SOFIA JIMENEZ, MAIALEN MOYANO, PAULA AYERRA

 

Maialen Moyano (Erizaintza), Paula Ayerra (Psikologia) eta Sofía Jiménez (Fisioterapia) izan dira NUPeko osasun zientzietako gradu amaierako lanik hoberenei emandako sarien irabazleak

Giltzurrun-ordezkapeneko teknika jarraituak, nahasmendu psikotikoko kasuetarako esku-hartzea eta ariketa terapeutikoa dira saritutako hiru lanen gaiak

 

Mailen Moyano Berardo (Erizaintza), Paula Ayerra Bretos (Psikologia) eta Sofía Jiménz (Fisioterapia) egresatuak izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Osasun Zientzien Fakultateko gradu amaierako lanik hoberenei emandako sarien irabazleak. Leticia San Martín Rodríguez, Ana María Sánchez Torres eta Daniel Navarro Asenjo izan ziren, hurrenez hurren, hiru lan horien zuzendariak.

Lanen aztergaiak honako hauek ziren: Mailen Moyanoren kasuan, giltzurrun-arazketako teknika jarraituak gorputzez kanpoko mintzaren bidezko oxigenazio zirkuituan (ECMO) integratu ondoren, literatura medikoaren arabera gertatu ohi diren konplikazioak zaintzea; Paula Ayerraren lanak, berriz, nahasmendu psikotiko bat garatzeko arrisku handia duten pertsonekin egiten diren esku-hartzeen eraginkortasuna izan zuen aztergai; eta, azkenik, Sofía Jiménezek iktus baten ondoriozko disfagia duten pazienteentzako ariketa terapeutikoa aztertu zuen.

Irabazleez gain, Erizaintzako Graduan honako hauek izan ziren finalista: Rut Aranaz Pérez (“Impacto de la lactancia materna en la salud mental de la puérpera”; zuzendaria: Carolina Sánchez-Cruzat), Leire Elizalde Irusta (“Lactancia materna como factor protector de la obesidad infantil”; zuzendaria: Ana María Ariztegui Echenique) eta María Esther Salgado Reguero (“Humanización en cuidados intensivos pediátricos según el modelo teórico del Proyecto HU-CI”; zuzendaria: Paula Escalada Hernández).

Psikologiako Graduan, berriz, honako hauek aurkeztu zituzten lanak: María Asenjo Blanco (“Factores que influyen en la decisión de consentimiento familiar en los procesos de donación de órganos”; zuzendaria María Soria Oliver), Laura Martínez Remón (“Estrés laboral: consecuencias y formas de intervención en España”; zuzendaria: Sonia Sampedro Ibáñez) eta Claudia Sainz Casas (“Estrés psicológico y funciones ejecutivas: una revisión sistemática”; zuzendaria: Pablo Ruisoto Palomera).

 

Sari banaketa

Erizaintzako eta Psikologiako lan hoberenen sari banaketa Osasun Zientzien Fakultateko ekitaldi aretoan egin zen. Javier Fernández Montalvo fakultate horretako dekanoa izan zen buru, eta Olga López de Dicastillo dekanordea izan zuen ondoan. Hitzaldia Elena Antoñanzas Baztánek eman zuen. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzukoa da bera (Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren menpeko Heriotza Duineko Behatokia), eta hau izan zen hitzaldiaren izenburua: “Osasungintzako profesionalen rola bizitzaren amaierako arretaren humanizazioan”.

Bestalde, Fisioterapiako Graduko lan hoberenaren sari banaketa Tuterako Campusean izan zen, han ematen baita aipatutako titulazioa.

 

Saritutako lanak, zehatz-mehatz

Mailen Moyanok, bere lanean, planteatzen du gaur egun gero eta ospitale gehiagok aukeratzen dutela giltzurrun-ordezkapeneko teknika jarraituak (TCRR) gorputzez kanpoko mintzaren bidezko oxigenazio zirkuituan (ECMO) integratzea, zain bidezko sarbide konbentzionala erabili ordez. Sarituak azaldu du ezen, bi teknika horiek konbinatzea oso konplexua denez, erizaintzako langileek espezializazio maila handia behar dutela, baina ez dagoela adostasunik horri heltzeko moduari buruz. Hortaz, Moyanoren lanaren helburua izan da jakitera ematea zein diren erizainak halako kasuetan zaindu behar dituen konplikazioak, literatura medikoan deskribatutakoak. Aurkitutako zailtasunak bi taldetan banatu ditu: zirkuituarekin zerikusia dutenak eta pazienteekin zerikusia dutenak.

Bestalde, Paula Ayerraren lanak nahasmendu psikotiko oso bat garatzeko arrisku handia duten pertsonei zuzendutako esku-hartzeen eraginkortasuna jorratu du. Horretarako, Ayerrak 2010etik aurtengo urtera arte egindako esku-hartzeak berrikusi zituen, tratamenduak honela banatuta: esku-hartze psikologikoak, esku-hartze psikologikoak medikazioarekin batera eta tratamendu berriak. Lanean, esku-hartze horien eraginkortasuna aztertu eta eztabaidatu du, eta hobetzeko ildo batzuk planteatu ditu. Halaber, esku hartzeko proposamen bat planteatu du, Nafarroan arrisku handiko egoera horretan dauden pertsonentzako programa espezifiko bat, gaur egun ez baitago horrelakorik.

Azkenik, Sofía Jiménezen lanak iktusa izan duten pazienteen disfagia edo irensteko zailtasuna du oinarri; izan ere, egoera horrek iktusa izan duten pertsonen ia erdiei eragiten die. Bere ikerketan, inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan argitaratutako saiakuntza klinikoak berrikusi ditu fisioterapeuta saridunak, eta egiaztatu du berariazko ariketa fisikoek irensketa-nahasmendu horren larritasuna arindu dezaketela, eta xurgatzeko arriskua murriztu. Era berean, sarituak ikerketa-proposamen bat prestatu du, zenbait ariketa konbinatzen dituena ahoko eta faringeko disfagia hobetzeko.

 

Argazki nagusia:

Sofia Jimenez, saria jasotzen Martin Larraza NUPeko errektoreordearen eskutik.

 

 

Argazkia: Erizaintzako Graduko finalistak eta irabazlea, agintari akademikoekin batera. Ezkerretik eskuinera: Olga López de Dicastillo, Javier Montalvo, Leire Elizalde (finalista), Rut Aranaz (finalista), María Esther Salgado (finalista), Mailen Moyano (irabazlea), José Javier López Goñi (Psikologiako Graduko arduradun akademikoa) eta Leire Leza González, Paula Baeza Gozalo eta María Teresa Sanz de Acedo (epaimahaikideak).

 

 

Argazkia: Psikologia Graduko finalistak eta irabazlea, agintari akademikoekin batera. Ezkerretik eskuinera: Olga López de Dicastillo, Javier Montalvo, Laura Martínez (finalista), Paula Ayerra (irabazlea), María Asenjo (finalista), Claudia Sainz (finalista), José Javier López Goñi (Psikologiako Graduko arduradun akademikoa) eta Leire Leza González (doktoretza aurreko ikertzailea), Paula Baeza Gonzalo (iazko Erizaintzako sariaren irabazlea) eta María Teresa Sanz de Acedo (Fakultateko irakaslea); azken hiru horiek epaimahaikideak izan ziren.