PROPOLIA, NOIZ ETA NOLA HARTU BEHAR DUGUN

Propolia terminoak grezieraz “hiriaren defentsa” esan nahi du. Propolisa ere deitzen zaio.

Erleek hainbat landere-espezieren (makala, gaztainondoa, sahatsa, haritza edo urkia) ernamuinak estaltzen dituzten jariakinetatik eta erretxinetatik bildutako produktua da propolia.

Nutrizioaren ikuspegitik propoliaren konposizio kimikoa nahiko konplexua da; landare-espeziearen jariakinen eta erretxinen araberakoa izaten da. Hala ere, funtsean, honela osatuta dago: %50-55 erretxinak eta baltsamoak; %30-40 erleen argizaria; %5-10 olio esentzialak edo lurrunkorrak; %5 polena eta %5 askotariko substantzia organikoak eta mineralak. Horiekin batera, 160 konposatu baino gehiago identifikatu dira; horietako %50 konposatu fenolikoak dira. Identifikaturiko fenolik garrantzitsuenak flabonoideak dira: flabonak, isoflabonak eta flabononak.

Bere propietateak direla eta, propolia hartzea gomendatzen zaie arnasbideko eta gernu-bideetako infekzio-prozesuak dituzten pertsonei. Propoliaren prestakinak ere, lainoztapen moduan edo beste forma galeniko moduan, erabil daitezke eztarriko afekzioen tratamendu topikoan.

Egindako azterketen arabera, propoliak toxikotasun txikia du ahotik hartzen denean, baina garrantzitsua da ohartaratzea eta kontuz ibiltzea gerta daitezkeen alergia-kasuetan. Hori gerta dakieke, oro har, aurreko batean, erle batek ziztutu eta eztenkada horren ondorioz erreakzio alergikoa izan duten pertsonei.

Dosiari eta propolia emateko jarraibidei dagokienez, bibliografia espezializatuak honako hau gomendatzen du: ahotik ematean, gorputzeko pisuko kilogramo bakoitzeko 5 miligramo propolia (materia lehorrean adierazita) baino gehiago ez izatea. Kanpo erabileran ez da mugarik ezartzen.

Propoliaren prestakinak haurretan ere erabil daitezke, betiere posologia pisuaren eta adinaren arabera egokituz.

Erreferentzia:

Própolis, cuándo y cómo debemos tomarlo. Tu Farmacéutico Informa. Jon Ruiz Golvano farmazialariak emandako bideo-aholkua. Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak egina, Medicina TV-ek ekoiztuta, Arkopharmaren laguntzarekin. 2019/02/27.