Alexander Mercouris abokatu britainiarra eta Glenn Diesen akademiko norvegiarra ditugu solaskide gaurkoan. Mercouris, analista gisa, ospetsua da geopolitikoaren arloan.
—————————————–
G.D. Vladimir Putinek dagoeneko ez du iaz bezainbeste hitz egiten diplomaziaz. Putin berri baten aurrean al gaude?
A.M. Putin berria da. Valdai-ko bere egoitzaren aurka droneekin egin zioten erasoa jende askok hilketa saiakera bezala interpretatu zuen. Erasoaren aurretik Zelenskik egindako adierazpenek ideia hori indartu zuten. Gero, Mendebaldeak droneekin eta misilekin Errusiaren aurka egindako erasoek areagotu egin zuten uste hori. Orain Putin garaipenean zentratuta dago bete-betean. Iazkoa baino askoz Putin gogorragoa da hau.
G.D. Badirudi Europako buruzagiak gerrarako prestatzen ari direla eta Trump berriz ere Ukrainara begira dagoela.
A.M. Duela gutxi Errusian izan nintzen eta adostasun handia aurkitu nuen gerra hau Errusia eta Mendebaldearen artekoa dela baloratzean. Errusiak bere burua defendatuko duela eta horretarako baliabide egokiak dituela ziurtatu zuen Vladimir Putinek. Droneekin behin eta berriz egiten ari zaizkien erasoek Errusiako jende gehiena gerrarako prestatu behar dela konbentzitu dute.
G.D. Nik Moskuri aholkuren bat eman beharko banio, Oreshnik-en armategia indartzeko esanen nioke eta munizio asko prestatzeko. Lehenik eta behin gogor jotzeko aholkatuko nioke, ondoren bake-akordioren bat sinatuta atzera egin dezaten.
A.M. Errusiarrak gero eta garbiago ikusten ari dira Mendebaldeari aurre egin behar diotela, azken hauek gerra egiteko beldurra galdu egin baitute. Ni Erresuma Batuan bizi naiz eta gerrari buruzko erretorika izugarria da. Eta kezkagarria, berriz, Errusiaren aurkako gerraren aurkako herritarren oposizio falta. Errusiarrek gerra gertu dagoela ikusten dute eta horretarako prestatzen hasiak dira. Sergei Karaganovek denbora darama Mendebaldeari dagoeneko galdua duen gerraren beldurra itzuli beharraz hitz egiten. Errusiako lidergoko gero eta kide gehiago bat datoz bere iritziekin. Errusian orain ez dute interesik diplomazian.
G.D. Gerra NATOk abiatu zuen 2014an, eta badirudi nola amaituko den ere berak erabaki lezakeela.
A.M. Zalantza da Ukrainan irabaztea nahikoa izanen ote den Mendebaldeari disuasioa berrezartzeko. Vladimir Putinen jarrera hori dela uste dut. Baina disuasioa berrezartzeko jarrera gogorragoa behar dela zabaltzen ari da. Karaganov irakaslearen hitzetan oinarrituz, Mendebaldeari beldurra itzuliko dioten gauzak egiten hasi behar dela dioena.
G.D. Europan derrigorrezkoa da Ukraina irabazten ari denaren itxura egitea. Norbaitek Ukraina galtzailetzat jotzen badu, errusiaren aldekoa dela esan eta ospe txarra jarriko diote. Gorpuen trukaketetan, borrokan hildako 1.000 ukrainar bakoitzeko 50 errusiar inguru daude, baina ukrainarrak beren lurraldea berreskuratzen ari direla esaten zaigu. Jendea haserretu egiten da hori argudio errusiarra dela esanez, nahiz eta inork ez dituen zifrak eta gertakariak zalantzan jartzen. Oso zaila da Europan zentzuzko elkarrizketak izatea.
A.M. Jendeak ez dio errealitateari aurre egin nahi. Eta droneak ukrainarrei iniziatiba itzuliko dien mirarizko arma direla dioen narratiba, gerrak jarrai dezan nahi duen jendearen leloa da. Eta horrekin guri porrota ziurtatu besterik ez digute egiten. Eta, noski, ustez defendatzen ari garen Ukrainarentzat are tamalgarriagoa da hau. Benetan, izugarria.
G.D. Horrexegatik ez digute sekula argitzen Ukrainari laguntzeko kontzeptua zer den egiatan. Kontzeptu horrek zer esan nahi duen sakontzen saiatzen bazara, gertatzen da beste alde batera begiratu behar duzula gizonen erreklutamendu basatia dagoenean. Diplomaziari boikota egitea ere babestu behar duzu, ukrainar gehienek berehalako negoziazioak nahi dituzten arren.
A.M. Gerra honek Irakaspen handia utzi digu: errusiarrek beti dituzte baliabideak, irudimena eta borondatea irtenbideak aurkitzeko. Kontua ez da errusiarrei mina eragiten ari ote garen. Ari gara. Galdera da hori nahikoa ote den errusiarrek gerrari uko egiteko ala beraiek guztiz bestelako zerbait eraginen ote diguten, hau da, guretzat hain mesedegarria izanen ez den emaitza. Bigarrena esanen nuke, zalantzarik gabe. Eraso hauekin azkenean gure bizitzak okertu eginen ditugu eta are gehiago ukrainarrenak. Bestalde, potentzia nuklear bat etengabe probokatzea ez da inoiz ideia ona izan. Gerra Hotzaren garaian, ez dut gogoratzen egoera bakar bat ere bi blokeetako batek bestearen kontra halako erasoak egin zituenik. Orain denbora guztian egiten ari gara, Errusia bezalako superpotentzia behin eta berriz kolpatu dezakegula eta erantzunik jaso gabe gera gaitezkeela uste izanik. Gainera, ez dugu kontutan hartzen Vladimir Putin ari zaiola eusten Errusiaren erantzun gogorrari. Putinengatik ez balitz, Europa askoz ere leku arriskutsuagoa izanen litzateke gaur egun.
G.D. Horregatik da harrigarria Vladimir Putin baztertzen hainbesteko presa izatea. Europako beste ezein liderrek ez duen babesa du presidente honek. Baina, hala ere, Putin ordezkatuz errendizioa lortuko dutela uste dute. Erokeria iruditzen zait.
A.M. Beno, orain Finlandiako presidentea bezalako jendea duzu gerra irabazteko modu bakarra errusiar gehiago hiltzea dela esanez. Eta alemaniarrak, Errusiaren aurkako kanpainaren buru izan nahian. Europarrek Errusiarekin hitz egin gabe jarraitzen dute. Nola uler daiteke Europan gertatzen ari dena? Egia esan, dagoeneko ez dut neure gizartea ezagutzen. Oso leku desatsegina bihurtu da, oso zaila bihurtu baita gai hauetaz hitz egitea. Eta sano-sano garatu beharko liratekeen eztabaidak ez direla inoiz gertatzen. Horretantxe datza etengabeko eskalada hau gertatzeko arrazoietako bat. Norbait munduko potentzia nuklear boteretsuenaren aurka misilak jaurtitzeko ideia zalantzan jartzera ausartzen bada, Putinen argudio bat errepikatzen ari zarela esan eta Errusiaren alde egotea leporatuko dizute. Gainera, oraintxe arazoa ez da guk errusiarrekin ez hitz egitea, gure artean zentzuz ezin dugula hitz egin baizik. Hori da benetako arazoa.
G.D. Beti pentsatu izan dut horrelako gatazka batean eztabaida arrazionala izanen genuela eta erabaki arrazionalak hartuko genituela. Eta inoiz ez genuela izanen boterearen banaketa berri bat baino gerra nahiago duen klase politikorik. Arrazionaltasun faltak dezente harritzen nau.
A.M. Krisi handi bat gertatzen ez bada, edo bi aldeetako baten benetako porrota, oso zaila da honi amaiera aurreikusten. Europan gerraren aurkako jarrera oso ongi antolatuta ez dagoen arren, eta oso argi adierazten ez den arren, hor dagoela esanen nuke. Alemanian, adibidez, ia ezinezkoa egiten zaie Errusiaren aurka borrokatzeko armadan izena emateko prest dagoen jendea aurkitzea. 200.000 gazte gonbidatu zuten eta 500ek bakarrik esan zuten baietz. Erresuma Batuan armadaren erreklutamendu tasa behera egiten ari da. Beraz, Europako herrien artean ez dago errusiarren aurkako gerra honetan inplikatzeko gogo handirik. Baina lider politikoek elkarrizketa eta eztabaida itxi egin dituzte. Horregatik entzuten zaizkie izugarrizko inkoherentziak beren argudioetan, hala nola errusiarrak oso boteretsuak eta arriskutsuak direla eta, aldi berean, gerra galtzen ari direla Ukrainan. Europan dagoeneko eztabaidarik ez dagoelako gertatzen da hori.
G.D. Jende askok ziurtzat jotzen du gerra amai litekeela Europako buruzagiak hautestontzietan garaituak direnean.
A.M. Ni bizi naizen Britainia Handian oraingoz ez dago lehen ministro berriak politika aldatuko duen seinalerik. Ia inoiz ez da aipatzen azken lau lehen ministroek dimisioa aurkeztu behar izan dutela Ukrainako gatazkagatik eta Erresuma Batua gatazka horren ondorioz jasaten ari den kostu ekonomiko handiagatik. Lehen ministro batek beste bat ordezkatzen du eta Errusiarekiko egoerari buruzko politika berbera mantentzen du. Beraz, egoera ekonomikoak okerrera egiten jarraitzen du. Herritarrek bizkar ematen diote, baina sistema politikoak gauza bera egiten duen beste pertsona bat ipintzen du, errotazioak jarraitu egiten du eta egoera gero eta okerragora doa. Beldur naiz hori ez ote den arazoa Europa osoan. Baina oposizioa badago. Sortzen den arazoa zera da: elite politikoek beren bidea zalantzan jartzen duen edonor errusiarren lagun eta traidoretzat hartzen dutela eta erreparorik gabe jokatzen dutela alternatibak defendatzen dituztenen aurka.
https://www.youtube.com/watch?v=llgLvstXr3o
joan mari beloki kortexarena
2026-07-04