PREBIOTIKOAK ETA PROBIOTIKOAK

Prebiotiko eta probiotikokekiko interesa asko handitu da farmazian azken urteotan. Jarraibide argiak behar ditugu bai ebidentzia zientifiko gehien duten anduiei dagokienez, bai egoera zehatzen araberako gomendio espezifikoei dagokienez. Izan ere, gero eta gehiago ezagutzen dira mikrobiotarekin loturiko hainbat alderdi eta horiek osasunarekin duten lotura. Era berean, pazienteek mikrobiotari eragiten dioten produktuekiko interesa asko handitu da.

Produktu horiek ez dira berriak farmazian, urteak baitaramatzagu egoera jakin batzuetarako gomendatzen. Andui berriak etengabe agertzen dira eta prestakuntza egokia behar dugu hainbeste barietate eta informazio bereizteko.

Gero eta ebidentzia gehiago dago andui probiotiko desberdinen eraginkortasunari buruz hainbat osasun-arlotan. Gero eta hobeto ezagutzen dira onura horiek eragiten dituzten mekanismo posibleak, nahiz eta oraindik asko dagoen ezagutzeko; hasteko, mikrobiota osatzen duten eta oraindik ezaugarritu gabe dauden espezie asko”, azaldu du María José Cachafeiro, La Felguera-ko (Asturias) La Pomar farmaziako farmazialari titularkide eta dietista-nutrizionistak.

Oinarrizko kontzeptuak argitzerakoan, jakin behar da elikagai funtzionala, haren nutrizio-ezaugarriez gain, organismoaren funtzio batean edo gehiagotan osasunerako onuragarria dela, zientifikoki frogatuta, halako moldez non egoera orokorra hobetzen duen edo gaixotasun bat izateko arriskua murrizten duen.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) definizioaren arabera, probiotikoak mikroorganismo biziak dira, eta kopuru egokietan hartzen direnean, kontsumitzen dituenari osasunerako onurak ematen dizkio. Eubiosia da eremu jakin bateko mikroorganismoen arteko oreka (hesteetakoak, ahokoak, baginakoak, etab.). Egoera horretan, mikroorganismo horiek beren funtzioak ondo betetzen dituzte eta ongizatea ematen dute.

Prebiotikoak hesteetako mikrobiotan mikroorganismoen genero/espezie kopuru mugatu baten hazkunde eta/edo jardueraren estimulazio selektiboa eragiten duten osagaiak dira, eta onurak ematen dizkiote ostalariaren osasunari.

Azkenik, sinbiotikoa da gutxienez probiotiko bat edo gehiago eta konposatu prebiotiko bat edo batzuk konbinatzen dituena. Produktu bat sinbiotikotzat jotzeko eragin onuragarri handiagoa izan behar du, bere osagaiak berezita dutena baino.

DISPENTSAZIO PROTIKOLIZATUA

Oso ezaguna da antibiotikoekin egiten diren tratamenduek disbiosia sortzen dutela eta disbiosia murrizteko probiotikoek duten balioa. Antibiotikoak hartzen direnean, farmazian probiotikoak gomendatzea jadanik ondo protokolizatuta dago.

Era berean, “farmazialarioi aholkuak eskatzen zaizkigu baginako kandidiasi errepikariaren eta zistitisaren aurkako tratamenduek eragindako albo-ondorioak saihesteko edo gutxitzeko” Cachafeirok gehitu duenez.

Garapen bidean dauden herrialdetara joaten denean edo uraren kalitatearen bermea eskasa izaten denean, beherakoak eta gastroenteritisa prebenitzeko prebiotikoen erabilera ere handitzen ari da. Halaber, odoleko lipido-mailak kontrolatzeko erabiltzen dira, gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin, sindrome metabilikoarekin eta bihotz-hodietako arriskuekin loturiko zenbait arazori aurre egiteko.

Azken indikazio honi dagokionez, “oso eraginkorrak diren probiotikoak badira. Kasu honetan, tratamendua gutxienez bost edo sei hilabetez mantendu behar da”, adierazi du Cachafeirok.

Probiotikoen indikazio berriagoak badira; esaterako, edoskitzearekin loturiko mastitisa prebenitzeko edo murrizteko, aldartea eta funtzio kognitiboak hobetzeko, baita ahoko eta zenbait arazo dermatologiko tratatzeko ere.

DENAK EZ DIRA BERDINAK

Gero eta gehiago dira eskuragarri dauden produktuak. Guztiak ez dira berdinak eta guztiek ez dute balio gaitz zehatz bat tratatzeko, eta ez dute eraginkortasun eta oinarri zientifikoko maila bera”, Asturiasko farmazialariak adierazi duenez.

Horrela, gogorarazi du “paziente bat probiotiko bat hartzen ari da, eta eraginik ez duela esaten badu, baliteke bere patologiarako edo egoera zehatzerako egokia ez izatea, horregatik oso garrantzitsua da kasu bakoitzean zer gomendatu ondo jakitea”.

Ildo horretan, azaldu du “badirela produktu probiotiko “generikoak”, hainbat indikazio dituztenak, eta beste batzuk, berriz, oso espezifikoak, egoera jakin batzuetan ondo funtzionatzen dutenak, baina horietan bakarrik. Askoz errazagoa da ezagunenen eta generikoenen artean aukeratzea eta asmatzea; adibidez, antibiotikoek eragindako disbiosia prebenitzeko, batez ere, lauzpabost anduiren konbinazioak dituzten produktuak. Beste batzuk askoz espezifikoagoak dira eta formakuntza gehaigo eskatzen dute”.

BETI LAGUNTZAILE GISA

Aditu horrek nabarmentzen du, halaber, oso garrantzitsua dela argi izatea probiotikoak laguntzaile gisa erabili behar direla, eta ez medikuak agindutako tratamenduen alternatiba gisa.

Askotariko forma farmazeutikoak daude, hainbat administrazio-modu dituztenak. Izan ere, produktuak prest egon daitezke merkaturatuta dauden moduan hartzeko (kapsulak ahotik, adibidez), eta beste batzuk maneiatu edo prestatu egin behar dira, hala nola uretan nahasteko hautsak. Azken kasu honetan, pazienteari esan behar zaio produktua berreratu denetik, uretan nahastu denetik alegia, hartu arte, minutu batzuk pasatzen utzi behar dela.

Halaber, prebiotikoa edo probiotikoa nola hartu behar den aholkatu behar da; hau da, elikagaiarekin edo elikagairik gabe. Fabrikatzailearen fitxa teknikoan edo erabilera-orrian zehazten da hori. Hala ere, oro har, elikagai edo edari oso beroak hartzetik bereizi behar da, eta antibiotikoak hartzetik gutxienez bi ordutan urrundu.

Ez da garrantzi gutxiagokoa argi uztea produktu horiek ez dutela berehalako eragina izaten; aitzitik, tratamenduak gutxienez hiru hilabetekoa izan behar du, eta, kasu askotan, sei hilabetekoa. Cachafeiroren ustez, puntu hori argi uztea ezinbestekoa da “pazienteak produktua hartzeari utz ez diezaion, astebetez soilik hartu duelako eta hobekuntzarik nabaritu ez duelako”.

Farmaziaren informazio- eta dibulgazio-lanak garrantzi berezia du horrelako gaietan. Garrantzitsua da prestatuta egotea, gomendatzen ditugun produktuak ondo ezagutzea eta baliabideak izatea. Izan ere, gero eta paziente gehiagok bilatzen dute mikrobiotari eta probiotikoei buruzko informazioa, eta eskura dagoen informazioa, batez ere sarean, ez da beti zehatzena” ondorioztatu du Cachafeirok.

Erreferentzia:

Díaz González, C. 2022ko urria. Trabajar los probióticos exige estar al día de las nuevas cepas. Autocuidado. Especial Correo Farmacéutico.