ZINETIKAREN VII. EDIZIOA

 

Nazioarteko topaketa hau azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitartean eginen da Iruñean, Donostian eta Bilbon.

Programazioak barne hartuko ditu Marina Lameiro zinemagilearen masterclass bat, LUNA NEGRA filmaren aurkezpena eta In Perspective performancea.

ZINETIKA Jaialdiaren VII. edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitartean eginen da Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta bideo-dantzako film laburretan, performanceetan, lantegietan eta masterclassetan oinarritutako programazioa izanen du.

Oraingo honetan, nazioarteko topaketa horrek bi gune berri izanen ditu. Guggenheim Museoa izanen da Zinetikaren egoitza berria Bilbon, TopARTE programaren barnean, bere 25. urteurrenean. Horrez gain, Euskadiko Arkitektura Institutua izanen da Donostiako kokaleku berri. Donostian jarraituko du, halaber, Trueba zinemak film laburren proiekzioak egiteko. Iruñean, berriz, ekintzak Civivox Condestablen izanen dira.

LUNA NEGRA

Zinemari dagokionez, ZINETIKAk LUNA NEGRA film dokumentalaren estreinaldia hartuko du Nafarroan. Miguel Goñik eta Mikel Belascoainek zuzenduta, Granadako arte jondoaren unibertso poetiko eta magikoan barneratzen da, Alba Heredia dantzaria protagonista duela. Artista horren bizitzako funtsezko mugarriak erakusten ditu; besteak beste, ijitoen errito bidez ospatutako ezkontza edo bere semearen jaiotza. Zuri-beltzean eta 4:3an filmatua da. Filmak flamenkoaren behaketa- eta poesia-dokumentu bat da, Federico Garcia Lorcaren poesiarekiko paralelismoak dituena. LUNA NEGRA Granadako Zuzendari Gazteen Jaialdian parte hartu ondoren aurkeztuko da ZINETIKAn.

Esan beharra dago, halaber, ZINETIKAk joan den maiatzaren 31n itxi zuela 2022ko Hautaketa Ofizialean ikus-entzunezko lanak inskribatzeko deialdia. Aurten 1.180 film jaso dira, munduko alde guztietakoak; besteak beste, Txinatik, Irandik, Estatu Batuetatik eta Mexikotik. Aurki emanen da aukeratutako izenburuen berri.

MASTERCLASSA, PERFORMANCEA, LANTEGIA

Ohi bezala, jaialdiak masterclass bat ere programatuko du, NAPARen laguntzarekin. Kasu honetan Marina Lameiro zinemagile nafarrak emana (Young & Beautiful, 2018; Dardara, 2021). Marinak LA CÁMARA COMO EXTENSIÓN DEL CUERPO hitzaldia emanen du; horretan, bere filmen eta beste zinemagile batzuen pasarteetatik abiatuta, hausnarketa eginen du kameraren inguruan, gorputzaren beraren hedapen sentibera gisa.

Era berean, ZINETIKAk ‘In Perspective’ lana hartuko du, dantzaren, arkitekturaren eta musikaren arteko topaketan oinarritutako diziplina anitzeko performancea jokaespazio ez direnetan. Site specific horrek perspektibarekin jolasten du izenak adierazten duen moduan, giro zinematografiko bat gogora ekarriz. Publikoa ikuskizuna garatzen doan aldi berean doa, habitatutako espazioetan inspiratutako hainbat dantza-eszenaz jabetzen den bitartean. Laida Aldazen zuzendaritzapean, Gregory Alliot, Marta Coronado, Clarissa Costagliola, Stefano Matiello eta Beñat Urrutiarekin sortutako proposamena da.

Bestalde, Donostiako egoitzan lantegi bat eginen da, DECODING DANCE izenekoa. Muriel Romerok, Pablo Palaciok eta Daniel Bisig-ek (Instituto Stocos) emanen dute, eta dantza-artearen trebetasunak eta arte digitaletako arte-trebetasunak uztartuko ditu. Proiektu honen helburua da sormen-transferentzia sofistikatuaren maila berri bat lortzea bi diziplina horiek bat egiten dutenean. Helburu hori lortzeko, dantza digitalizatzeko tresnak lantzen dira, mugimendua atzituz eta adimen artifizialean eta arte sortzailean oinarrituta, arlo horietan gertatzen ari diren aurrerapen garrantzitsuak kontuan hartuta. Lantegi hau Dantzaguneak antolatzen du Zinetikarekin elkarlanean.

Berrikuntza gisa, aurten ZINETIKA Jaialdiak elkarren segidako hiru asteburutan garatuko ditu bere jarduerak, eta ez, aurreko edizioetan bezala, aldi berean astebetez. Horrela, azaroaren 18tik 20ra bitartean Iruñean garatuko da jaialdiaren programazioa; Donostian azaroaren 26tik 28ra bitartean; eta Bilbon,abenduaren 3tik 4ra bitartean.

ZINETIKA FESTIVAL

ZINETIKA Jaialdiak arte-trukerako plataforma gisa aurkezten da. Nazioartean hainbat diziplinatako erakundeen eta artisten arteko loturak ezartzeko aukera ematen du, kultura-trukea aberastuz horrela. El Trastero Creativok antolatutako Jaialdi honek bere egoitzak hartzen dituzten hiru hiriak senidetzeko eta, horrela, hiru probintzien arteko kultura-loturak sendotzeko lan egiten du. Horretarako, hainbat erakunderekin dihardu lankidetzan jaialdia egiten den hiru hirietan: Iruñea (Iruñeko Udala, Napar, Tres Reyes Hotela, Erreleku Erretegia, Noticias de Navarra, Arena Comunicación), Donostia (Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Kultura, Dantzagunea, Euskadiko Arkitektura Institutua, Kresala zinekluba, Noticias de Gipuzkoa) eta Bilbo (TopARTE/Guggenheim Museoa, Deia).

+ info: www.zinetikafestival.com/eu/.