LARA BOU FAKHREDDINE

 

NUPen defendatutako tesi batek aztergai izan du zer eragin duten elikagaiak erosteko erabakietan produktuak osasunerako erakargarri bihurtzeko mezuek eta nutrizio etiketek

Lara Bou Fakhreddineren ikerketaren ardatza oliba-olioa izan da, baina pandemiak kontsumitzaileen jarreretan izan duen eragina ere aztertu du

 

Lara Bou Fakhreddinek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen tesian aztertu du zer eragin ote duten oliba-olioa erosi ala ez erabakitzean produktuak osasunerako erakargarri bihurtzeko mezuek eta nutrizio etiketetako informazioak. Ikerketa horretan, zuzendari lanetan aritu dira Mercedes Sánchez García Enpresen Kudeaketa Saileko katedradun eta IS-FOOD institutuko kidea eta Marian García Martínez Kenteko Unibertsitateko katedraduna. NUPeko doktore berriak, halaber, COVID-19aren pandemiak espainiar estatuko, Erresuma Batuko, Txileko eta Estatu Batuetako kontsumitzaileen jarreretan izan duen eragina aztertu du tesian.

Ikerketan ikus daitekeenez, kontsumitzaileek hartzen dituzten erosketa-erabakietan eta nutrizio etiketei buruz dituzten jarreretan eragina duten faktoreak konplexuak dira, eta hainbat faktoreren mende daude. Ikertzaileak tesian ondorioztatu duenez, haietan eragina dute bai kontsumitzailearen testuinguruak, baita produktuen ezaugarriek ere. Ildo horretan, tesiak zenbait datu ematen ditu, lagungarri izan daitezkeenak ulertzeko elikagai produktuen etiketak nola egokitzen ahal diren kontsumitzaileen behar eta lehentasunetara. Haien bidez, lanak ekarpena egiten dio kontsumitzaileen portaerari buruzko ikerkuntzari.

Aipatutako faktoreak aztertzeko, Lara Bou Fakhreddinek lau ikerketa enpiriko egin ditu. Lehenbizikoan ondorioztatu du inguruabar pertsonal batzuek eragina dutela erosketak egiteko erabakietan, esate baterako, osasunaren garrantziari buruzko kontzientzia izateak edo etiketa nutrizionalak ulertzeak, baina bestelako faktore batzuk ere badaudela tartean, produktuaren prezioa eta aurkezpena, adibidez. Hala eta guztiz ere, frogatu da COVID-19aren pandemiaren garaian lehen biek izan zutela eraginik handiena.

Bigarren ikerketan, aldiz, aztertu du kontsumitzaileek osasunari loturiko mezu erakargarriekin interesa izateak zer lotura duen produktuengatik gehiago ordaintzeko prest egotearekin. Ondorioztatu duenez, oliba-olioaren kasuan, kontsumitzaileak prest daude prezio altuagoa ordaintzeko osasunari loturiko mezu positibo horietan interes handiagoa badute.

Hirugarren ikerketan Bou Fakhreddinek Twitter sare sozialeko datuak erabili ditu aztertzeko osasun krisiko egoeretan (hala nola COVID-19arenean) zer eragin duten besteak beste kontsumitzaileen ezaugarriek eta testuinguruak, faktore ekonomikoak eta eta jarduera fisikoa barne, elikagaien segurtasunari loturiko sentimenduak adierazteko moduan. Horrela, tesiak ondorioztatu du koronabirus kasuek elikadura-ohitura osasungarriak dituzten herritarren artean sentimendu ez-positiboak areagotu zituztela.

Azkenik, laugarren ikerketan, konbinatu egin ditu produktuak osasunerako erakargarri bihurtzen dituzten mezuak eta produktuen ezaugarri sentsorialak (zaporea, usaina, etab.), eta horrek guztiak erosketa-erabakietan zer eragin duen ikertu du. Ikerketaren arabera, produktuek osasunerako positiboak direla adierazteko mezuak badituzte, kontsumitzaileek ezaugarri sentsorial horien kalifikazio positiboagoa egiten dute.

 

Lara Bou Fakhreddineren CV laburra

Lara Bou Fakhreddine Biologian graduatu zen Lebanese Universityn (Hadath, Libano), eta bertan egin zuen Nutrizioko eta Dietetikako masterra ere. NUPen egin du doktoretza-tesia, Campus Iberus unibertsitateen partzuergoko talentua erakartzeko “Iberus Talent” deialdiari esker. NUPek eta Europar Batasunak batera finantzatutako ekimena da (Marie Sklodowska-Curie programaren barruan, zeinak ikertzaileek prestakuntza jasotzeko eta mugikortasun egonaldiak egiteko hainbat ekintza biltzen baititu). Deialdi horri esker, halaber, NUPeko doktore berriak ikerketa-egonaldia egin du Kenteko Unibertsitatean tesia egin bitartean (Erresuma Batua).

Lara Bou Fakhreddinek nazioarteko zazpi konferentziatan hartu du parte, baita zenbait mintegi eta prestakuntza-jardueratan ere, eta, bere tesiaren harira, bi ikerketa-artikulu ditu idatziak.

 

Argazkia: Lara Bou Fakhreddine, NUPen.