HIRU IKERTZAILE, HIRU PROIEKTU

 

Hiru ikertzaile NUPen egiten ari dira beren proiektuak Nafarroako Gobernuaren ANDIA Senior Talentuaren programari esker

Deialdiak finantzaketa ematen du ibilbide nabarmena duten zenbait ikertzaile 5 urtez kontratatzeko, eta aukera ematen du, halaber, gehienez ere 2 laguntzaile kontratatzeko

 

Cristian Ducoing, Fermín Alcasena Urdiroz eta Germán Álvarez-Botero ikertzaileak beren proiektuak garatzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Nafarroako Gobernuaren ANDIA Senior Talentuaren programari esker. Programa hori unibertsitate edo ikerketa zentro gisa akreditatuta dauden Nafarroako I+G+B Sistemako (NAIS) egikaritze eragileei zuzenduta dago.

Laguntza horiek finantzaketa ematen dute ibilbide nabarmena duten ikertzaileak 5 urtez kontratatzeko. Horrez gain, finantzaketa ematen da gehienez beste bi ikertzaile kontratatzeko, ikertzaile nagusiari laguntza emanen diotenak. Ikerketa-jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren gastu gehigarriak ere finantzatzen dira.

 

Trantsizio energetikoa, baliabide naturalak eta industria

Cristian Ducoing Historia Ekonomikoko doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean (2012). Ikertzaile eta irakasle aritu da Pompeu Fabra Unibertsitatean, Valparaísoko Unibertsitatean, Umeako Unibertsitatean eta Lundeko Unibertsitatean. Baliabide naturalak eta garapena, kontu nazional historikoak eta jasangarritasuna dira bere lan eremuak. Gaur egun 5 ikerketa-proiektutan parte hartzen ari da, Suedian eta espainiar estatuan, eta ikertzaile nagusia da haietako bitan.

ANDIA laguntzaren esparruan garatzen ari den proiektuak honela du izena: “Trantsizio energetikoa, baliabide naturalak eta industria epe luzean”. Proiektu hori hiru ildo nagusitan banatzen da: aurrerapen ekonomikorako neurri alternatiboak; kapitalaren stockaren eta trantsizio energetikoen arteko erlazioa; eta baliabide naturaletan mendekoak diren ekonomien dibertsifikazioa. Ikerketa hori Nafarroako S4 estrategiarekin lerrokatzen da zuzenean, hots, Nafarroa hazkunde jasangarriaren arloan Europako erreferente bihurtu nahi duen estrategiarekin. Orain, beren doktoretza-tesia proiektu horren esparruan egin nahi duten bi pertsonaren bila dabil.

 

Komunikazio sistemetarako osagaiak garatzen

Germán Álvarez-Botero Zientzietan doktorea da Astrofisikako, Optikako eta Elektronikako Institutu Nazionalean (INAOE), Mexikon (2013). Doktoretza ondoko ikertzaile gisa lan egin du Brazilen, frantziar estatuan, Kolonbian, Mexikon eta baita NUPen bertan ere. “Zenbait sektoretan, hala nola aeroespazialean, mugikortasunekoan, biomedikoan, logistikoan, segurtasun nazionalekoan, hiri adimendunetakoan eta objektuen interkonektibitatekoan, gero eta gehiago eskatzen ari dira datuak transmititzeko gaitasun handiagoa izanen duten haririk gabeko komunikazio-sistemak”, esan du ikertzaileak. “Era berean, horrek mikrouhin seinaleak transmititzeko eta hartzeko sistema berriak garatzea eskatzen du”, adierazi du. Joera horren ildotik, NUPen egiten ari den ikerketaren xedea da komunikazio sistemetarako osagaien hurrengo belaunaldia garatzen laguntzea. NUPen Mikrouhinen Osagaien Taldearen barnean egiten ari da ikerketa, eta Miguel Ángel Gómez Laso da taldeko burua.

Horretarako, ikertzailea ezaugarri elektrikoak eta magnetikoak konbinatzen dituzten material konposatuak aztertzen ari da, arreta berezia emanez material horiek manufaktura aurreratuko prozesuekin duten bateragarritasunari, eta adimen artifizialeko tresnak ere gehituz. Kasu honetan ere, beren tesiak mikrouhinen osagaien fabrikaziora eta diseinu aurreratura bideratu nahi dituzten doktoretzako bi ikasle bilatzen ari dira proiektuan lanean has daitezen.

 

Sute katastrofikoen iragarpena eta prebentzio planen diseinua

Fermín Alcasena Urdiroz Mendiko eta Nekazaritzako ingeniaria da, eta ikerketa-proiektu berritzaile baten buru da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) IS-FOOD institutuan eta THERRAE taldean. Ikertzaile lana 2013an hasi zuen, laguntzaile moduan Italiako CMCC Fundazioan. Doktoretza amaitu ondoren, 2019tik 2022ra doktoretza ondoko egonaldi bat egin zuen Estatu Batuetako Oregon State Universityn, USDA Forest Service-ren Nazioarteko Bisitarientzako J-1 Programari esker.

Bere ikerketak sute-arriskua arintzea eta landa-eremuetan bioekonomiaren garapena sustatzea du helburu. Bere lanaren garrantzia agerian gelditu zen 2022an Nafarroan izandako suteen ondoren, non 70 sutek baino gehiagok 16.953 hektarea erre baitzituzten; horrek argi utzi zuen eskualde mailako prebentzio estrategia baten beharra. Testuinguru horretan, Alcasenak proposatu du hirigintzaren eta basoaren arteko interfazearen kartografia zehatza egitea eta probabilitate iragarpenak suteen arriskuen mapak lortzeko erabiltzea.

“Produktu horiek oso erabilgarriak izanen dira; izan ere, aukera emanen dute identifikatzeko zein diren suebakiak eta kudeaketa-puntu estrategikoak ezartzeko lehentasunezko eremuak, bai eta sute handien eraginpean egoteagatik autobabeserako planak behar dituzten hiriguneak zein diren mugatzeko ere”, adierazi du ikertzaileak. “Ikerketaren izaera aplikatua dela eta, emaitzak kudeatzaileekin eta udal- eta gobernu-erakundeekin partekatuko dira, lurraldeek suteen aurrean duten erresilientzia areagotze aldera prebentzio estrategiak diseinatzen laguntzeko”, erantsi du.

 

Argazkia:

Ezkerretik eskuinera: Cristian Ducoing, Germán Álvarez-Botero eta Fermín Alcasena.