LEINU-ARTEKO ISTILU DIPLOMATIKOAK, NEANDERTALEN IKUSPEGITIK

Esandakoa. Lurralde ezezagun hartako irudiak ikusi ondoren, “Ukraina” izena omen du, erabaki irmoa hartu genuen. Halakorik ezin zela gertatu gure artean; aspalditik ditugu hemen ere leinu-arteko tentsio-guneak, Arrotzen eta Gure leinuen arteko ezinikusiak eta gatazkak, gauza bat edo beste bat dela-eta. Antzinako zaurien oihartzunek ere hortxe dirau barren-barrenean. Beti izan ohi dira istiluak etorri berrien eta bertakoen artean, zergatik edo hargatik. Horixe diote gure amama-aitonek. Baina ezin dugu onartu oraintxe berton lurralde ezezagun hartan gertatzen ari dena. Horrelakorik gerta aurretik, aurreikusi eta neurriak hartu beharra daukagu.

Zuon lurralde ezezagunetatik gure paraje hauetan hotzetik babestera etorri zinetenean, laguntza eman genizuen. Hori da gure amonek kontatzen digutena, bederen. Itxura penagarrian iritsi zinetela, alderrai,  gure parajeetako koba eta harpeetara. Eta ezin ahal izango zenutela hemengora egokitu gure laguntzarik gabe. Ordudanik urte eta ilargialdi asko igaro dira, eta denetarik izan dugu gure harremanen historian, bai bakealdiak, baita tenka eta gerrak ere.

Batik bat gizonezkoak zarete, gainera, borroka eta gerretara lerratuak, guk umeak zaintzen eta hazten ditugun bitartean koba atarietan, gure lagunekin solasean, nahiz erritoak eta zeremoniak prestatzen eta kobetako barne-instalazioak hornitzen, paretak margotzen eta abar. Gero bai, gizonezko nahiz emakumezkook joaten gara elikadura bilketara gure umeekin. Eta ehizaldia bat gertatzean, geuk ere hartzen dinagu parte, jakina, denok dakizuenez. Abilak gaitun lantza-jaurtiketan eta animalia nagusien sarekadatan.

Bada, hemen gara orain bilduta batzuok eta besteok. Derrigorrez batu beharra dugulako elkarrekin, egungo erronkei aurre egin nahi baldin badugu. Zuok ere harrituta eta kezkatuta irten zineten iluntze hartako Izpiritu Saio hartatik, txit bistan zegoen zuen aurpegietan. Orain ez dakigu hango sarraski hark zer segida izanen duen, baina seguru gerren ondoren hamaika miseria izango dutela. Orduan, gogoratuko zaretenez, erabaki irmoa hartu genuen, esan bezala. Eta esperotakoa zenez, lehen arazoak eta tenka-guneak gertatu berri dira gure artean. Halakoei, ahoz ahoko hizkeran, “istilu diplomatikoak” deritze.

Halako arazoak izatea normaltzat jo behar dugu, espero izatekoak direlako hasiera-hasieratik, esan bezala. Orain bakoitzak bere ikuspegia azaltzea dauka. Hi, Hin, “Indarra”, Arrotzen leinukoen eledun zaren hori, heure leinukoon azalpena emango duzu, bai?. Gure aldetik, neuk azalduko dinat gure leinukoen ikuspuntua. Has deitzen didate, “Arnasa”.

Bada, hona hemen gure helegitea: lehenik, denok dakigunez, ahoskera modu oso desberdinak ditugu. Zuon ahoskera, gehienbat eztarrizkoa, oso latza da gure jendearentzat: itotzear sentitzen gara; gure ahoskera gehienbat txistukari eta mihi-gainekoa da, dakizuenez, zuenaren ezin kontrakoagoa. Orduan, eskola bateratuak antolatzen hasi garenez, lehen arazoak sortu dira gure umeen arteko hezkuntzan. Bakoitzak geure ama-hizkuntzaren ahoskera dugunez, hori zehazki kontutan hartzekoa dela uste dugu, Hezkuntza Programazio berrian.

Gure leinukoen ikuspegia zera da: Arrotzon ahoskerari lar protagonismo ematen diola egungo Programazioak. Desoreka bat dagoela elebitasun mailan. Gure ikuskeraren arabera, zuon protagonismo hori jasangaitza izanen da guretzat epe luzera, gure amonek ere diotenez. Eta gure leinukook gauza bat argi badaukagu, zera da, hain zuzen: gure lurralde honetan geure nortasun propioa behar dugula, geure pentsaera eta ohiturak, jai-ospakizunak eta memoria propioa.

Beraz, gure historiaren memoriaren izenean gatozkizue, lehenbizi, hurrengo eskakizun hauek azaltzera: 1) Hezkuntza Programazioan oreka egokia ematea bi ahoskera desberdin horiei, ordu-ratio zehatz bat esleituz. Item, 2) Hizkuntza-edukiei buruz ere, bakoitzaren edukiak ziurtatzea ordu-ratio zehatz baten arabera. Oso garrantzitsua baiteritzogu ahoskera eta hizkuntza ez programatzeari asignatura huts gisa, baizik eta jentilitate bakoitzak duen Historia, Kultura eta Pentsaera altxorra transmititzeari. Azkenez, 3) Hezkuntza nahiz Hizkuntza Programatzaileen taldea anizkorra izatea, eragile guztiok parte hartuz, bai irakasle zein ikaslek, baita ama garenok ere, jakina.