Sapere aude
Zer dira idazleak sortzaileak ez badira? Zer poetak, hitzen margolariak ez badira? Zer itzultzaileak, hizkuntzen itsasoak gurutzatzen dituzten arraunlariak ez badira? Hitzak, txoriak izaki, hegalariak dira. Kaiolan sartuta ere abesteko gaitasuna dute, ez ordea urrutira iristeko ahalmena. Hitzek aske behar dute, bizi eta libre. Libre bizi. Politikakeriaren eguzki-printzek jaretasunaren hegalen argizaria urtu ohi dute, hitzaren berezko esanahi xaloa, oinarrizkoa, jatorrizkoa, asmo txarrik gabea desegin, eta amildegian behera erorarazi arte.
Gogora dezagun, bada, afera horri dagokiolarik, poeta hitzaren bilakaera historikoa. Lehen-lehenik, kultismo bat dela aipatu behar dugu, latinetik euskarara batere aldatu ez den hitz bat, alegia. Jarraian, latineko ikasturteren bat egin duenari ezagun egingo zaiolakoan, lehenengo deklinabidekoa dela gogorarazi, -a -ae hondarkia duten izen guztiak bezala. Eta, azkenik, salbuespen bat dela.
Azal dezagun motzean azken berezitasun horren zergatia. Lehenengo deklinabideko izenak femeninoak dira (gogoratu rosa, rosae), honako izen multzo hauek izan ezik: ibaien izenak, jentilizioak eta ogibideak. Hortaz, Garumna (Garona ibaia), caelicola (zeruko biztanlea) eta poeta, hurrenez hurren, maskulinoak dira, salbuespenak diren heinean.
Gera gaitezen orain azken puntuan: lanbideenetan. Lehendabiziko deklinabideko ogibideak, edo beste era batera esanda, -a -ae desinentziadun bizibideak, maskulinoak ziren, gramatikarien esanetan, gizonezkioei zegozkien lanbideak zirelako. Beraz, agricola, nauta eta poeta maskulinoak ziren, nekazariak, marinelak eta poetak gizonak izan ohi zirelako.
Antzinako poeta grekoentzat, aldiz, genero bakoitzarentzat hitz desberdinak zituzten: poietés, gizonezko poeta; poietria, emakumezkoa. Sortzaileak, azken beltzean, biak ala biak, poiesis egiten zutenak.
Goazen mende batzuk aurrera. Gaztelaniazko poetisa hitza, lehenbizikoz, CORDE (Corpus Diacrónico del Español) izenekoan dokumentatu zen, 1508. urtean. Hain justu ere, Safo eta Erina emakumezko poeta grekoak aipatzerakoan. Bost mende beranduago, poetisa hitzari gutxiespen-zentzua gaineratu zioten batzuek. Manuel Secoren Diccionario de dudas de la lengua española hiztegiaren arabera, poesia ontzen duten emakumezkoen itxurakeria gogorarazten duen hitza da, eta emakume horietakoren bat goraipatu behar denean, poeta hitza erabiltzen da. Hitzaren estigmatizazioa poetisatzat hartu izan diren hainbat emakumeren ustezko zaletasunak eragin zuen, hau da, profesionaltzat hartzen ez zirelako; erabat konnotazio itxuratiz betea.
Misoginiaz blaitutako hitza, hortaz.
Beste hainbat hizkuntza erromantzeetan ere genero bereizketa egiten da: poétesse, frantsesez; poetessa, italieraz; poetessa, katalanez; poetisa, galegoz; poetisa, portugesez.
Jo dezagun, bada, orain, gramatika-genero bereizketarik egiten ez duen hizkuntza ez erromanikora: euskarara. Zorionez, euskarak ez du beharrik emakumezko eta gizonezko poemagileen artean bereizketarik egiteko. Eta hizkuntza guztietan hala beharko luke. Eta bereizketa egiten denean, gutxiespen eta mespretxurik gabe egin beharko litzateke, desberdintasunik gabe.
Baina, zenbait kasutan, poeta emakumezkoa dela zehazteko bi hitzez osatutako esamoldea erabili beharrak, ez dio mesederik egiten, batez ere, andrazko sortzaileari. Kaleratu berri dudan Poetandreak literatura greko-latindarrean (Balea Zuria) antologia poetikoaren izenburuan hautu bat egin nuen hasieratik. Ez nuen nahi bi hitzez osatutako esamolderik, hainbat arrazoi medio. Batetik, bi hitz bereiz idazteak aparte doazen bi baldintza islatzen dituela iruditzen zaidalako, eta emakumezkoa eta poeta pertsona bat eta bera delako. Eta, bestetik, izenburu ortodoxo, gramatikalki egoki eta akademikoki zuzenari irakurlegoa murrizteko aukera aurreikusten niolako. Finean, poiesis tanta batzuk bota nahi izan dizkiodalako sorkuntzatik ere baduen itzulpen lanari.
Ondorioz, poetandrea sortu nuen. Funtsean, antologiako poeta guzti-guztiak emakumezkoak zirela adierazteko premiak jota. Poeta eta andrea izate bereizezinak direlako.
Neuk asmatutako hitzak, halaber, trikimailutik ere badu. Hitzak jolasteko ere badirelako. Zertarako, osterantzean, poetak? Hona hemen, bada, azalpena: grekoz aner, andrós hitzak “gizona” esan nahi du. Orduan, poetandre terminoak hiru osagai biltzen ditu, liburuaren funtsa mukuru betetzen duelarik: latina eta grekoa, emakumea eta gizona, denak batera poesiaren lokarriarekin lotuta. Horiek horrela, zantzu androginoa duen hitza dela baiezta dezakegu.
Amaitzeko, azken helburua zorionik gorena lortzea denez, genero bereizketarik egin beharko ez litzatekeen mundu batekin amestuko dugu, poeta esan, eta gizona edo emakumea den zehaztu beharrik ez izatearekin. Oraingo hauek urratsak besterik ez dira, bidean aurrera egiten laguntzen duten esperantzazko pausoak. Nebrijak, Cervantesek eta Lope de Vegak, besteak beste, poeta hitza erabiltzen zuten emakume eta gizonen artean bereizi gabe. Dena den, bereizi beharra dagoenetan, ordea, goza dezagun hitza (edozein hitz) misoginiazko edo amorruzko nahiz arbuiozko tolesturarik gabe erabiltzeko askatasunaz, poesiaz bezainbeste, sortzailearen generoak irakurketa bereizgarririk egitera eraman gabe.
MAITE LOPEZ LAS HERAS