UNAI BELINTXON: LIBURU BERRIA

MIGUEL OSES

 

NUPeko irakasle batek EBko errepideko nazioarteko garraioaren legezko errealitate berriak jorratzen ditu

Unai Belintxonek aztergai du lehia askea eta segurtasuna lan-baldintzen eta baldintza pertsonalen babesarekin uztartu behar dituen sektore baten erregulazioa

 

Unai Belintxon Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak liburu bat idatzi du. Liburua argitaratu berria da, eta EBko errepideko nazioarteko garraioaren zuzenbideko araudiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du nazioarteko zuzenbide pribatuko ikuspegi batetik. Jarduera hori funtsezkoa da hogeita zazpi estatu kideen jarduera ekonomikoaren garapenean. Lanak sektorearen erregulazio zabala aztertzen du. Erregulazioaren xedea da jarduera egin dadila lehia askean eta ahalik eta segurtasun handienarekin, zeinahi dela ere errepideko garraioan diharduten ibilgailuek zeharkatzen duten Europako herrialdea. Eta arreta jartzen du orobat arlo horretan lan egiten dutenen lan-baldintzen eta baldintza pertsonalen babesean: gidariak eta operadoreak.

Hala, liburuaren izenburua “Nuevas realidades normativas y retos actuales del Derecho del transporte internacional por carretera[1] da, eta Aranzadik argitaratu du. Liburuak aztergai du errepideko garraioko giza eskubideen eta zuzenbide soziolaboralaren egoera, Alberto Emparanza Sobejano Euskal Herriko Unibertsitateko Merkataritzako Zuzenbideko katedradunak azaldu duenez. Katedradunak lanaren hitzaurrea idatzi du. Horrez gain, errepideko garraioaren Europako zuzenbideko jurisdikzio- eta arbitraje-gaietan aplikatu beharreko araubidea aztertzen du monografiak, estatuko zuzenbidearen berezitasuna ahaztu gabe, garraioko arbitraje-batzordeak baititu; administrazio-erakunde horietan nahitaez ebazten dira 15.000 eurotik gorakoak ez diren errepideko garraioaren arloko eztabaidak.

Hirugarrenik, Unai Belintxonek errepideko garraioari buruzko 2020ko uztailaren 15eko 2020/1055 Erregelamendua aztertzen du, bai eta errepideko kabotaje-garraioen gainean izaten ahal duen proiekzioa ere (herrialde berean egiten direnak, mugak zeharkatu gabe, baina atzerriko garraio-enpresa batek egiten dituenak), bai Europar Batasunean, bai hogeita zazpi estatu kideen eta Erresuma Batuaren artean.

Monografia amaitzeko, ekintza zuzena deiturikoaren aplikazioa aztertzen du. Tresna horren bidez kontratugile zuzenari ez ezik hasierako eskatzaileari ere (hasieran bidalketa eskatu zuen pertsona edo enpresa) zuzenean eskatzen ahal diote salgaiak garraiatzen dituzten garraiolariek beren zerbitzuengatik jaso ez duten ordaina. Ekintza zuzen hori ez dago aurreikusita CMR hitzarmenean, zeina nazioarteko hitzarmen bat baita herrialde sinatzaileen artean salgaiak errepidez garraiatzeko arauak ezartzen dituena. Beste inongo nazioarteko arauditan ez dago aurreikusita.

 

Egilearen biografia laburra

Unai Belintxon NUPeko Nazioarteko Zuzenbide pribatuko irakasle titularra Zuzenbidean lizentziaduna eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Deustoko Unibertsitateko Enpresaren Zuzenbideko Masterra egin zuen. Bere ikerketa-jardueraren jomuga nagusiki Europako eta nazioarteko errepideko garraioaren zuzenbidea izan da, salgai eta bidaiarien modalitateetan, Europako eta nazioarteko kirolaren zuzenbidea, nazioarteko itsas garraioaren zuzenbidea, nazioarteko merkataritzaren zuzenbidea, eta giza eskubideak eta nazioarteko negozioak.

Ikerketa-egonaldiak egin ditu erakunde hauetan: Lausanako ISDCn (Zuzenbide Konparatuko Suitzar Institutua) eta UNIDROITen (Zuzenbide Pribatua Bateratzeko Nazioarteko Institutua), Erroman egoitza duen gobernuarteko erakunde independente batean. Horretaz gainera, “Revista de Derecho del Transporte Terrestre, Marítimo, Aéreo y Multimodal” eta “Revista Electrónica de Estudios Internacionales” aldizkarien kolaboratzailea eta ebaluatzailea da, bai eta beste batzuen artean “Anuario de Derecho Internacional Privado” (AEDIPr) aldizkariarena ere.

 

Argazkia: Unai Belintxon, NUPeko irakaslea eta EBko errepideko nazioarteko garraioari buruzko liburuaren egilea.

 

 

 

[1] https://tienda.aranzadilaley.es/p/libros-nuevas-realidades-normativas-y-retos-actuales-del-derecho-del-transporte-internacional-por-carretera-1-ed