatzen direla. Gazte askok, praktiketako hitzarmenak onartzen ditugu (ez dira kontratu mailara iristen) gure formakuntzaren arloan lana egiteko asmoz. Batzuetan ikasi dugun arloan lan egiten dugu, baina gehienetan ez. Ez dakit errealitate horren jabe garen edo ez, baina osasuntsua iruditzen zait behintzat egoera ezagutzea. Argi izan behar dugu enpresariek eta erakundeek gure beharrez baliatzen direla euren interesak areagotzeko.

Zer da sentitzen duguna? Lan egiteko nahia edo beharra? Ez dut erantzun zuzenik, batzuetan nahia dela uste dut eta beste batzuetan beharra. Askotan entzun izan dut lan egitea txarra dela, hain da txarra non dirua ematen baitizute lana egiteagatik. Azken finean dirua beharrezkoa da oinarrizko beharrak asetzeko. Beste hausnarketa bat izan daiteke zeintzuk diren oinarrizko beharrak zehaztea. Argi dago etxebizitza eta janaria oinarrizko beharrak direla, baina Interneta? Eta kotxea?

Nire ustetan, sistema honek lan egitera behartzen gaitu nola edo hala, behintzat ekonomia honetan parte hartu nahi baduzu. Kontsumo gizarte honen indarra sekulakoa da eta askotan diruaren beharrak jendea edozein lana hartzera eramaten du.

Ez dakit non dagoen irtenbidea ezta zein izan beharko litzatekeen jokatzeko modua, baina argi daukat dena beti kolokan jarri behar dela; eta hausnarketa gure irizpide izan behar dela.