ESTHER VICENTE CEMBORAIN, IVÁN MARTÍNEZ BAZ

 

Esther Vicente Cemborain eta Iván Martínez Baz NUPeko irakasleak saritu ditu Epidemiologiaren espainiar estatuko Elkarteak

Ikerlan bana aurkeztu zuten Elkarteak duela gutxi Porton (Portugal) egindako urteko batzarrean, bata gaixotasun arraro neurodegeneratiboei buruzkoa eta bestea COVID-19ari buruzkoa

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi irakaslek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan (NOPLOI) egindako bi ikerketa sarituak izan dira Epidemiologiaren espainiar estatuko Elkartearen urteko XLI. batzarrean eta Epidemiologiaren Portugalgo Elkartearen XVIII. kongresuan –bi bilera zientifikoak batera egin dira Porton–. Esther Vicente Cemborain eta Iván Martínez Baz adituen ikerketek gaixotasun arraro neurodegeneratiboak eta COVID-19a jorratu dituzte hurrenez hurren.

Esther Vicente Cemborain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasleak Emilio Perea saria jaso zuen langile seniorrek aurkeztutako lau komunikazio hoberenetako batengatik, honako hau hain zuzen: “Parálisis supranuclear progresiva (PSP) en las estadísticas de mortalidad: codificación y validación”. Irakaslea, gainera, Gaixotasun Arraroen Nafarroako Biztanleen Erregistroko (RERNA) teknikaria da NOPLOIn, eta Erizaintzako Graduko “Gaixotasun Arraroren bat duten Pertsonentzako Arreta Integrala” izeneko aukerako irakasgaiaren arduraduna da –ikasturte honetan, Medikuntzako Graduan ere eskaini da lehenbiziko aldiz–.

PSP delakoa parkinsonismo atipiko ez-hereditario mota bat da, eta, ikerketak ondorioztatu duenez, ez du ikusgarritasunik izan heriotza-tasaren estatistiketan; izan ere, 2013ra arte, alboko esklerosi amiotrofiko gisa (AEA) eta neurona motorren bestelako gaixotasun gisa kodetzen eta erregistratzen zen. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak finantzatutako ikerketa-proiektu zabalago baten parte da lan hori, eta haren helburua Nafarroan ohikoak diren gaixotasun neurodegeneratiboen epidemiologia, klinika eta inpaktu soziosanitarioa aztertzea da.

Bestalde, Iván Martínez Baz NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta NOPLOI-IdiSNA-ko Miguel Servet doktoretza ondoko ikertzaileak Epidemiologiako eta Osasun Publikoko CIBEReko (CIBERESP) taldeen artean elkarlanean egindako komunikazio hoberenetako baten saria jaso zuen, lan honengatik: “Cambios a corto plazo en los conocimientos y actitudes de contactos domiciliarios de casos de COVID-19 en la fase post-aguda de la pandemia”.

Lan horretarako, COVID-19a zuten pertsonekin bizi ziren helduen lagin adierazgarri bat hautatu zuten Kataluniako eta Nafarroako 9 osasun etxetan, eta pertsona horiei telefono bidezko elkarrizketak egin zitzaizkien. Zehazki, oinarrizko inkesta bat egin zitzaien gaixoarekin izandako kontaktuari buruz, eta segimendurako beste bat 3 hilabete geroago. Ondorioztatu zutenez, pandemiaren fase akutuaren ostean prebentzio neurriak lasaitu zirenean, COVID-19a izandako gaixoekin bizi ziren pertsonen % 90ek baino gehiagok ezagutza eta jarrera egokiak erakutsi zituzten birusari eta ez kutsatzeko prebentzio neurriei buruz, eta ez zen aldaketarik hauteman segimendurako aldia amaitu ondoren.

 

Argazkia: Esther Vicente eta Iván Martínez Baz irakasleak NUPen.