NUP: NANOMATERIAL BERRIA EGIN DUTE

 

NUPeko ikertzaileek nanomaterial berri bat egin dute, puntako teknologiako gailuen eraginkortasun magnetikoa eta beste propietate fisiko batzuk hobetzen dituena

Geruza mehe batzuk egin dituzte nanoxaflekin, eta haien propietate batzuk kontrolatzeko eta aldatzeko modua aurkitu dute, propietate magnetikoak besteak beste

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko[1] ikertzaile batzuek (INAMAT2), Nanozientziaren eta Materialen Aragoiko Institutuarekin lankidetzan (CSICen eta Zaragozako Unibertsitatearen zentro mistoa), geruza ferromagnetiko mehe batzuk egin dituzte norabide batean baino gehiagotan jarritako nanoxaflak erabiliz. Nanoxafla horiei elementu kimiko batzuk sartuta (baita elementu ez-magnetikoak ere), modua aurkitu dute haien propietate batzuk kontrolatzeko eta aldatzeko, propietate magnetikoak besteak beste. Horrek aukera berriak zabaltzen ditu geruza ferromagnetikoak erabiltzeko mota askotako gailuetan, hala nola gailu elektriko eta elektronikoetan eta baita aplikazio optiko eta mekanikoetan ere.

Geruza mehe ferromagnetikoak nanoxafla paraleloz osatuak daude; zehazki, egitura oso-oso meheak dira, elkarren paraleloan jarritako material-geruzez osatuak, zeinek multzoaren norabidea kontrolatua baitute. Hain dira meheak xaflak, ezen eskala nanometrikoko tamaina baitute, hau da, nanometro gutxi batzuetako lodiera. Kontuan hartu beharra dago nanometro bat milimetroaren milioirena dela.

Geruza ferromagnetiko mehe horien ezaugarria da norabide bakar batean imandu daitezkeela. Cristina Favieres Ruiz ikertzailearen zuzendaritzapean, NUPeko Materialen Fisika eta Teknologiako taldeko ikertzaileek elementu kimiko batzuk sartu dizkiete (baita elementu ez-magnetikoak ere), eta, hala, haien propietate magnetikoak kontrolatzea eta aldatzea lortu dute, baita haiei eustea ere material horiek tenperatura altuetan erabiltzeko.

Geruzen beste alderdi aipagarri bat da anisotropia kontrolatua dutela bai eroapen elektrikoan, bai propietate optikoetan. Eroapen elektrikoaren anisotropia honakoa da: korronte elektrikoa manipulatzen denean, zer norabidetan higitzen den errazen materialean zehar. Anisotropia optikoa, berriz, hau: materialak nola jokatzen duen argiarekin; nondik argitzen den, aldatu egiten baitu jokabidea. Jokabide hori eskala nanometrikoraino kontrolatuz gero, ugaritu egiten dira gailu asko miniaturizatzeko aukerak eta mikro-mailan eta nano-mailan paketatzekoak.

 

Mikroskopioaren bidez egiaztatua

Nanozientziaren eta Materialen Aragoiko Institutuko ikertzaileek transmisiozko mikroskopia elektroniko bereizmen handikoa erabili zuten. Egiturak maila atomikoan bistaratzen dituen teknika aurreratu bat da, eta NUPen garatutako geruzek nolako nanomorfologia duten erakusteko balio du. Nanomorfologia, hain zuzen, geruzen barreneko nanoxaflek duten antolamendua, norabidea eta egitura dira. Nanomorfologiak eragin zuzena du nanoxaflen propietate magnetiko, elektriko eta optikoetan.

Cristina Favieres ikertzaile nagusiaz gainera, Vicente Madurga Pérez eta José Vergara Platero NUPeko ikertzaileak eta Manuel Ricardo Ibarra García eta César Magén Domínguez Nanozientziaren eta Materialen Aragoiko Institutukoak dira materialaren egileak.

Hain zuzen, Cristina Favieres hizlari gonbidatu gisa aukeratu zuten nanomaterial berriari buruzko lana aurkez zezan Magnetismoari eta Material Magnetikoei buruzko Kongresuan. Kongresua berriki egin da Dallasen (Amerikako Estatu Batuetan), eta lanak “Generation of highly anisotropic physical properties in ferromagnetic thin films controlled by their differently oriented nano-sheets” du izena (Geruza ferromagnetiko meheen propietate fisiko oso anisotropikoak sortzea, haien norabide diferenteko nanoxaflen bidez kontrolatuak). Sinposioa IEEE Magnetics Societyk antolatu zuen, hau da, IEEE Ingeniari Elektrikoen eta Elektronikoen Institutuaren sozietateetako batek. IEEE, izan ere, munduko ingeniaritza-elkarterik handiena eta garrantzitsuena da.

 

Argazkia: ezkerretik eskuinera: José Vergara, Cristina Favieres eta Vicente Madurga ikertzaileak, NUPeko Fisikako laborategi batean.

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/inamat2/