ZURRUMURRUAK

Behin batean, gizon zahar batek, bere auzoko mutila lapurra zen zurrumurrua zabaldu zuen. Horren ondorioz, mutila atxilo hartua izan zen. Egun batzuk geroago, ordea, errugabea zela frogatu zen. Askatua izan ondoren, gizon zaharra auzitara eraman zuen, bidegabeki akusatzeagatik.

Auzitegian, adineko gizonak epaileari zera esan zion: “Inori kalterik egiten ez dioten iruzkinak izan ziren, besterik ez”.

Epaileak hauxe erantzun zion gizon zaharrari: “Idatz ezazu paper batean berari buruz esandako guztia. Ebaki papera zati txikitan, eta etxerako bidean, bota itzazu paper pusketa horiek zure autoko leihatilatik. Bihar, itzul zaitez hona, epaia entzuteko”.

Biharamunean, epaileak zera esan zion gizon zaharrari: “Epaia eman baino lehen, zu paper zatitxo guztiak biltzera joatea nahi dut”.

Agureak esan zuen: “Ezin dut horrelakorik egin! Haizeak leku guztietara barreiatu zituen eta dut jakiterik non dauden”.

Orduan, epaileak hauxe esan zion: “Era berean, hitz eta iruzkin xumeek hondatu ahal dute pertsona baten ohorea, halako moduan, non ezinen baitu berreskuratu. Norbaiti buruz ezin baduzu ongi hitz egin, ez esan deus ere. Izan gaitezen denok gure ahoen jabeak, honela ez gara izanen gure hitzen esklaboak. Esamesak lapurrak baino okerragoak dira, beste pertsonaren duintasuna, ohorea, izen ona eta sinesgarritasuna lapurtzen dituztelako. Zure oinek irrist egiten dutenean, beti berreskuratu ahal duzu oreka, baina zure mingaina irristatzen denean, behin ere ezinen dituzu zure hitzak berreskuratu”.