SILVIA ARAZURI

Silvia Arazuri NUPen.

NUPeko Nekazaritza eta Baso Ingeniaritzaren arloko irakasle titularra da

Silvia Arazuri Ingeniaritza Saileko Nekazaritza eta Basogintza Ingeniaritzako irakasle titularra Kalitatearen eta Tituluen Kudeaketa arloko zuzendari izendatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Baratzezaintza eta Lorezaintzako ingeniari teknikoa, nekazaritzako ingeniaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea da. 2002an hasi zen irakasle, eta orain nekazaritzako motorrekin eta mekanizazioarekin lotutako irakasgaietan ematen ditu eskolak batez ere, baina baita lan arriskuen prebentzioan eta lurraldearen eta paisaiaren antolamenduan ere. 

Kudeaketaren arloan, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko idazkari eta zuzendariordea izandakoa da (2012-2016), baita eskola bereko zuzendaria ere (2016-2020). Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko zuzendari akademikoa da, eta Lan Arriskuen Prebentzioko Unibertsitate Masterreko idazkari akademikoa. Gainera, AN Katedraren zuzendari eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko zuzendariorde lanetan ere ibilia da.

Ikerketari dagokionez, Nekazaritza Mekatronikako taldeko kidea da, eta nagusiki ikerketa-lerro hauetan parte hartzen du: batetik, testurari eta optikari dagozkion propietateak eta irudiaren analisia erabiltzea nekazaritza-produktuen kalitatea neurtzeko; eta, bestetik, espektroskopia eta irudi hiperespektrala aplikatzea faktore biotiko eta abiotikoek laboreetan –hala nola mahatsondoan edo patatan– eragindako aldaketak ikusi gabe identifikatzeko. Lankidetzan aritu da hauek sortzen: nazioarteko eragina duten aldizkarietako 35 artikulu, aldizkari tekniko eta dibulgatiboetako 47 artikulu, zenbait liburutako kapituluak eta lan arriskuen prebentziorako prestakuntza-materiala. Gaur egun, proiektu honen burua da beste batzuekin batera: “TED2021-130364B-I00: Nuevas tecnologías para mejorar la gestión de los viñedos para la detección precoz no invasiva de enfermedades de la madera” (“TED2021-130364B-I00: mahastien kudeaketa hobetzeko teknologia berriak, egurraren gaitzak goiz eta modu ez-inbasiboan detektatzearren).