AUZO LOTSA 36 UDALETXEKO KOMUNAK

 

Iruñeko udaletxean lanean hasi nintzenean zinegotzi moduan, hau da, 2003. urtean, eraikin osoan, oker ez banago, komun bat bakarra zegoen egokituta elbarrientzat, eta, gaizki ez badut gogoratzen, gainera, behean zegoen kokatua, alegia, minus bat solairuan, edo, beste modu batez esanda, etxeko sotoan.

Baina, zein da kontua? Bada, kontua da, garai hartan, komun eta konketa asko egokitzen zirela txosten teknikoa betetzeagatik, besterik gabe, hau da, askoz gehiago ahalegindu gabe, eta, era hartan jokatuta, gero zera gertatzen zen, sarritan, komun eta konketa haiek ez zirela ia-ia batere funtzionalak eta erabilgarriak; askotan, arauek markatzen zituzten neurririk handienak jartzen zituzten praktikan, eta, gero, erabiltzaileentzat sarri askotan desegokiak ziren: altuegiak zirelako, zabalegiak gelditzen zirelako eta abar.

Eta horixe da, hain zuzen ere, Iruñeko udaletxeko komun hartan gertatzen zitzaidana, hots, neurriak handiegiak zeuzkan (komunontzia altuegia, barrak oso zabalak, konketa hankaduna, eta bat eta beste), eta, modu hartantxe, ni bakarrik ezin nintzen moldatu behar bezala erabiltzeko. Era xelebre hartan ibili behar izan nuen hainbat eta hainbat hilabetetan Iruñeko udaletxe ospetsuan, arik eta, noizbait, nire kexak entzunda, hirugarren solairuan, behar bezalako komuna eta konketa egiteko lana hartu zuten arte.

Horren ondorioz, batzuetan 8, 10 eta baita 12 orduz ere egon behar izaten nuen pixarik egin gabe, maskuria lehertzear neukala, etxera iritsi arte, batez ere, osoko bilkura edota antzeko zerbait edukitzen genuenean.

Hala eta guztiz ere, ez ezazue pentsa beti dena hain polit eta goxo joan zenik, ez, izan ere, Hirigintza Batzordeetan edo bestelako bileretan ere, nire jakinarazpen haiek egiterakoan, inor asko ez asaldatzeaz gain, noizean behin entzun behar izan nituen irribarre ironiko eta burlatiak, hau da, mespretxagarriak, “pixontzia!” esan nahi izan balidate bezala, eta, jakina, inork barkamenik edota desenkusarik eskatu gabe. Baina, bueno, zer espero liteke enpatiarik ez dagoenean?