DAVID ELIZONDO MARTÍNEZ

 

Ibilgailu elektrikoak agudo kargatzeko bihurgailu elektroniko berri bat proposatu du ingeniari batek NUPen defendatutako tesi batean

David Elizondo Martínez industria-ingeniariaren lanak halako kargagailuen modelizazioa, diseinua eta optimizazioa izan ditu ardatz

 

David Elizondo Martínez industria-ingeniariak zenbait hobekuntza proposatu ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen tesian, ibilgailu elektrikoen kargagailu lasterren osagaien modelizaziorako, eta potentzia-elektronika bihurtzeko egitura berri bat ibilgailu horiek kargatzeko aplikazioetarako. Tesiak kalifikaziorik onena (bikain “cum laude”) eta nazioarteko aipamena lortu ditu, eta Ernesto L. Barrios Rípodas eta Pablo Sanchis Gúrpide NUPeko irakasle eta ISC ikerketa-institutuko kideak izan ditu zuzendari.

Zehazki, potentzia-elektronikan erabiltzen diren osagaien eredu analitiko berri batzuk proposatu ditu ingeniariak tesian, eta ibilgailu elektrikoak agudo kargatzeko bihurgailu baten diseinu holistikoko algoritmo bat garatu du. David Elizondok dioenez, ikuspegi industriala izan du tesiak hasiera-hasieratik, transferentzia teknologikoa egitera bideratua; izan ere, Ingeteam enpresarekin lankidetzan egin du. “Diseinu-algoritmoa garatzeko, kontuan hartu nituen alderdi kuantitatiboak, hala nola kostua, eraginkortasuna eta potentzia-dentsitatea, baina baita alderdi kualitatiboak ere, adibidez bihurgailua fabrikatzea erraza izatea eta komertzialki eskuratzeko modukoa izatea –dio tesiaren egileak–. Gainera, bihurgailuaren potentzia-osagai nagusi guztiak eta hozte-sistema izan nituen aztergai, eta, horri esker, soluzio integral bat proposatu nuen”.

 

Tesian proposatutako diseinu eta modelizazio berriaren ezaugarriak

Tesiaren egileak azaldu duenez, ibilgailu elektrikoak agudo kargatzeko gailuek potentzia-elektronikako bihurgailuak erabiltzen dituzte, eta, haiek optimizatzeko, diseinu integral bat egin behar da, bihurketa-egituratik hasi, osagai guztiak integratu (erdieroaleak, transformadorea, bobinak, hozte-sistema), eta eredu analitiko zehatzak dituen diseinu bat alegia. David Elizondok bihurketa-egitura berri bat proposatu du, zeina hiru ezaugarri hauengatik baita berezia: lehenik, kargatzeko egitura bi bihurketa-etapaz dago osatua, eta, horri esker, efizientzia-balio handiak eta transformadorearen diseinu optimoa lortzen dira; bigarrenik, hiru mailakoa da kargagailua, hau da, irteerako hiru tentsio-maila aplika ditzake eta ez bi, normalean bezala; hirugarrenik, tentsio-busetan oreka lortzen du berez. “Funtzionamendu-tarte osoan dago bermatua oreka, eta, beraz, ez da oraingo orekatze-metodoak bezain garestia eta konplexua”, esan du tesiaren egileak.

Bihurgailuaren eta haren osagaien modelizazioari dagokionez, bi ekarpen nagusi egin ditu tesiak. Batetik, eredu eta metodo berri bat garatu du lehenbiziko bihurketa-etapa diseinatzeko, transformadorea barne hartzen duena eta modua ematen duena silizio karburozko erdieroaleetan (MOSFET SiC) galerarik gabe kommutatzeko. Bestetik, eredu berri bat proposatu du irteerako iragazkiaren bobinen harilkatuetan goi-maiztasuneko galerak kalkulatzeko. “Bihurketaren bigarren etapak bobina toroidalak ditu, eta gaur egun haietarako ditugun ereduek akats oso nabarmenak egiten dituzte; horrek, beraz, asko zailtzen du bihurgailuaren optimizazioa. Bada, formula berri bat garatu genuen, eta ikusi genuen oso zehatza dela eta  erraz integratzen dela bihurgailua diseinatzeko prozesuan”, esan du azkenik tesiaren egileak.

 

David Elizondo Martínezen CV laburra

David Elizondo Martínezek Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduaren titulua eta Industria Ingeniaritzako Masterrarena lortu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), 2017an eta 2019an hurrenez hurren. Espediente onenei ematen zaien saria irabazi zuen bi titulazioetan. Hochschule Osnabrück zentroan egin zuen master amaierako lana (Alemanian). 2017az geroztik, NUPeko INGEPER ikerketa-taldeko eta Smart Cities Institutuko kidea da (ISC), eta lehenbizikoan egin du doktoretza-tesia. 2022an, ikerketa-egonaldia egin zuen RWTH Aachen-en (Alemanian).

Lau artikulu zientifiko idatzi ditu, bakarrik edo elkarlanean, eta nazioarteko lau biltzarretan aurkeztu ditu bere ikerlanen emaitzak. Bere doktoretza-tesitik eratorritako patente bat ere eskatu du. Ikertzaile izateaz gainera, praktiketako irakasle-lanetan ere aritu da NUPen, gaztelaniaz eta ingelesez.

Dibulgazio- eta prestakuntza-proiektu batzuetan hartu du parte, nola unibertsitatean hala unibertsitatetik kanpo. Zenbait urtez, APERNA ikasle elkarteko zuzendaritza-taldean ibili zen, Nafarroan energia berriztagarriak sustatzeko jarduerak antolatzen. Prestakuntzaren arloan ere badu eskarmentua, mugikortasun elektrikoari eta karga-instalazioei buruzko zenbait ikastaro tekniko eman baititu Nafarroako CITIn eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Azkenik, elektrozerbitzuguneei buruzko dibulgaziozko artikulu bat idatzi du bere tesi-zuzendariekin batera; Espainiako The Conversation plataforman dago argitaratua, sarbide irekian.

 

Argazkia: David Elizondo NUPen.