COVID-19AREKIN ETORRI DEN TELELANA, GUREKIN GELDITUKO DA

Covid-19aren pandemiak gauza anitz aldatu ditu gure bizitzan, eta gerora ere aldaktuko ditu, batzuk jada agerikoak dira, gure egunerokotasuna ezberdin egiten dutelako, baina epe luzera ere izango dira. Hemendik goiti gure gizartea nolakoa izango den asmatzea zaila bada ere, aldaketa batzuk jada aitzinatu daitezke, eta horien artean telelanaren hedapena agerikoa da.

Pandemia hasi baino lehen ia entzuten ez zen “telelana” hitza orain gure egunerokotasunean sartu da, eta gizarte egituraren parte bilakatu da. Ipar Euskal Herrian bigarren konfinamendua ere izan genuen 2020aren bukaeran, eta Gobernu frantsesak berriz ere ahal zelarik lanorduen erdia telelanean egitea gomendatu zuen, eta gaur egun ere koronabirusaren garapena murrizteko neurrien artean kokatzen da. Baina gomendiorik gabe ere, jende anitzek lan egiteko era aldatu du jada, eta etxetik aritzearen ohitura hartu du lehen konfinamendutik.

Horren eraginak anitzak dira: haurren edo adineko pertsonen zaintza laguntzea, lanorduen eta aisialdi orduen arteko muga lausotzea, CO2 izurpenen txikitzea, gizarte kontaktuak gutxitzea… Horiek guztiak, denborarekin, pittaka-pittaka ezagutzen, baliatzen edota pairatzen joan naiz, eta gizarte mailan deskubritzen joan gara, pandemiak aitzina egin ahala. Baina goi mailako enpresen mundua ikusteko Parisen irekita daukadan lehio txiki batetik begiratuta, beste gauza batzuk ere ikusi ditut (lehioa handia balitz zer beste ikusteko aukera genuken asmatzeak imaginazioari bide luzea uzten dio).

Urte hasieran, pandemia hitza oraindik aipatu egiten ez zenean, gobernuek Txinan gertatzen ari zena gurera ez heltzeko, edo heltzekotan zein neurri beharko ziren erabaki gabe zeudenean. Estatu Batuetako aseguru enpresa handi batek, Pariseko bere egoitzako buruei, jendea telelanean aritzeko dena prestatzen hasteko esan zien, eta egoitza aldatzeko momentua ailegatu baitzen, ordura artekoaren azaleraren erdia duen beste bat hartzeko agindua eman zuen, hortik goiti telelana garatu eginen zelako enpresaren ohiko ibilmoldean, espazioaren beharra ttipituz.

Telelana, beraz, gurekin gelditzeko etorri da. Bizitzako beste gauza anitzek bezala, batzuen gustoko eta besteen disgustoko da, eta onurak bezala kalteak ere baditu. Hori dela eta bidea elkarrekin egiten ikasi beharko dugu, norberak berarentzat egokia den ibilmoldea atzeman beharko du. Telelana eskura dugunoi neurria aurkitzea dagokigu orain, onurak gehien eta kalteak gutxien izan daitezen.