Sergio Purinen hitzak

Alaskako lurralde izoztuetatik Amazoniako oihan itzelera,

Patagoniako basamortutik Antillako uharteetara,

Andeetako goi-ordokietatik Mississippiko lautadetara,

lurralde gutxi dago Ameriketako gizakiak okupatu ez duenik aldiren batean ez bada bestean.

Asiatik etorritako migrazio-ondore beretik abiatuta,

orain dela hogeita hamar edo berrogei mila urte, hainbat kultura original sortu ziren.

Baina originaltasunak ez du esan nahi bakartuta egon zirela.

Gurpil-ibilgailurik edo monturako abererik ez izanagatik,

Ameriketako biztanleek harremanak izan zituzten elkarrekin;

berriz aurkitzen zuten elkar, baita ehunka kilometrotara izanik ere.

Kontinentean, bizitzeko modu askotarikoak eratu,

eta aztarna zoragarriak utzi zituzten.

Azteken eta inken ondasunak dira zirraragarrienak eta ospetsuenak.

XVI. mendean inperioak hondatuta utzi omen zituzten

itsasoz bestaldetik etorritako konkistatzaileek…

Baina burdinazko garai odoltsu haiek, kontinente osoa lardaskatzearekin,

ez zuten lortu milaka urtean sortu zena erauztea.

Gaur egungo Amerikak iragan hura ekartzen du gogora, batzuetan ahots mehearekin, zenbait aztarna sakabanaturen bitartez,

eta beste batzuetan ahots lodiz, antzinako ohiturak eta sinesmen hilezinak berriz pizten direnean…