GAILU TERMOELEKTRIKOEKIN SUMENDIEN ZAINKETA EGITEKO NUPEKO SEEVOLC PROIEKTUAK SANTANDER X SPAIN AWARD 2021 LEHIAKETAREN HIRUGARREN SARIA JASO DU

Ezkerretik eskuinera, David Astrain Ulibarrena, Leyre Catalán Ros, Miguel Araiz Vega, eta Patricia Alegría Cía Arrosadiko campusean

Merkaturatu aurretik baliozkotze fasean dauden proiektuak egin dituzten unibertsitateko ekintzaileak saritzen dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) SeeVolc proiektuak hirugarren saria jaso du Santander X Spain Award 2021 – Launch izeneko lehiaketan, zeina Espainiako ekintzaileei zuzendua baitago eragin handiko startup-ak gara ditzaten. Sumendiak modu autonomoan zaintzeko proiektu bat da, eta beroa zuzenean elektrizitate bihurtzen duten gailu termoelektrikoetan oinarritua dago. Lehen saria Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Deep Detection proiektuak jaso du, eta bigarrena, Miguel Hernández Unibertsitateko ICU Medical Technologies taldeak.

SeeVolc-en arduradunak Patricia Alegría Cía, Miguel Araiz Vega, David Astrain Ulibarrena eta Leyre Catalán Ros NUPeko ikertzaileak dira. Saria 2.000 euro eta zenbait mentoretza dira. Aurrerago, Espainiaren ordezkari izanen dira, beste bi proiektu irabazleekin batera, Santander X Global Award lehiaketan. Han, Argentina, Brasil, Txile, Mexiko eta Erresuma Batuko proiektuekin lehiatuko dira.

Merkaturatzen hasi aurretik baliozkotze fasean dauden proiektuak dituzten unibertsitateko ekintzaileak saritzen ditu Banco Santanderrek lehiaketa honen bidez. Edizio honetan ehun proiektu baino gehiago aurkeztu ziren, eta horietatik hamar azken faserako sailkatu ziren. Orain, hiru proiektu irabazleetako kideek berrikuntzaren kudeaketari, teknologiaren merkaturatzeari eta ekintzailetzari buruzko mentoretzak jasoko dituzte Oxentia Fundazioaren eskutik. Fundazio hori Oxford University Innovation izeneko Oxfordeko Unibertsitateko transferentzia bulegoaren dibisio gisa sortutako Berrikuntzaren Aholkularitza Globalaren parte da.

Epaimahaikideak hauek izan dira: Miguel Martín, Espainiaren senataria World Business Angels Forum-en; Andrea Barber, RatedPower-eko zuzendari exekutiboa eta fundatzaileetako bat; Manuel Cantalapiedra, Banco Santander Españako berrikuntza-zuzendaria; Enrique Penichet, DRAPER B1-en fundatzaileetako bat; eta Nathalie Picquot, Banco Santanderreko Marketineko, Markako eta Engaiamendu Digitaleko sailekoa.

Sumendien zaintza

SeeVolc proiektuaren negozio ideia da energiaz hornitzea sumendien zaintzarako estazioak. Sorgailu termoelektrikoak erabiltzen dira, gauza direnak jatorri bolkanikoko bero geotermikoa energia elektriko bihurtzeko. Irtenbide hori patentatu dute dagoeneko, eta Teideko sumendian (Tenerife) eta Timanfayako Parke Nazionalean (Lanzarote) instalatutako zenbait prototiporen bidez frogatu da, non jada urte eta erdi baitaramate funtzionamenduan.

SeeVolc proiekutaren sustatzaileek azaldu dutenez, “gure teknologiak irtenbide berri, sendo eta merkea aurkezten du; izan ere, ez dago beste sistemarik gai denik sumendien zaintzarako estazioei energia etengabe hornitzeko; datuak denbora errealean igortzen direla ziurtatzen du horrek”.

Gaur egun, teknologia fotovoltaikoa da erabilgarri dagoen bakarra, eta sistema horrek “ez du gauez funtzionatzen eta arazoak izaten ditu egun lainotuetan eta elur asko egiten duenean. Bateriak instalatuak dituzten instalazio askok ere —garestiak eta balio-bizitza laburrekoak dira bateriak— maiz galtzen dute emisioa, eta, beraz, ezin dira behar bezala monitorizatu”.

Batez ere leku urrunetan dauden estazioetarako dago pentsatua SeeVolc, sare elektrikora konektatzea zaila den kasuetarako. “Gure sorgailu termoelektrikoak beroa elektrizitate bihurtzeko gai dira, eta, horri esker, energiaz hornitzen dituzte sumendien zaintzarako estazioak; ez dute elementu mugikorrik, eta ez dute bateriarik behar, etaerrendimendua hobetu ere egiten dute gauez, tenperaturak jaistean edo elurra egiten duenean”.