DRONEVC PROIEKTUA

 

NUP partaide duen Nafarroako partzuergo batek linea elektrikoak ikuskatzeko sistema bat proposatu du, droneetan oinarritua

DroneVC proiektua Nafarroako Gobernuaren I+G Aliantza Digitalen deialdiaren harira garatu da

 

Nafarroako EOSOL, FuVeX eta Seguridad Sistemas Navarra entitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) osatutako partzuergo batek linea elektrikoak ikuskatzeko sistema bat proposatu du, irismen luzeko droneetan oinarritua, ikuskapen prozesu osoaren balio katearen urratsak automatizatzen dituena. Proiektua, DroneVC izenekoa, Nafarroako Gobernuaren I+G Aliantza Digitalen deialdiaren esparruan garatu da.

Linea elektrikoen segurtasuna eta egoera ona bermatzeko beharrari erantzuten dio proiektuak. Izan ere, Europar Batasunean, azpiegitura horiek 5 milioi kilometroko luzera dute, eta erregulartasunez ikuskatu behar dira legez, hiru urtean behin espainiar estatuko kasuan. “Eskuarki, tripulatutako helikopteroak erabiltzen dira datu horiek biltzeko, baina aireontzi garestiak dira, eta, pertsonentzat arriskutsuak izateaz gainera, asko kutsatzen dute. Gaur egun, ibilgailu horien ordez irismen luzeko droneak erabiltzen ari dira. Hala ere, prozesuan, zenbait ekintza eskuz egin beharrekoak dira, eta horrek prozesu osoa moteltzen du, baita ekintza horien errepikagarritasuna murriztu ere”, azaldu du ikerketa-taldeak.

 

Bazkide bakoitzaren eginkizuna

Ikuskapen prozesuaren urratsen ordenari jarraikiz, FuVeX-ek irismen luzeko droneak eta lurreko estazioa egokitu ditu datu interesgarrien bilketa automatizatua errazteko. Horretarako, Seguridad Sistemas Navarrak gailu txertatu bat egin du, aukera ematen duena datuak dronetik lurreko estaziora transferitzeko, aldi berean komunikazio interfaze desberdinak erabiliz. Datuak lurreko estazioan daudenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak garatu dituen adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen dira jasotako irudien bereizmena hobetzeko (irudi bisualak, termikoak) eta LiDAR datuen prozesatzea automatizatzeko, puntu geoerreferentziatuen hodeia sortze aldera. Azkenik, EOSOL adimen artifizialeko algoritmoak prozesatzeko plataforma diseinatzeaz eta hodeian garatzeaz arduratu da, azpiegiturak eta akatsak detektatzearren, prozesatze denborak murrizteko helburuarekin.

Proiektu horrek EBren REACT baliabideekin % 100ean kofinantzatutako dirulaguntza bat jaso du Nafarroako 2014-2020 FEDER programa operatiboaren bidez (“EBren REACT baliabideen 2. helburu espezifikoa: Ekonomia digitalerako trantsizioan lagunduko duten inbertsioak babestea)”.

 

Argazkia: DroneVC proiektua garatu duen Nafarroako partzuergoko ordezkariak, proiektuaren jarraipena egiteko bilera batean.