ELKARBIZITZA ALDARRI

 

Elkarbizitzaren aldeko aldarria egin nahi dugu

 

Lerro hauen bidez, EHNEtik babesa eskaini nahi diogu txakur baten jabe batek jipoia eman dion artzainari. Ezin dira horrelako jarrerarik onartu. EHNEtik elkarbizitzaren aldeko aldarria egin nahi dugu, baina horrelako jarrerak ezin dira zigorrik gabe gelditu.

Mendian aske dabiltzan txakurren arazoa geroz eta larriagoa da. EHNEtik administrazioekin egindako bileratan, askotariko foroetan salatu dugu egoera hau, sortzen dituen ezinegon eta kalteak errepikatu ditugu etengabe. Ezer baino lehen, argi utzi nahi dugu ez gaudela txakurrak mendian ibiltzearen kontra, baina etengabe jabeei arduraz joka dezaten eskatzen aritu behar izan gara.

Era berean, foru aldundiek, beren Mendiko Foru Arauean, jasota dute txakurrek mendian lotuta joan behar dutela (salbuespena: artzaien txakurrak lanean ari badira aske ibil daitezke). Kartel guztietan adierazten da hala egin behar dela. Arau haustea eginez gero zein zigor dagokion ere zehaztuta dago, baina aldundiek ez dute exekutatzen. Zergatik? Haiek erantzun beharko dute, baina guk argi dugu egoera zuzentzeko ardura administrazioarena ere badela.

Oraingoan artzainari jipoia izan da, orain urte batzuk Gorbean hiru txakurrek ardiak zulo batera bota zituzten eta asko hil ziren… hamaika dira adibideak. Baina aziendari eragindako kalteak ez dira hozka egiten dutenean bakarrik gertatzen: abortoak, herrenak, abereak galtzea, zauriak, heriotzak… Eta horiek ez dira albistegietan agertzen, baina gure etxeetan pairatzen ditugu egunero.

Denok jokatu behar dugu arduraz dagokigun mailan: baserritarrok azienda baimendutako lekuan izan behar dugu; jabeek mendian lotuta eraman behar dituzte beren txakurrak; eta administrazioak, eta kasu honetan aldundiek, arauhausterik ez gertatzeko kontzientziazioan lagundu behar du, baita legea betetzen ez denean zigortu ere.