Duela mende bat, Mussolinik Antonio Gramsci giltzapean hartu zuen, “garun hark funtziona zezan galarazteko”. Orain, 100 urte beranduago, Meloniren gobernuak Marx eta Gramsci filosofiako ikasgaiko gaitegitik desagerrarazi ditu. Paradoxikoa bada ere, ez zait otutzen erreferente marxista italiarraren kontzeptu nagusia, hegemonia kulturalarena, azaleratzeko modu hoberik: klase dominatzaileak, bere boterea ezartzeko, koertzioaz gain gizarte-adostasuna ere baliatzen du, “zentzu komun” bezala ulertzen dugun mundu-ikuskera jakin bat hegemonizatuz. Horretarako, esan beharrik ez dago historiako pasarteak omititu, desitxuratu edo faltsutzeko beldurrik ez duela, batez ere proletalgo iraultzailearen eskutik etorritakoak.
Ez da azken aldian jasotako gisa honetako albiste bakarra; udazken honetan bertan, AEBetako Floridako estatuan, antikomunismo klaseak ezarri dituzte. Komunismoa ideologia zital eta proiektu hiltzaile gisa aurkeztu nahi dute, kapitalismoa aurrekaririk gabeko krisi sakonean sartu den honetan gazteriaren artean sozialismoaren aldeko ideiak heda ez daitezen. Neurri horren esplizituek atentzioa ematen digute eta alerta pizten dute gure artean, jakina; baina ezin dut saihestu galdetzea: ustez antikomunismoaren ikasgairik izan ez bagenuen ere, gutako zenbatek landu genuen marxismoa ganoraz eskolan, bada? Zenbati aipatu ziguten Gramsci?
Modu agerikoan edo disimulatuagoan, burgesiak kontrolpean dituen instituzioak baliatzen ditu dominazioa sendotzeko. Eta langileriaren heziketan zein zentzu komunaren eraikuntzan esku hartzeko instituzio funtsezkoetakoa hezkuntza sistema kapitalista du. Gutxi hitz egiten da honetaz, baina burgesiak etengabeko ahaleginean dihardu instituzio honen baitan langileriaren gaitasun politikoak mutilatzeko eta proletalgoa erreferenterik, historiarik, norabiderik gabe uzteko. Horrekin batera, gizarte-antolaketa kapitalista naturalizatzeko, onberatzat eta eraginkortzat saltzeko matraka ederra sustatzen da. Baita gurean ere. Horrexegatik, hezkuntza hegemoniaren gudu-zelaiko borroka-esparru bat gehiago da, etengabeko tentsioan dagoena eta komunistok uko egin ezin dioguna.
Krisi kapitalista mundu mailako proletalgoa estutzen ari da, eta dena azkar aldatzen dela dirudi; dena, burgesiaren dominazioa izan ezik. Klase-tresna guztiak beharko ditugu eginbehar historikoa burutzeko; ardura osoz hartu behar dugu gure klasearen heziketa politikoa, horretarako ditugun aukera guztiak baliatuz: bai langileria osoak urte luzez jasotzen duen heziketa formalaren esparrua, baina baita langileon antolakuntza independentetik sortutako espazio propioak ere: antolakuntza espazioak, Herri Unibertsitatea, mintegiak, eztabaida-saioak, irakurketa-taldeak, jardunaldiak eta beste hamaika adibide, langileon heziketa politikorako berebiziko garrantzia dutenak. Gramsciren hitzak gogora ekarriz:
Ikasi ezazue, gure adimen osoaren beharra izango baitugu. Mugi zaitezte, gure gogo guztia beharko baitugu. Antola zaitezte, gure indar guztia beharko baitugu.
Iturria:
https://gedar.eus/ikuspuntua/hegemoniaren-gudu-zelaia
https://gedar.eus/etiketa/hezkuntza
