ASTRONOMIA ETA GURE NEURRIA

Astronomiaren inguruan sarritan izaten ditugu berriak. Nahiz eta zientzia sakona izan gure eguneroko bizitzan badu bere lekutxoa, bai. Izan ere, zeruari dagozkien kontuak nolabait ere denori interesatzen zaizkigu. Azken batean denok bizi gara zeru beraren azpian eguzkia eta ilargiaren arteko rol banaketa berezia delarik medio. Denok aritzen gara, udan neguan baino gehigo, zerura begira, izarrak edo hodeiak diren nagusi eta horrek, hurrengo eguneko eguraldiari buruz zer ekarpen izan dezakeen jakin nahian. Guztiok jarraitzen ditugu ilargiaren gorabeherak eta hilero harritzen gara ilargi beteak gure gauak argiz betetzen duenean. Bai, Euskal Herrian gauak ilunak dira, baina udan neguan baino laburragoak. Badira horri buruzko euskal abesti famatuak, Itoiz-en “…lau teilatu gainean, ilargia erdian…” dioena bezala.

Udan aritzen gara izar iheskorren bila, haueri gure desio ezkutuenak eta gogokoenak bete daitezela eskatuz. Une horietan Astronomiak eta Astrologiak bat egiten dute, eguneroko Horoskopoa begiratzen dugunean bezala, gure bizitzari buruz zer nolako berriak dakarkigun jakin nahian. Horoskopoak guk geure buruari buruz ez dakizkigunak adierazi al dezake benetan? Ez dago txarto dena den, aholku batzuk izatea, lantzean behin, hobeto jan eta deskantsatu dezagun, gure familiari denbora gehiago eman diozaigun edo eta kirolean gehiago ari gaitezen. Zerua handia eta zabala dela txikitatik erakusten digute, gehienbat gure kristautasunaren tradizioan. Izan ere, esaten denez, lur honetako bizitza utzi ondoren zeruan izango dugu gure gune berria. Beti ere lurrean gauzak era zuzenean eginez gero. Bestela infernua ere bada, hil ondorengo basamortu antzekoa, lurreango bizitzan zintzo ibili ez direnentzat.

Edozein kasutan, gure kabuz, edo erlijioaren bidez ikasitakoaren arabera, ezaguna dugu bai, unibertso handi batean bizi garela (finitua edo infinitua?) eta bertan inurrien antzekoak garela, txiki baino txikiagoak. Bizi gareneko lur hau, ezagutzen dugun errealitate bakarra da. Zerua hor dugu gainean, argia eta epeltasuna ekartzen diguna, lur gaineko bizitza posiblea eginez. Baina gu bizi gareneko errealitatea hemen behean, lurrean da, eta guretzat ez du amaierarik. Izan ere, lurra borobila izanik hori da borobiltasunaren abantaila nagusienetarikoa, mugarik eta bukaerarik ez izatea. Baina horri buruz ere izan dira eztabaidak gizakiaren historian. Cristobal Colon, XV. mendearen amaieran bere itsasontziekin bidaira atera zenean, Amerikak aurkituko zitueneko bidai historiko hartan, asmo horrekin, askok erotzat jo zuten. Izan ere, askoren ustetan bezala, Lurra laua izanez gero, munduaren muturrera heldu eta han galduko ziren arriskua zuten, han diren zomorroen sabelean edo han, muga urrun horretan, izan daitezkeen katarata eta infernu erraldoiaren biktima.

Orain badakigu Lurra borobila dela eta gaur egungo telekomunikazio eta hegazkinekin erraz ematen diezaiokegu bira. Ez da zaila ez, Interneten bitartez munduko beste muturrean (Antipodetan) bizi diren kideekin berbetan aritzea edota egun batean zehar bidaiatuz, hegazkin pare bat hartuz, Zelanda Berrian oporrak igarotzea.

Izan ere, lurra, izatez, planeta txikia da, eguzki sistemako bat baino besterik. Eguzkiak Lurraren aurrean elefante eta gizakiaren arteko proportzioak ditu. Eta eguzki sistema “Esne Bidea (Vía Lactea)” delakoaren parte txikia besterik ez da. Lurra txikia izanik, honen gainazalean ura da nagusi, eta gainera, kontinente baten mutur bateko herrialde txiki baten bizi gara. Gure neurriak, Euskal Herriarenak, nanoneurriak dira beraz, unibertso erraldoi honetan.

Astronomiak honetan dihardu, unibertsoaren misterio anitzen klabea asmatu nahian, alegia. Denok dauzkagu gogoan Astronomiak egindako ekarpen handienetakoak. Duela gutxi ikusi genuen nola beste nabe batean, nazioarteko estazio espazialera beste lau-bost astronauta heltzen ziren, Zertarako nahi dugu hain urrun, zeruan, espazioan zintzilik, bulego bat irekitzea? Arrazoiak anitzak dira baina ez dugu ahaztu behar, bereziki, gaur egun gure gizarte teknologiko hau hein handi batean, satelite artifizialek guretzat egiten duten lanari esker dagoela martxan. Izan ere hauek dira gure telekomunikazio bideek posible egiten dutenak, gure kotxeko gps-aren funtzionamendua ziurtatu, edota gure planetaren errekurtsoak kudeatzen eta aurkitzen lagundu. Azken batean, askotan, urrunetik hobeto ikusten da.

Denok gogoratzen dugu gizakia ilargira lehenengoz iritsi zeneko momentua. Armstrong-en urrats labur eta neketsu hura, grabitaterik gabekoa, gizonarentzat txikia izan bazen ere, gizadiarentzat erraldoia izan zen, historikoa.

enrique.zuazua@gmail.com