AUZO LOTSA 43 LAU HARRI KOZKOR

 

Ostiral batean, beste batzuetan bezalaxe, hau da, egokitzen zenean bezalaxe, goizeko bederatzietarako, Iruñeko San Fermin elizako aldapara joan ginen alkate andrea eta zinegotzi batzuk, kanpoko herri lanak nola egiten ari ziren ikustera, izan ere, indusketa haietan hilerri bat agertu zen, material eta gauzaki ugarirekin, esate baterako, hezurrak, txanponak, zeramikak eta abar. Nik ez nuen oso aukera onik izan objektu haiek ikusteko, alde batetik, lekua nahiko aldapatsua zelako, eta, bestetik, udaleko nire kide batzuk berberak jarri zitzaizkidalako aurrean; tira!, zer eginen diogu, bada?, baina horrek ez du oso ongi hitz egiten haien alde.

Aldi hartako udal gobernuak, beste leku askotan bezalaxe, han ere, lurpeko aparkaleku bat egin nahi zuen, kudeaketa pribatuarekin, noski, beren negoziotxoak egiteko, baina Vianako Printzea Erakundeak esan zuen, leku hark balio historikoa eta kulturala zeuzkala, eta, zegoen bezala-bezalaxe utzi behar zela. Horrexegatik, hain zuzen ere, joan ginen hara udaleko hautetsi batzuk, goiz hozkirri hartan, Vianako Printzea Erakundeko zuzendariaren azalpenak eta iritziak entzutera.

Ordurako, erakunde hark, udalbatzari esana zion, obra hura debekatu beharko zela, gorago emandako arrazoiengatik, eta, jakina, erabaki hark egundoko ika-mika sorrarazi zuen udal gobernuko alderdietako partaideen artean; haiek, lanak, kosta ahala kosta, aurrera eraman nahi baitzituzten. Eztabaida eta gorabehera bat baino gehiago sortuak zituen dagoeneko.

Gauzak hala, erakundeko zuzendariaren adierazpenak denok ikusi eta entzun ondoren, zinegotzi batzuk hantxe bertan hasi ziren beren iritziak ematen eta balorazioak egiten. Nire atzeko aldean, konparazio baterako, CDNko Ignacio Perez Cabañas zegoen, eta, nik, nahi gabe izan bazen ere, zera entzun nion esaten bere kideren bati:

-Marka duk gero, e! Lau harri kozkor ziztrin eta zikinengatik, halako obra bikaina bertan behera utzi behar izatea ere! A ze aukera aparta galdu behar dugun alfer-alferrik, zorioneko nekropoli madarikatu honengatik!

Kontuan eduki behar da, Ignacio Perez Cabañas delako pertsona hau, une hartan, Iruñeko Udaleko kultura-zinegotzi delegatua zela, eta, haren kalitatean ari zen goiz hozpil hartan, gure artean. Baina, berak, inola ere itxoiten ez zuena zen, harri haiek belarriak eduki ahal zituztela, eta, goraxeago esan dudan bezalaxe, nik den-dena gardenki entzun nion, ustekabean.

Garai hartako, Nafarroako egunkari ezagun batek, bazuen eguneroko atal bat, zera jartzen zuena, BA AL ZENEKIEN…? Eta niri, egun hartan berean bururatu zitzaidan egunkari hartara deitu eta kontatzea, Ignacio Perez Cabañas jaun kultuak, goiz hartan, bere aho goxotik, jaurti zituen esalditxo liluragarriak.

Biharamunean, Iruñeko Udaleko kultura-zinegotzi delegatu “burutsuak”, egunkarian irakurri zituenean bere esalditxo burugabeak, sekulako haserrealdia eta amorrua hartu omen zituen, disimulatzeko ere gauza ez zela, baina errua nori leporatu ez zekienez gero, hantxe ibili behar izan zuen, nonbait, alde batetik bestera, erabat amorraturik eta purrustaka, zer egin eta hanka-sartze larri hura nola atera ez zekiela. Haizeak ereiten dituenak, ekaitzak jasotzen ditu.