LOITZATE GOÑI, EKHI ROJO, NORA MENDIA, BEÑAT ASTIZ, SAIOA ALKAIZA ETA ENEKO FERNANDEZEN LANEK SARIA JASO DUTE IRUÑEKO II. BERTSOPAPERAK LITERATUR LEHIAKETAN

Loitzate Goñi, Ekhi Rojo, Nora Mendia, Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandezen lanek saria jaso dute Iruñeko II. Bertsopaperak literatur lehiaketan. Lehiaketak hiru modalitate ditu, parte-hartzaileen adinaren arabera ezarritakoak.

Jakinarazi da udazkenean egin ohi den ‘Bertsoaroa’ zikloa 2022ko otsailean eginen dela, Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin bat ez etortzeko. Osasun-krisia dela-eta, lehiaketa atzeratu da, eta Iruñeko Udalaren babesa izanen duen finala azaroaren 28an eginen da.

Hiru kategoria lehiaketan, betiere parte-hartzaileen adinari erreparatuta

Iruñeko II. Bertsopaperak literatur lehiaketak hiru kategoria ditu. A kategoria 2008an edo ondoren jaiotakoei zabalik dago. Lehen saria Loitzate Goñi Elortzak irabazi du, ‘Xauli’ lanagatik. Txakur bati eskainitako konposizioa da, maitasunez eta samurtasunez egina, epaimahaiaren hitzetan. Bigarren postuan, egile beraren beste lan bat dugu, ‘Baratzea’, non egileak, umorez, bere baratzeari buruz hitz egiten baitu. Hirugarren saria Ekhi Rojo Rodríguezentzat izan da. ‘Garai berriak’ lanean, egileak bere bizitzako garai berriei eta fase-aldaketari buruz hitz egiten du.

B kategoria 2004tik 2007ra bitarte jaiotakoei zuzentzen zitzaien. Nora Mendia Zabalzak lehen saria lortu du ‘Barnen/hormez’, ironia-ukitu batez, etxeari eskainitako lanarekin. Bigarren postuan, Beñat Astiz Isasiren ‘Kea darion bizitza honi’ geratu da, lantegietako bizitza jorratzen duen lana.

Azkenik, C kategoria 2003an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zitzaien. Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi du lehen saria ‘Habitat’ lanagatik. Epaimahaiak deskribapenen kalitatea nabarmendu du, baita etxeko sofatik irten gabe obrak lantzen dituen gaiek hartzen duten espektro tematikoa ere: maitasun mespretxatua, genero indarkeria eta bakardadea, besteak beste. Eneko Fernandez Maritxalarren ‘Olinpora bidean’ lanak bigarren saria merezi izan du, pil-pilean dagoen gai bat –presioa elite-kirolean– landu duen moduagatik.

Epaimahaia, Nafarroako Bertsozale elkarteak proposatuta, Amaia Telletxeak, Sustrai Colinak eta Mikel Beaumontek osatu dute. Idazkari gisa, Jokin Campion udal teknikaria aritu da.

22 lan aurkeztu ziren

Udalak eta Nafarroako Bertsozale elkarteak antolatutako lehiaketara 22 lan aurkeztu ziren: 9, A kategorian; 2, B kategorian, eta 11, C kategorian. 20 lagunek egin zituzten, 12 gizonek eta 8 emakumek. A kategorian 7 pertsona aurkeztu ziren (batek 3 lan eman zituen), B kategorian 2 parte-hartzaile egon ziren, eta C kategorian, 11 zenbatu ziren.

Nafarroako egileek zein nafarrak ez diren baina Foru Komunitatean bizi diren pertsona guztiek parte hartzen ahal zuten. Literatur lehiaketa honen xedea da bertsolaritza eta bertsopaperen modalitatea (bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoak) bultzatu eta sustatzea.

Udazkenean, Nafarroako Bertsolari Txapelketa, ‘Bertsoaroa’ zikloaren ordez

Osasun-krisia dela-eta, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45. edizioa udazken honetan egiten ari da urte hasieraren ordez, ohikoa zen moduan. Finala Anaitasuna pabilioian izanen da, azaroaren 28an. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale elkarteak sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin bat, Iruñeko Udalak jarduera egiteko beharrezko azpiegiturak emanen ditu, hala nola pabilioiaren eta agertokiaren alokairuak, gehienez ere 5.566 euroko gastua eginda (BEZa barne).

Hori kontuan hartuta, ‘Bertsoaroa’ bultzatzen duten bi entitateek erabaki dute zikloa atzeratzea; izan ere, zikloak 30 urte baino gehiago daramatza emanaldiak eskaintzen, eta erreferente bihurtu da euskarazko programazioan, baita bertsolaritzaren zirkuituan bertan ere. Data berdinetan bat ez etortzeko eta hiriak urteko bi momentutan bertsolaritzaren onena izan dezan, ‘Bertsoaroa’ 2022ko martxoan eginen da.