MATEMATIKARI OSPETSUEN ESALDIAK

Hainbat aldiz aritu izan gara matematikari buruz. Izan ere, esan genuen bezala, Matematika da gizakiak eraikitako gizarte teknologiko berri honetan aurki dezakegun eraikin intelektual miragarrienetariko bat. Eta, noski, beti lez, eraikin hau jasotzeko historian zehar hainbat langile izan dira: matematikariak, asko ezezagunak. Gaur egun ere hala gertatzen da. Matematikari asko ari dira munduan lanean, arlo anitzetan, hezkuntzan, Unibertsitatean, ikerketan, banketxetan, etab. baina gehienen izenak ez ditugu inoiz entzuten. Gaur matematikari ospetsuei buruz arituko gara; beraiek esandako eta idatzitako esaldi esanguratsu batzuen bidez, ikusiko dugu nolakoa zen euren ikuspuntua matematikaren mirariari buruz eta berorrek, atzetik dakarren guztia.

Adibidez, Lagrange-k honela esan zuen: Zer nolako zortea izan zuen Newton-ek bere garaian munduan sistema asmatzear baitzegoen.

Joseph-Louis Lagrange (1736 – 1813), Italian jaiotako matematikari eta astronomoari, beste askori bezala, aurreko garaietan gertatutakoak inbidia ematen zion. Izan ere, zientzietan, zientziaren arlo anitzak garatzen diren neurrian, geroz eta zailagoa dela ematen du ekarpen benetan handiak egitea. Newton, Sir Isaac Newton (1643 – 1727), Lagrange baino 100 urte lehenago bizi izan zen, gutxi gora behera, eta denok dakigun bezala, bera izan zen gaurko zientzia modernoaren aita nagusienetakoa. Fisikaria, matematikaria, alkimista, filosofoa… denetik egin zuen. Eta bere Principia Mathematica liburuarekin gaur egungo Fisika eta Matematika sortzeaz gain, munduaren sistemaren oinarriak eta berau aztertzeko eta garatzeko metodologia sortu eta finkatu zituen. Eta, Lagrange-k, dirudienez, berakiko inbidia zeukan. Noski, Lagrange-k, bere burua lasaitzeko pentsatzen zuen, berak ezin zituela Newton-ek eginiko ekarpenak egin, ezen bera jaio gabe baitzegoen artean, eta jaiotzerako, Newton-ek eginak zituen jada.

Newton aipatu dugu, berak finkatu zituelako gure munduaren sistemaren oinarriak. Planeten higidura, grabitatea, eta hainbat beste kontzeptu gaur egun guztiz beharrezkoak direnak, hegazkinek hegan egin dezaten, edo eta gure automobilek funtziona ditzaten.

Baina, bera, zientzialari handia zen arren, Jaungoikoarengan fedea zuen. Honela esan zuen: Beste frogarik ez balego, nire eskuko behatz lodia, Jaungoikoaren existentziaren froga nahikotzat joko nuke. Nolabait ere, matematikaren bidez sorturiko sistema zer nolako koherentea zen ikusiz, berak, honetan, Jaungoikoaren aztarna aurkitu zuen. Honela ere esaten zuen: Sistema miragarri hau, eguzkiaz, planetaz eta kometaz osoturik, nolanahi ere, izaki boteretsu eta azkar baten aholkuz eta jabetzaz sorturikoa izan behar du, derrigorrez… Jaungoiko gorena izaki infinitua da, guztiz perfektua, betirako…

Inoiz aipatu dugun bezala, bera, nahiz eta zientzialari itzela izan, apala zen unibertsoaren konplexutasun eta edertasunaren aurrean. Honela ere esan zuen: Ezagutzen duguna ur tanta bat da, ezagutzen ez duguna, itsasoa.

Gaur egun ere, eta hemen Euskal Herrian bereziki, guztiz baliagarria litzatekeen esaldi bat ere aipatu zuen: Gizakiok horma asko eraikitzen ditugu, eta zubi gutxi.

Eta, noski, ezin dugu hurrengoa ahaztu: Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalden gainean ibili naizelako izan da. Hala ere, bere aurretik izandako zientzialarien lanaren garrantzia azpimarratzen zuen. Izan ere, zientzia lan jarraikitua da, etengabea. Belaunaldi batetik bestera pasatzen dena, eroritakoa lepoan hartuz. Aurrekoek eginikoa erabiliz, hurrengoek osotzen eta hobetzen dute eta, lantzean behin, Newton-ekin gertatu zen bezala, pausu erraldoiak ematen dituen dinamika sortzen dugu, denon artean tarteka “Eureka” desiratu hori gerta dadin.

Badirudi, esaldi hau ez dela Newton-ena, Bernard de Chartres XII mendeko filosofo neoplatoniko frantsesarena baizik. Netwon bera ere, arlo batzuetan behintzat, Lagrange-ri gertatu zitzaion gisan, ez zen beti aurrena izan. Gaur egungo zientzialarioi ere honela gertatzen zaigu. Lan piloa egin, zerbait asmatu eta horren ondoren guk baino lehenago beste norbaitek asmatu duela aurkitu; horrelakoetan sekulako lurrikara sentitzen dugu. Adorea eta kemena goian mantentzea ez da askotan lan erraza izaten zientziaren karrera honetan. Egunero aritu behar da, bakar batzuetan soilik aurkitzeko. Esaldi hau oso ospetsua bihurtu da azken garaian. Izan ere Google Internet-eko tresnaren gune ezagunetariko eta erabilgarrienetariko honek, Google Scholar sortu du, non ikus ditzakegun idatzi diren hainbat liburu eta artikuluen berri. Google Scholar-ek esaldi hori hartu du bere lelotzat: Erraldoien sorbaldetan.

Zientzialari bikain eta erraldoiei buruz aritu gara gaur eta hauek nola ikusten zuten zientziaren miraria aipatu dugu esaldi ezagun batzuen bidez. Baina badira beste batzuk ere aipatu beharrekoak.

Leonardo di ser Piero da Vinci (1452 – 1519), sailkaezina, matematikaria, pintorea, eskultorea, ingeniaria… denetik eta hainbat arlotan bikain aritu zen honek ere, esaten zuen: Ziurtasunik ez dago matematika aplikatu ezin denean. Eta Albert Einstein (18791955), XX. mendean bizi izan dugun iraultza zientifikoaren bozeramailerik nabarbemenak ere honela esaten zuen: Nola daiteke bada, Matematika, esperientziatik at, gizakiaren pentsamenduaren produktu hutsa izanik, errealitatea horren ondo deskribatzeko baliagarria izatea?

Ulertu ez arren horrela da. Matematikariaren gaitasuna naturaren eta gizartearen jarrera konplexua azaldu eta ulertarazteko nabarmena da, baita harritzekoa ere. Matemakari ekiten jarraitu beharko diogu, hortaz.

enrique.zuaxua@gmail.com