NUP: 108 IKERKETA TALDE

 

NUPek 108 ikerketa-talde ditu, eta 1.403 ikertzaile ari dira lanean talde horietan

Lau arlo hauetan sailkatuta daude ikerketa-taldeak: Ingeniaritza eta Teknologia, Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak, Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak eta Giza eta Gizarte Zientziak

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 108 ikerketa-talde ditu 2023an, eta guztira 1.403 ikertzaile aritzen dira haietan, erakundearen Gobernu Kontseiluak onetsitako katalogoaren arabera. Oinarrizko unitate horietan antolatuta dago Unibertsitateko ikerketa, eta lau arlo handi hauetan banatuta: Ingeniaritza eta Teknologia (28 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (37 talde), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22 talde) eta Giza eta Gizarte Zientziak (21 talde).

Ikerketa-taldeetan, lan-ildo bertsuak dituzten ikertzaileak elkartzen dira, talde-arduradun bat izaten dute, eta ikerketari laguntzeko deialdi publikoetara eta pribatuetara aurkezten dituzte proiektuak. Talde horien kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta profila erabakigarriak dira finantzabidea lortzeko.

Ikerketa-taldeen kopuruak gora egin du denboran zehar: 1999an 74 talde zeuden, 2002an 88, 2005ean 98 eta 2012an 111 (ikerketa-talde gehien izan dituen urtea). Era berean, ikertzaileak ere ugaritu egin dira azken hamarkadan: 2006an 827 ziren; gaur egun, berriz, 1.403 (erakunde akademikoaren errekorra). 2016an, tesia egiten ari ziren doktoretzako ikasleak sartu zituen ofizioz Ikerketa Batzordeak.

Ikerketa-taldeetan erroldatutako ikertzaile kopuruaren gorakada hori, batez ere, doktoretzako eta doktoretza ondoko langile kontratatuen hazkundearen ondorio da (proiektuen kargura kontratatuak eta beste kategoria batzuetakoak): 2019-2020 ikasturtean 434 ikertzaile izan ziren, 2020-2021 ikasturtean 500, 2021-2022 ikasturtean 575 eta 2022-2023 ikasturtean 632. Horrek esan nahi du % 10eko igoera izan dela 2021-2022 ikasturteko kopuruarekin alderatuta, eta % 45,6ko igoera metatua orain dela lau ikasturteko datuekin alderatuta (2018-2019). Zifra horiek argi erakusten dute nolako esfortzua egiten duen NUPek ikerketarako kanpo funtsak biltzeko.

Irakasle eta ikertzaileek osatzen dute ikerketa-taldeetan erroldatutako ikertzaileen beste taldea, eta zenbait figuratan banatuta daude, hala nola irakasleen kidegoak, iraunkorrak eta ez-iraunkorrak. Ikerketa-taldeen erroldan gehitu den irakasle eta ikertzaile kopurua egonkor samar mantendu da azken urteetan. Zehatzago esanda, 2022-2023 ikasturtean 707 lagun egon ziren erroldatuak, hau da, % 1,9ko igoera egon zen 2021-2022 ikasturtearen aldean, eta % 4,28ko igoera metatua 2018-2019 ikasturteko datuen aldean.

 

Urteko katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero eguneratzen du ikerketa-taldeen katalogoa[1] datu-base batzuen bidez. Katalogoa onetsi ondoren, jendaurrean jartzen da, Unibertsitatearen ikertzeko ahalmena ezagutzera emateko.

Ikerketa-taldeen produktibitatea, barnekoa zein kanpokoa, ebaluatu eta baloratu egiten da etengabe, eta horren emaitzen mende egoten da barne-finantzaketa.

 

Argazkia: Bi ikertzaile, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) laborategi batean.

 

 

[1] https://www.unavarra.es/digitalAssets/134/134305_1000002023_Gruposdeinvestigacion.pdf