SINBADEN HARIA

Jihadismoaz, atentatuez, erradikalizazioaz, lege murriztaileez, hesiez eta antzeko gauzez jardutera ohitu garen garai honetan, eskertzekoa da buru-argitasunez betetako ahots bat entzutea. Halakoa izan ohi da Fatima Mernissiren ahotsa, zeina duela bost urte hil zen. Badu idazle marokoarrak Simbad sails the Net izeneko saiakera labur bat, Muchnik argitaletxeak 2004an gazteleraz argitara eman zuena, Un libro para la paz izenburupean. Mernissiren pare bat libururekin txundituta geratu nintzen duela zenbait urte. Las sultanas olvidadas eta Sueños en el umbral aurkikuntza itzelak izan ziren niretzat. Gozoa utzi zidaten aho-sabaian zein gogoan.

Mernissi espezialista da mitoen irakurketa irudimentsu eta zorrotzak egiten, eta aipatu liburuan bide berari jarraitzen dio. Lehen ere jorratu zuen Xerezaderen figura. Mernissirentzat Mila gau eta bat gehiagoko narratzailea emakume zerebrala zen sentsuala baino gehiago, baita arrazoiaren mito bat ere, erregearen bortxari gailentzen zaion adimenaren irudia. Zibilizazioarena. Aipatu saiakeran globalizazioarekin dugun harremana aztertzen du idazle marokoarrak. Beldurra omen diogu, arrotzak helduko diren beldur baikaude. Horra globalizazioaren definizio zehatz bat: arrotzari beldurra (nahiz eta gu geu barbaroak izan gaitezkeen geure baratzean). Mernissik galdera egiten dio bere buruari: beti izan al diegu beldurra arrotzei? Puntu horretan, Sinbad eta Cowboya erkatzen ditu. Sinbaden kasuan, egin zituen zazpi bidaietan zehar, harremanak eta zubiak egin zituen arrotzekin, eta horri esker, aberastuta itzuli zen sorterrira, eta zoriontsuago. Cowboyak ez du kanpora joateko beharrik, aberastasunak muturren aurrean baitauzka. Haren kasuan, arrotza ganadu lapurra baino ezin da izan. Eta indarra du lege.

Nolanahi ere, globalizazioa ez da gaurko kontua. Esaterako, bederatzigarren mendean Mediterraneoaren eta Indiako ozeanoaren merkatal-bideen artean globalizazio musulman bat izan zen, baina, hasieran, arabiarrek arrotzen hizkuntza ikasi eta itzulpenetan diru mordoa gastatu zuten ustezko “arerio” horiek hobeto ezagutu eta haiekin elkarrizketarako bidea sortzeko. Abasstar dinastia jakintsuez inguratu zen, eta eztabaida zientifikoetan parte hartzen zuten beren elkarrizketarako gaitasuna garatzeko. Islama heldu aurreko herrialde arabiarrak hizlari trebeak ziren, hain trebeak non munduko hizlari trebeenak zirela uste baitzuten (eta Islama heldu zenean ere uste horri eutsi zioten); beren hikma edo jakinduria horretan zetzala uste zuten. Ibn Khurdadbeh geografoak idatzi zuen hitza menperatzea ezinbestekoa zela musulman ororentzat. Bai eta gizaki ororentzat ere, gehituko genuke gaur egun. Sinbaden mitoa elkarrizketa sustatu nahi zuen botere jakin baten eredua da, boterea ulertzeko eredu jakin batena. Mende batzuk geroago, Al Mutadi agintariak ezpataren aldeko hautua egin eta Sinbaden ipuinak (eta ipuinak oro har) debekatu zituen.

Alternatiba bakarra al dago? Beldurrarena? Mernissik ez du halakorik uste. Agintariek bi aukera baino ez dituzte izan historian zehar: dirua egitea besteak hiltzen edo besteekin hizketan jarduten. Sun Tzu filosofo txinatarrak duela bi mila urte esan zuen hori, Gerraren artea liburuan, eta hartan zehaztu zuen hobe zela borrokarik gabe irabaztea. Ildo beretik, Ibn Khaldun jakintsuak esan zuen hitza ez eta ezpata erabiltzeak ekarri zuela arabiarren dekadentzia. Khaldunen ustez, arabiarrek ez zuten Al-Andaluseko lurraldea galdu arerioa gehiago zelako, beren seme-alabei elkarrizketaren artea erakusteari utzi ziotelako baizik. Hori bera lepora dakioke gaur egungo lehen munduari. Gero eta Cowboyagoak bihurtzen ari gara, hitzaren adiera makurrenean. Kausa justuengatik bizitza jokatzen zuten cowboyak izan bazirelako. Gaur egun, ordea…

Aurkaria argudio arrazional bidez konbentzitzeko arteari jadal esaten zaio arabiarrez. Islama ez da mundu itxi bat izan betidanik. Kristauak ez gara hain liberalak eta giza-eskubide zaleak izan betidanik. Garai bateko Granada elkarbizitza eredu bat zen. Badugu Sinbadengandik zer ikasi.