MATEMATIKA ETA METEOROLOGIA

Eguraldia izaten da mendizalearen kezka nagusietako bat mendi irteerak prestatzerakoan. Sarriegi izaten dugu gure mendizaleen istripuen berri. Itsasorako bidean zein boga-bogan.

Eguraldia erraz eta arin aldatzen da sarriegi, ustekabean, gehienbat mendi gainetan eta itsas barruan. Hodeiek batzuetan ohartarazten gaituzte izango dugun euriari buruz. Baina, askotan, begi bistan ditugunean, beranduegi izaten da neurriak hartzeko. Zaparrada ekidin ezina da, beraz. Udan bada, giroa epel dagoenean, pasa. Baina neguan zapata busti horiek nola lehortu?

Ekaitza, trumoia, zaparrada, zirimiria, txingorra, haize-erauntsia, uholdea, tsunamia, eta beste hitz asko ezagunak ditugu eguraldiari buruz dihardugunean.

Bidaiatzerakoan ere, hobe da zein eguraldi datorkigun jakitea. Batzuetan hondartza eguna galdu baitezakegu. Baina hori ez da txarrena. Tarteka bizitza arriskuan jarri genezakeela ikusten dugu, ustekabean.

Esperientziak tarteka laguntzen gaitu, baina ez beti. Esate baterako, esperientziadun mendizaleak gehiegi fidatzen dira batzuetan, eta gehiegizko konfiantza horrek arriskuak dakartza.

Bidaiatzerakoan, errepideetan aurkituko dugunaren berri izatea ere garrantzizkoa da, ez baita gauza bera errepide siku batean higitzea edota elurpean. Antizikloia edo borraska izatea beraz, ez da inolaz ere berdina. Dena aldatzen da eguraldiarekin, umorea eta osasuna barne.

Gaur egun energia garbien iturria ere bada eguzkia. Eguraldia, beraz, gora eta behera.

Askotan, egunkariek edo Internet-ek oso modu orokorrean azaltzen duen eguraldi iragarpena nahikoa zaigu. Baina, noski, bidai luzeak eta arrisku handiagoko ekintzak hasten ditugunean, inguru horietako aurreikuspen zehatza behar-beharrezkoa zaigu eta halakoetan, askotan, lekuko prentsa espezializatuetan soilik aurki ditzakegu. Himalayan dabiltzan mendizale euskaldunek seguru honi buruz asko dakitela.

Hegaldiak antolatzerakoan gauza bera gertatzen da. Horrexegatik hegazkina hartzerakoan, abioiko kapitainak, beti ematen du espero den eguraldiaren berri, bidaiariak jakin dezan zer nolako bidaia izango duen: lasaia edo turbulentziaduna.

Helmugako hirira iristean ere, beti ematen digute eguraldiaren berri, askotan aldaketa handiak izaten baitira jatorrizko hiritik helmugako aireportura bitartean. Har dezagun bestela Parisetik Rio de Janeiro-ra abioia negu gorrian. 0-tik 40 gradurako aldaketa izatea oso posiblea da. Non sartuko dugu orduan Rio de Janeirora heltzean Parisen etxetik ateratako lumazko jaka? Eta alderantziz? Rio de Janeirotik ateraz gero praka motzekin, nola jasan Pariseko hotza, haizea eta elurra?

Matematikak honetan ere laguntzen du. Izan ere, eguraldi iragarpena, matematika da, zenbaki batzuk: tenperatura, hezetasunaren portzentajea, euriak dakarren ur kopurua, haizearen abiadura… Azken batean eguraldiaren berri emateko eta jakiteko, zenbaki apur batzuk nahikoa dira, kinieletan eta loterian bezala. Baina natura, berriz, librea da eta, nahiz eta asko saiatu, matematika ez da sarritan nahikoa izaten eguraldia aurreikusteko. Honelakoetan izaten dira ustekabeko lurrikarak, uholdeak, tsunamiak, eta beste hainbat bortizkeria meteorologiko. Gizakia eta eguraldiaren arteko harremana antzinatik dator. Izan ere, gizakiaren asmakizunik handienetarikoa suarena izan zen. Sua nola sortu asmatu zenean aberea gizaki bilakatu zen, klima eta eguraldiari tranpa eginez.

Herri bakoitzak baditu bere ohiturak eta, ondorioz historian zehar, esperientziarekin eguraldiaren inguruko hainbat ezagutza garatu dira. Euskal Herrian, adibidez, artzainek esandakoari egiten diegu jaramon, eurek ezagutzen baitituzte inork baino hobeto, naturaren gorabeherak. Itsasertzean bestalde, arrantzaleek esandakoari jarraitzen diogu, arrazoi berberagatik.

 

Honez gain, badago zientzia, eta eguraldi eta klimaren arteko harreman sakona. Hor Klimatologia eta Meteorologia deritzegun arloak. Lehenengoa, bere izenak dioen bezala, klimari buruz arduratzen da eta azkenaldian, bereziki, aldaketa klimatikoari buruz.

Hemen ikus dezakegu, esaterako, gizakiaren jokabideek sortutako tirabiren eragin garratza. Interes ekonomiko erraldoiak dira tartean, noski, batzuk, kutsatuz dirua egiten dutelako, edo dirua egiteko kutsatu beharra dutelako; beste askok berriz egungo aberastasunari baino garrantzia gehiago ematen diogu planetaren iraunkortasunari, etorkizuneko gizakiak izango dituen baldintzeri, alegia.

Meteorologia ordea, egungo eguraldiari buruz arduratzen da eta hauxe da eguneroko ardura eta kezka. Lehen telebistan soilik agertzen ziren meteorologoak, hurrengo eguneko aurreikuspena ematen zutelarik. Gaur egun berriz, badakigu, Meteorologia zientziaren arlo garrantzitsuetako bat dela eta baita berorren erronka handia, lehen egun batetik bestera ematen ziren aurreikuspenak, egun askotara luzatzea dela, beti ere, doitasunik galdu gabe.

Honetan matematikak ba al du zerikusirik? Bai, noski, beste arlo askotan bezala.

Eguraldia, modu berean, ekuazio matematikoen bidez aurreikusten da. Eredu bat sortzen da, aurreko estatistikak erabilita, inguruneko geografia kontutan izanda, airea, euria, lurra eta itsasoaren arteko elkarrekiko eraginak aztertuta. Behin ekuazio matematiko erraldoi horiek izanik, egungo superordenagailuen bidez zentro berezietan ebazten dira eta, honekin, hurrengo egunetako eguraldia aurreikusten da. Asko ikasi dugu azken urteotan. Gaur egun Internet-en idatzi “Bilbon eguraldia”, eta berehala izango dugu Bilbon bertan ondorengo egunetan izango den eguraldiaren azalpen zehatza, zenbaki eta irudien bidez.

Lehen esaten genuen planeta bizirik dagoela eta askotan eguraldiak sekulako sorpresak gordetzen dituela. Honek ere badu matematikarekin zerikusia. Izan ere kaos-aren teoria eguraldia aztertuz sortu zen. Kaos-a denok dakigun bezala, ordena faltaren ezaugarria da. Kaos-a denean ezin da ezer aurreikusi, gauzak bere kabuz aldatzen baitira, bistako arrazoirik gabe. Eguraldian aurkitu genuena, ondoren, beste sistema dinamiko askotan nabaritu genuen. Honek denboraren zeharkako higiduraren gorabeherak aztertzen ditu eta Kaos-a denean, bidaiek bezalatsu, eromen hutsez, leku guztietara eta inora eramaten gaitu aldi berean.

Edward Lorenz meteorologo amerikarrak nabaritu zuen Kaos-a 1960. urtean. Bera ardura honakoa zen: Eguneko datuak eta eguraldiaren bilakaeraren ekuazioak ongi ezagutuz, zergatik zen hain zaila ondorengo eguneko eguraldia asmatzea? Honetarako eguraldiaren ekuazioa erraztuz hiru ekuaziotako sistema sinpleago bat asmatu zuen eta berorren ebazpenak kalkulatuz eta margotuz, Kaos-a nabaritu zuen. Hasierako datuak pixka bat aldatuz, ebazpenak modu eroan erantzuten zituen.

Ezaguna da Kaos-aren inguruko esaldia: Brasilen tximeleta batek hegalak higitu eta Euskal Herrian urakana.

enrique.zuazua@fau.de