LARRUNGO LEIZEA

Otsailaren hasierako goiz hartan, nere usaiako mendi ibilbidea egiten ari nintzenean, ezohiko zerbait agertu zitzaidan. Erran behar da mendia lainotsua zela eta ez zirela inguruak hain argi ikusten ahal. Hala ere, segitu nuen eta hurbildu nintzen arroka multzo batera. Harkaitz handiaren ondoan, lurra desagertua zen eta huts handia agertzen zen. Zuloak leize-sarrera moduko bat agerrarazten zuen eta ilun- iluna zen. Harritua egon nintzen, zer pasatu da? Pentsatu nuen gau hartan lurrikara ttiki bat gertatu zela, edo azken sei hilabete haietan hainbeste euri bota zuenez, lurra lerratu zela harkaitzaren bazterrean zulo bat agerraraziz. Dena den, ez da harritzekoa, denok ohartu gira klima aldatzen ari dela eta holako gauza bitxi batzuk gero eta gehiago agertzen direla, haize-ekaitzak, euri amaigabeak eta alderantziz ere, idorte azkar-azkarrak…

Larrun bizkar-hezurra

Zuloan sartzea

Nahiz eta zulo sartze hori bitxia iduritzen zitzaidan, nire mugikorraren argia pizturik, sartu nintzen beldur pixka bat sentiturik. Sartzea nahiko zabala zen, zutik egoten ahal nintzen eta horman zehar irristatuz, beste zulo ttiki baten aitzinean gelditu nintzen. Hor, haatik, ezin nuen segitu lurpearen barneko nire bidaia. Zer da zulo horren gibelean? Sartu behar ote naiz? Segitu behar dut edo berriro itzuli behar dut etxe aldera eta Herriko Etxeko arduradunari abisatu, jakinaraziz zer atzeman dudan? Nire jakin-mina da segitzea eta jakitea zer den zulo honen gibelean.

Dudak utzirik, segitzea erabaki nuen, jakinez etzanik beharko nuela sartu zulo horretara. Hasi nintzen arakatzen, suge bat bezala, nire mugikorraren argia pizturik, eta denbora luze baten ondotik, holakoetan segundoak ere biziki luzeak atzematen dira, berriz zutitzeko aukera izan nuen. Sei minutu pasatu nituen suge moduan aitzinatzen tunel ttiki hartan. Azkenean zutitu nintzen eta barrunbe ttiki bat agertu zitzaidan nire begien aurrean. Harritua nintzen, bihotzaren taupadek azkar jotzen zuten eta barrunbe horren puntan bertze bide sartze bat agertu zen. Nun naiz ba? Larrun mendiaren barnean…! Xoratua nintzen, begiratu nuen ezker eta eskuin, barrunberen paretak nahiko hezeak ziren eta Sarako edo Isturitzeko leizeez pentsarazi zidaten.

Ongi begiratu nituen nire inguruan ziren hormak eta ez nuen ez pinturarik, ez hormako grabatu edo marrazkirik ikusi. Aitzinatuz, xerkatu nituen ere ia animalien edo gizakien hezur batzuk harrapatzen nituen. Deus ez, pixka bat penatua nintzen eta segitu nuen lur-barne zulo hartan barna. Nire logelaren neurriko barrunbea zen. Dudak handitzen ari zitzaizkidan, begiratu nuen ze tenorea zen eta ohartu nintzen bazirela berrogoi minutu, jadanik, hemen, mendi barnean nintzela. Ohartu nintzen ere ez nuela sarerik. Nire mendiko zakutik botilatxoa atera eta sorta bat edan nuen eta baita bitamina barra bat jan ere. Arnasa eta kuraia berriz pizturik, bertze bide sartzera arte segitzea erabaki nuen, urrunago zer izaten ahal zen ikusteko.

Bigarren sartze berria

Oraindik ez nekien pasai berri horrek noraino eramanen ninduen. Nakien bakarra kuriostasuna beldurra baino handiago nuela. Horregatik pasai hertsia hartu nuen eta arroken artetik segitu. Bat-batean, begi zabalekin, txundituta gelditu nintzen, barrunbe izugarri batean sartu bainintzen. Xoragarria zen, ezin sinestekoa!

Katedral neurriko aurkikuntza egin nuela pentsatu nuen. Biziki, biziki handia zen eta ederra. Isturitzeko harpea bezalakoa zen, ezker partean estalaktita luzeak ikusten nituen, dirdiraka ari zirenak. eta berinezko hodiak iduri zutenak. Xoragarria zen, amets egiten ari nintzela iduritzen zitzaidan. Zer gauza eder ezezagunak agertzen dira izadi honetan! Segitzen nuen eskuin aldera eta hor ikusi ahal izan nituen arroka koloretsuak, arrosa, grisa, horia eta toki batzuetan ere zilarrezko kolorearekin. Zinez xoragarriak. Ze aberastasuna, nolako artista den gure izadia! Gela hura beheranzko maldan zen eta nire aitzinean bidexka bat agertu zitzaidan. Ematen zuen harrizko korronte bat zela. Kolpez, harrabotsa izugarria entzun nuen gaineko sartzetik heldu zena. Burrun luze bat entzun nuen, gorputz osoa daldaretan nuen eta bat- batean, lurra lerratzen hasi zitzaidan zangoen azpian. Lerratu nintzen hiru lau metro artean eta kolpez gelditu nintzen.

Uuuui!!! —egin nuen—, nire mugikorra alde batetik erori da eta zakua bestaldetik joan da. Eneee!!! Min dut ezkerreko zangoan. Begiratzen dut, galtzak urratuak ditut. Aunitz sufritzen dut, buruan ere zerbait sentitzen dut. Eskua pasatzen dut eta odola agertzen zait. Nun naiz? Zer egin dut ? Zertarako sartu naiz zulo honetan? Pixka bat kalatu nintzen arrokaren kontra eta nire zakua eta mugikorra lurretik bildu nituen. Azken hau hautsia zen eta amorratuta lurrera botatu nuen. Ohartu nintzen orkatila hantua nuela eta behar bada baita hautsia ere. Ainitz sufritzen nuen. Saiatu nintzen lasaitzen. Ura edan nuen eta kopeta ere busti. Asuina begiratu nuen, ura gainetik ematen nion eta mina goxatzen hasi zen. Biziki hantua nuen baina ez zuen ematen hautsia nuenik. Katedrala presondegi bilakatua zen, infernua…

Denbora luzea

Jadanik bi oren ziren etxetik abiatua nintzela. Hobeki sentitzen hasi nintzen eta zutik jartzen saiatu nintzen. Dilin-dalan nindoan, mozkorra banintz bezala. Zangoa ezin nuen lurrean pausatu.

eta emeki-emeki irteera aldera igotzen hasi nintzen. Patatrak! berriro lerratu eta burtzoratu nintzen. Bat-batean hartz handi bat agertu zitzaidan, marruka, nire aitzinean. Keinu handiak egiten zituen, hortzak erakusten zizkidan, burua eskuinetik ezkerrera mugitzen zuen. Ikaratua nintzen eta nire azken tenorea etorria zela pentsatu nuen. Garrasi batekin jauzi egin zidan, nik begiak hetsi nituen…

Ber denboran esnatu nintzen, Izerditan nengoen lurrean etzanik, ohartuz amets txar bat egina nuela. Uf, zer beldurra! Sukarra ere izan behar dut. Nere familiakoez eta nire lagunez pentsatzen dut. Maiz, mendian ibiltzen naizenean, lauzpabost orduko ibilbideak egiten ditut eta oraingoan, orain arte hiru ordu baizik ez dira pasatuak. Beraz, momentuan nehor ez da kexatuko gure etxean. Nere morala jausten hasi da. Ezin dut hemendik mugitu eta noiz hasiko dira niregana hurbiltzen? Momentuan nehor ez da kexatzen eta denbora biziki luzea dela atzematen dut… Begiratzen dut eskumuturreko erlojua eta arratsaldeko biak dira. Zorte ona izan dut hala ere, erori naizenean ez baitzait hautsi.

Badu jadanik bost oren hemen naizela zulo honetan preso. Inor ez da ohartu eskas nintzela. Pentsatzen ari naiz berriki entzun dudan izugarrizko harrabots hori ez ote den, bederen, lur irristatze berri baten seinale. Eta hala izan bada, ez zuen tapatuko nik zulo honetan barneratzeko erabili nuen sartzea? Agian ez da hori, nola etortzen ahalko dira nire xerka sartzea desagertua bada? Ai, ai, ai, burua nahasten ari zait, negarra heldu zait maite nauten guziez pentsatuz. Hemen hil behar ote naiz?

 

Familiaren kezka

Anartean, emaztea, seme-alabak elkartu ziren, kexatuak zirelako. Hasi ziren lagunak deitzen, auzoari galderak egiten. Zortzi ordu etxetik joana dela. Egia da, usaian, zazpi orduko ibilaldiak egiten ditu baina goizean aipatu du etxetik joan aitzin, lau orduko mendiko ibilaldia eginen zuela Larrunen inguruetan. Beraz kexatuak ziren: nun da? zer egiten du? —zioten denek. Deika ta deika hasi ziren eta ez zuten deus jakin ahal izan. Azkenean, erabaki zuten laguntza-zerbitzuei, jendarmeei deitzea.

Arratsaldeko seiak dira, bederatzi oren ez dela agertu bere etxean. Bilaketa eta erreskateak antolatzen dira nahiz eta iluna laster etorriko den. Otsailaren hasieran gira eta zazpiak eta erditan iluntzen du. Jendarmeek mendiaren beheralditik abiatzen dira. Helikopteroaren laguntzarekin segitzen dituzte beraien bilaketak. Jakinean dira ere lur irristatze izan dela bezperako gauean hainbeste lan egin behar izan dutelako. Eguna iluntzen ari da bilaketariek erabakitzen dutelarik biharamunera arte uztea beraien bilaketak. Familia abisatzen dute erranez bihar, argitu aitzin, berriro joango direla Larrun aldera.

Familia, lagunak biziki kexatuak dira, arratseko zortziak dira eta denak tristeak dira. Erabakitzen dute beraiek ere jendarmeekin batera joanen direla biharamun goizean, seiak eta erditan elkartuz Larrun azpian.

Nire gaua

Ilun-ilunean naiz. Badu bi oren azken ur tinta edan eta azken bitamina barra jan ditudala. Gose eta egarri naiz. Gaueko hamaikak dira eta ezin dut lo egin, ez naiz mugitzen ahal, biziki hoztua naiz, hormatua. Pentsaketak nahasten dira nire buruan. Begiak hetsita, gogoratzen naiz zer nolako bizi ederra izan dudan bere gora-beherekin. Zer familia ederra dudan eta zenbat lagun maite ditudan. Ai zer oroitzapen ederrak, zer bizi bete-betea ezagutu dudana! Pozik naiz horiez guziez pentsatuz, euforia eldarniotsuan naiz, ongi sentitzen naiz, loak hartzen ari nau.

Goizeko biak dira eta hoztua naiz, hormatua atzartzen naiz. Gorputza daldaretan dut, bihotz taupadek azkar jotzen dute. Ez naiz batere ongi, kexatzen hasten naiz. Baina nun dira nere etxekoak? Nun dira nere lagunak? Nere ordularia begiratzen dut. Saiatzen naiz mugitzen. Indar handi bat eman eta, zutitzen naiz. Arratsaldeko zazpietatik goiti, saiatu naiz oren erdi guziz, zutitzen, nere gorputza eta zangoak berotzeko, hankak mugiarazteko. Alde honetan zutitzea ez dut aski izanen. Ez badut hemen hil nahi, zutitu eta mugitu beharko dut hemendik, maite ditudanak berriz ikusteko.

Pentsaketa horiekin indarrak hartzen ditut eta hasten naiz aitzinatzen irteera aldera. Malda koskor bat badut igotzekoa. Hasten naiz lau pataka mugitzen irteerako bidexka harrapatzeko. Ilunpean naiz baina nire itzulbidea atzeman dut. Zutitzen naiz. Sufritzen dut baina gogoa handia dut, kasu egiten dut ez baitut berriro lerratu nahi eta poliki-poliki, pausa zenbaitzuk eginez, zulora sartzean katedrala deitu dudan gela handira aliatzen naiz. Leher egina naiz. Hor paretaren kontra pausatzen naiz, ezin dut segitu, ez dut gehiago indarrik. Arnasa berriz hartzen dut, gorputza berotua dut eta erabakitzen dut pausa bat egitea.

Itxaropena

Lokartu naiz, igotzeak eta mugitzeak on egin didate, esperantza berriz piztu da nire baitan. Nahiz eta leher egina izan, sentimendua dut goiz honetan etorriko direla nire salbatzera. Harrabots ttikienaz erne egoten naiz. Goizeko seiak dira eta badakit kanpoan aski laster eguzkia altxatuko dela. Igo naizelako, beroago egiten du naizen tokian. Badakit ere ez naizela irteeratik hain urrun baina tunela pasatu behar dut eta hori oso zaila iduritzen zait. Pausatu behar dut eta indarrak berritu.

Goizeko zazpiak dira, etzanik behar dut mugitu tunela pasatu nahi badut eta gero irteeratik nahiko hurbil izanen naiz. Prestatzen hasten naiz eta entzuten ditut jende batzuk hitz egiten kanpo aldean. Oihuka hasten naiz: Hemen naiz, hemen naiz! eta berriro, Hemen naiz, hemen naiz! Hatsa galdu arte, uhukatu dut, oihukatzen dut. Isiltzen naiz arnasa berriz hartzeko eta entzuteko zer gertatzen den kanpoan, entzun ote naute?

Ez da ezer pasatzen eta kolpez entzuten dut norbait mintzatzen: Hemen gira, lasaitu, zure xerka heldu gira!

Itxaropena berriz piztu da nire baitan eta pentsatu dut nere sufrimenduak bukatuak direla. Azkenean, pentsatzen ari naiz, nireak besarkatzen ahalko ditudala. Luzea da, sobera luzea.

Amaiera zoriontsua

Goizeko zortziak dira, tunelaren bestaldetik egunaren lehen argia ikusten dut eta niregana hurbiltzen den pertsona bat ere. Hogoita bi ordu pasatu ditut zulo honetan. Sufrimenduak, kezkak, dudak, denak airatu dira. Iduritzen zait ez dela ezer gertatu, ez naizela batere zulo horretan lerratu. Azkenean, erreskatea agertzen zait eta niregana hurbiltzen da. Ohartzen naiz baduela zaku bat bere gerrian soka batekin zintzilik. Ongi zira? Min duzu nunbait? Erakusten diot nire asuina, begiratzen du eta zaku barnetik ateratzen ditu sendatzeko tresnak, pomadak eta apaingarriak eta lehen laguntzak ematen dizkit.

 Ber denboran, beste erreskatea agertzen da taula fina batekin. Oren erdi baten buruan, galdegiten dit ea prest naizen hemendik ateratzeko. Nola prest? jakina baietz! Eta hasten gira elkarrekin ateratzen. Bi soroslek pausatzen naute taularen gainean eta bat sartzen da tunelean gibelka joanez, tiratuz taula kanpo aldera, besteak denbora berean pusatzen nauelarik. Aski laster zulotik ateratzen naute. Zer poza, zer plazera eguzkia ikustea, sentitzea. Segundo batez begiak hesten ditut eguzki izpiek begiak astintzen dizkidatelako. Taulatik zutitzen naiz eta begiak berriz idekitzean, ohartzen naiz nire familia, nire lagunak hor direla. Niregana hurbiltzen dira, denok negarrez hasten gira eta ez dut aski besorik denak besarkatzeko. Ze momentu goxoa. Galderak ez dira gelditzen eta erraten diet denei nekatua naizela eta bihar den-dena kontatuko diedala.

Bukaera:

Zenbat egun pasatu dira, ainitz elkarrizketak egin ditut, irratikoekin, egunkarikoekin, telebistakoekin eta izadiaren ikertzaile zentrokoekin. Den-dena aipatu diet. Zentroetakoek jakinarazi didate zuloaren sartzea hetsi dutela, nehor sartu ez dadin, tokia babesteko eta ikerlana lasaiki egiteko. Pentsatzen dute, gure burasoak zulo horretan bizitzen egon zirela. Geroak erakutsiko…

Xerar Urrutia Jorajuria.

Bertako egunkaritik hartua:

Gaur, otsailaren zazpian, aparteko aurkikuntza egina izan da Larrunen mendian. Mende batzuetako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuena da. Irulegiko eskuaren ondotik, gure arbasoen Historia lur azpitik agertzen zaigu…